Euskarak urte luzeetan ezaguturiko zapalkuntzaren ondorio larriak, frankismoaren errepresio itogarriak, baita gure hizkuntzarekiko erakutsi zuen jarrera erasokorrak ere, piztu zituzten herri honen euskaldungoaren kontzientzia eta oldarra. Eguneroko esperientziaren egoera larriak ardatz bilakaturik, «zerbait egin beharra» zegoela, alegia.
Oztopo ugari zirela tartean, debeku legalaz gain, euskaldun askoren hizkuntzarekiko mespretxua neurri handi batean barneraturik eta bitarteko urriak eta prestakuntza tekniko eskasa izan arren, herri osoaren etsaia zen frankismoari aurre egin zitzaion, eta euskararen aldeko borroka piztu zen.
Euskara hizkuntza nagusia bilakatu beharra zegoen, eta herri osoarena zen ondarea, herri osoaren esku jarri beharra zegoen, euskaraz biziko zen Euskal Herria osatuz.
Atzera begiraturik ikusten dugunarekin zintzo izanik, esan beharra dago neurriz kanpoko konfiantza azaldu genuela gure indarretan, bakoitzak bere ikuspegiaren arabera. Batzuk berriki eskuraturiko «autonomian», Estatutuari bai esanik dena konponduko zelakoan. Besteak herri mugimenduen ahalmenak horren ukazioaren arrazoia erakutsiko zuelakoan.
Gai honetaz argitu nahi nuke; ezin daitezke berdindu maila eta izaera desberdineko arazoak. Beraz, denok akatsak izan ditugula esateak ez gaitu eraman behar erantzukizun guztiak parekatzera.
Berriro hariari helduz, eta nahiz Lakuako bulegoetan sekula ez gustukoa izan, herri ekimenaren jarrera tinkoa izan da, eta da, euskarak emandako aurrerapauso guztien akuilua. Baina herri ekimena ez da aldarrikapen lanetara mugatu, etengabe euskaraz bizitzeko aukera berriak sortzeari ekin baitio.
Horretarako, batzuetan ezagutza bideratzen duten tresnak abian jarri, eta horien defentsa eta garapen etengabean aritu zen. Baita euskara erabiltzea posible egiten duen komunikabideak sortzen, kultur ekimenak sostengatzen, antolatzen eta abar luzean ere.
Hanka sartze epelak ere egin izan dira, eta, nire ustez, potoloena hau: euskaraz bizitzeak sortzen duen indarra eta batze ahalmena gutxietsiz, euskararen aldeko posizio ideologikoari gehiegizko garrantzia eman izana.
Baina bide anker honek etsai asko ditu. Zoritxarrez, aspaldian ematen ari den iruzur juridiko-politikoaz baliatuz, esan beharra dago, ozenki, euskararen sustapenaren alde baino aurkako jarduera instituzionalak ugariagoak direla gaur egun Euskal Herrian. Eta ez soilik gobernu baten edo bestearen aldetik, Euskal Herria zatikatu eta banaturik duten bi estatuaren aparatuen aldetik baizik. Hori begi bistakoa izanik, askotan ezin ikusia egiten den gertakizun garrantzitsua da. Zergatik ote?
Baina euskararen sustapenerako nolabaiteko ardura hartu duten instituzioen jokabidea gaur egun baztertu ezina da. Administrazio autonomiko horien (Iruñea-Gasteiz) arduradunek etsaitzat hartzen dute euskalduntze lanaren gidaritza euskaldungoak urteetako lanari esker sorturiko indar sozial antolatu oro.
Ondorioz, bide bikoitza ireki dute: eurek aukeratutakoaren kontrol estua eskuratzea edo, ezin izatekotan, zigorrarena. Euskara itotze ahalegin honen ondorioak erabat gaiztoak dira gure hizkuntzarentzat; batez ere, jarrera erasotzaile horien bultzatzaileek agintean jarraitzen badute.
Arrazoi garbia benetan politikoa da. Instituzioetatik at garatutako ekimen guztiak marka politiko zehatzaren jabe bilakatu dituzte, horretarako propio sortutako mezu gezurti bezain pozoitsua errepikatuz.
Inork ezin dezake kolokan jarri herri ekimenak asko egin duela, baina, hala ere, nahikoa ez, eta nekez egin daiteke gehiago neurriko tresnarik ez bada. Baina nahiz orain arte egindakoaren garrantzia onartu beharra dagoen, ezin uka daiteke euskaldunon jokabide praktikoak baldintzatuko duela gure hizkuntzaren etorkizuna
Baina gezurra behin eta berriro errepikatuz, ez da beti egia bilakatzen. Hona hemen nola, berrogei urte luzez, euskara politizatzen dugula entzun arren, gaur egun aski den Bizkaia telebistako berriak entzutea, euskara politikoki nortzuek erabiltzen duten jakiteko. Ez da gehiago beharrik.
Inork ezin dezake kolokan jarri herri ekimenak asko egin duela, baina, hala ere, nahikoa ez, eta nekez egin daiteke gehiago neurriko tresnarik ez bada. Baina nahiz orain arte egindakoaren garrantzia onartu beharra dagoen, ezin uka daiteke euskaldunon jokabide praktikoak baldintzatuko duela gure hizkuntzaren etorkizuna.
Nire ustez, euskara berreskuratzeko sor daitezken lege berrietara eta haien artikuluetara mugatzea, okerra izateaz gain, euskaldun zein erdaldunek egungo egoerarekiko duten erantzukizuna ahultzea litzateke.
Argi dago praktika izan beharko duela kontzientziaren eragileak. Kontzientzia hedatzea izan behar da praktika berri baten sostengua.
Legea-errealitatea dikotomia hori gaindituz, elkarri eragingo dioten katea sortu behar dela uste dut gaur egun euskarak ez duen etorkizuna bermatzeko.
Babes legalaren kontuan egoera gero eta larriagoa da, larritzen ari da. Euskal Herriko Iparraldean ia ezagutzarik gabe eta Hegoaldean gero eta gehiago diskriminaturik.
Agian denbora eskaserako nagusi direla jakinik, lasterka dabiltza, nola edo hala, euren arbasoen ametsak bete nahian. Horrelakoak dira milioika espainiar demokratak.
Euskal hiztunen jarrerak baldintzatuko du euskararen etorkizuna.