Euskara, katalana eta 'Koiné' manifestua

2016ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Katalanak gure aurretik doaz hizkuntzaren normalizazio-prozesuan, eta interesgarria da jarraitzea hizkuntzari buruz dituzten eztabaidak. Egia da euskararen eta katalanaren egoera soziolinguistikoa ez dela bera. Wikipediaren arabera, Katalunian, biztanleriaren %97k ulertzen du katalana, %85ekhitz egin dezake katalanez eta %51k erabiltzen du katalana kalean. Gustatuko litzaiguke guri horrelako egoeran egotea! Gurean, %70ek ez du inoiz euskara erabiltzen eta %58k euskara ulertu ere ez du egiten. Hala eta guztiz ere, topa daitezke paralelismoak gure artean. Katalanak, gu bezala, kezkatuta daude euren hizkuntzaren etorkizunagatik, eta estrategien gaineko eztabaida piztu dute azken asteotan.

Hizkuntzaren gaia ezerosoa da gizarteko sektore batzuentzat, esate baterako, egungo egoera aldatu nahi ez duten eragileentzat, edo eztabaidak botoak galaraziko dizkiela uste duten alderdi politikoentzat. Baina benetako bizikidetza eta kohesio soziala lortu nahi bada, ezinbestekoa da eztabaidari heltzea. Koiné izeneko manifestuak eragin du azken debatea Katalunian. Aditu talde batek plazaratu du dokumentua, eta oihartzun handia izan du Kataluniako eta Espainiako komunikabideetan.

Manifestua kritikatu dutenen artean, bi erreakzio mota izan dira nagusi. Batetik, normalizazioaren aurka dauden piromanoek gasolina bota diote suari, eta arrazista, xenofobo, taliban eta baztertzaile moduko epitetoak erabilita, saihestu nahi izan dute eztabaida lasaia. Deigarria da gainerreakzioa. Ona da jakitea sektore batzuk oso urduri jartzen direla hizkuntzaren statu quo-a aldatu nahi denean. Tentuz ibiltzea komeni da.

Bestetik, katalanaren normalizazioaren alde dauden batzuek lasaitasunez kritikatu dute manifestua, eta zabaldu dituzten eztabaidak eta ideia batzuk kontuan hartzeko modukoak dira. Esate baterako, gogorarazi digute sinplifikazioak ez direla onak, errealitate soziala oso anitza eta konplexua dela. Erraza da aurkariaren karikatura egitea eta identifikazio faltsuak erabiltzea: adibidez, kanpotik etorritakoak =erdaldunak=euskararen aurkakoak. Errealitatea, ostera, korapilatsuagoa da: kanpotik etorritako batzuek ekarpenhandiak egin dizkiote bertako hizkuntzari eta bertako batzuek, ostera, kalte izugarriak eragin dizkiote. Bestalde, ikusi da arriskutsua dela historiaren idealizazioa egitea. Batzuetan, antzinako gizarte elebakar perfektu haren aldarria egiten da, baina izan al da horrelakorik inoiz? Azken mendeetako historiak erakusten digu euskara beti bizi izan dela beste hizkuntza batzuekin batera, baita gaztelania sortu aurretik ere. Katalanari antzera gertatu izan zaio. Edozein kasutan, ez dirudi etorkizun hurbilean gizarte elebakarrik egongo denik, ez Katalunian ez Euskal Herrian. Gero eta handiagoa da hizkuntzen arteko eragina, eta egoera horretara egokitutako estrategiak garatu beharko dira gure hizkuntza minorizatuek aurrera egin dezaten.

Eztabaiden gainetik, ematen du Katalunian adostasun zabala dagoela ideia batzuen gainean. Erronka handia da hizkuntzaren normalizazioa. Katalan hizkuntza, oraindik ere, gaztelaniaren mendeko da maila sozial eta politikoan. Egoera hori ez da berezkoa: historian zehar ahalegin handiak egon dira gaztelera inposatzeko eta katalana baztertzeko. Oraindik ere legeek gaztelania babesten dute gehiago katalana baino, eta egoera soziolinguistikoa gaztelaniaren aldekoa da. Katalanez hitz egitea markatuta dago eremu batzuetan, eta zailagoa egiten zaio hiztunari katalana erabiltzea gaztelaniaz egitea baino. Bestalde, katalana da Kataluniako berezko hizkuntza, eta katalan gehienek nahi dute gaztelaniaren pribilegioak galdu daitezen. Beraz, neurriak hartu nahi dituzte egungo egoera gainditzeko, eta katalana erabiltzea naturala, erakargarria eta beharrezkoa izateko. Nola? Politika inklusiboak eginez, aniztasuna errespetatuz eta katalan hizkuntzaren estatus legal berria katalan guztien artean erabakiz.

Aldeak alde, antzeko itxura dute Katalunian eta Euskal Herrian ditugun hizkuntza-erronkek. Ikas dezagun haien eskarmentutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.