EH Bilduko legebiltzarkidea

Euskara, justizia da kontua

Josu Aztiria
2026ko uztailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskararen estatus juridikoa estrategikoki higatu eta ahuldu duten ehun epaitik gora ezagutu ditugu azken lau urteotan, enplegu publikoari, hizkuntza-irizpideei eta Udal Legeari lotuak, besteak beste. Gure hizkuntza nazionala gutxiagotzen eta bere egiturazko desberdintasuna naturalizatzen duten diskurtso eta praktikek aldaera berriekin eta kontakizun berrituekin datoz, baina muinean dagoen hizkuntza-ideologia ez da aldatu: hizkuntza batzuk beste batzuen gaineko nagusitasuna legitimatzen duen ideologia supremazista. Desofizializazio- eta erregresio-prozesu betean gaude; orain arte lortutako aurrerapenak gelditu eta etor daitezkeen hizkuntza-politika berriei mugak jarri nahi dizkiena, hain zuzen ere soziolinguistikoki egoera bereziki konplexua bizi dugun unean.

Testuinguru honetan, funtsezkoa da gertatzen ari dena ongi deskodetzea. EAEn azken berrogeita lau urtean garatu den hizkuntza-politikak—lorpenak izan dituena baina, era berean, garapen arauemaile aski eskasa, politika publikoetan anbizio gutxi eta ikuspegi neoliberala izan duena— eman du eman zezakeen guztia. Horregatik, gure hizkuntza nazionalak mende berri honetan behar dituen tresna politikoak eta arkitektura juridikoa ziurtatuko dizkion oinarri sozial eta politiko berriak eraikitzeko betebeharra eta ardura hartu dugu. Hori baita benetan gaur eta hemen dugun funtsezko eztabaida: XXI. mendean euskarari zer leku eman nahi diogun eta zer botere aitortu nahi diogun.

Desofizializazio- eta erregresio-prozesu betean gaude; orain arte lortutako aurrerapenak gelditu eta etor daitezkeen hizkuntza-politika berriei mugak jarri nahi dizkiena

Batzuek uste dute urrunegi joan garela. Haien ustez, zentzuzkoa da hizkuntza-eskubide batzuk bermatzea, euskarazko hezkuntza-lerroak eskaintzea edo administrazioa neurri batean euskalduntzea, baina betiere gaztelaniaren nagusitasuna zalantzan jartzen ez den bitartean. Euskarak aurrera egiteak ez du kezkarik sortzen estrukturalki gutxiagotua dagoen bitartean. Aitzitik, gizarteak eredu berdinzaleen alde egiten duenean, euskarak espazio berriak irabazten dituenean, bere ezagutza unibertsalizatu nahi denean eta jauzi kualitatibo bat emateko atxikimendua handitzen denean, orduan sortzen dira kontrakotasun erregresibo zaharberrituak.

Oldarraldi atzerakoiak indartu egiten dira euskarak kohesiorako hizkuntza eta nazio-komunitate eleaniztun, askotariko, urbano, digitalizatu eta gero eta konplexuago baten ardatz bihurtzeko nahiak indarra hartzen duenean. Hizkuntza-eskubideak zabaltzeko eta benetan bermatzeko borroka egiten denean azaleratzen dira beldurrak eta ikuspegi supremazistak, ez baitzuten espero euskal gizartearen bizindar komunitarioak euskara berdintasun handiagoko eszenatokietara eramateko gaitasunik izango zuenik.

Euskararen alorrean ere ez diogu gatazkari edo desadostasunari beldurrik izan behar. Aitzitik, gizarte plural ororen berezko osagaiak dira. Zer da, bestela, demokrazia, baldin eta ez bada komunitate berean elkarrekin bizi diren interes, balio eta mundu-ikuskera desberdinen arteko gatazkak kudeatzeko eta desadostasunak bideratzeko gaitasuna? Gainera, ulergarria ere bada espazio politiko batzuek asko aldatu den gizartera egokitzeko zailtasunak izatea. Alabaina, guztion esku dago erabakitzea euskararen etorkizuna berdintasunean, ekitatean eta justizian eraiki nahi dugun ala ez. Euskararen normalizazioa prozesu demokratizatzailea da eta justizia sozialaren aldeko borroka, eta, politika feministekin eta gizarte-politika aurreratuenetan egiten dugun bezala, desberdintasun egoera gainditzeko ekintza positiboen konpentsazio-marko bat eraiki behar dugu eta baliabide gehiago eman gehiago behar duenari.

Norbanakoen euskalduntzean oinarritutako eredutik eremuak eta espazioak euskalduntzera bideratutako konjunzio-eredura joan behar dugu; hautu indibidualak bermatzetik harago, euskara lehentasunezko eta erabilera normaleko hizkuntza izan dadin funtzio eta espazio sozial nagusietan. Euskara, horrela, gero eta eleaniztunagoa, konplexuagoa eta askotarikoagoa den komunitate baten kohesio-hizkuntza eta ardatz egituratzailea bihurtuz.

Euskararen ezagutza unibertsalizatzeak erabilerarako zorua eta baldintza errealak sortzen ditu, eta geure egiten dugu Kontseiluak proposatutako herri-erronka: hamar urtean 300.000 hiztun gehiago irabaztea. Espazio hegemonikoak sortzeak euskarari bere erreprodukzio sozialerako eta garapen normalerako behar duen oinarri materiala ematen dio, eta digitalizazioari anbizio handiz eta bizkortasunez ekiteak etorkizuneko gizarte-eremu aurreratuetan lekua irabaztea ahalbidetuko dio. Uste dugu gure jarduna bi oinarrik gidatu behar dutela: erregresiorik ezaren printzipio juridikoak eta ofizialak erabilera normaleko hizkuntzaren esanahi juridikoa duela, atzera ez egiteko eta euskaraz normaltasunez lan egingo duen administrazioa erdiesteko.

Bat egiten dut hainbat eremu instituzionaletan enpatiari eta emozio positiboei ematen zaien garrantziarekin; baina izan gaitezen serio: infantilizaziorik gabe, erantzukizun guztia hiztunengan utzi gabe eta pentsamendu magikorik gabe

Aldi berean, ezinbestekoa zaigu euskararen estatus juridiko eta politikoan jauzi kualitatiboa ematea, estatua duten hizkuntza-nazionalek dituzten botere eta tresna juridiko-politikoak izateko: soilik horrela burutu ahal izango dugu hizkuntza-politika berri bat, kanpoko esku-hartzerik gabe eta berme guztiekin.

Bat egiten dut hainbat eremu instituzionaletan enpatiari eta emozio positiboei ematen zaien garrantziarekin; baina izan gaitezen serio: infantilizaziorik gabe, erantzukizun guztia hiztunengan utzi gabe eta pentsamendu magikorik gabe. Katalanek esan ohi duten bezala, hizkuntza bat normalizatzen da erabilgarria eta beharrezkoa denean: Ăºtil i necessari.

Hizkuntza bat erabilgarria da haren erabilera errazten duten lehentasunezko eta nagusitasunezko espazioak dituenean, eta beharrezkoa da herritarrek haren balio instrumentala eta sinbolikoa aitortu eta barneratzen dutenean, eskubideak bermatzen eta betebeharrak ezartzen dituzten arau eta politika publikoen bidez. Eta, aldi berean, guztientzat irisgarria izan behar du, euskara ikasteko sarbide unibertsala bermatuko duten politiken bidez. Erabilgarria eta beharrezkoa, eta unibertsalki eskuragarria.

Elkarlanean jardun behar dugu, adimentsu, itxaropen aktiboz eta anbizio handiz. Guztion artean eraikitako azpiegitura komunitario eta instituzionalak; hamarkadetan metatutako jakintzak; bizi izan ditugun esperientziek; Korrika bezalako ekimen paregabeen indar emozionalak eta irradiatzaileak eta gure militantziaren bultzadak, denek indarra eman behar digute justiziazko eta egiazko berdintasunezko baldintzetan euskara hizkuntza irisgarria, bizia eta bizigarria izan dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA