Euskara, gure ditxosozko gaia. Hala alaitasunera nola tristeziara gidatzen gaitu aldarrikapenen eta abestien bidez. Hamaika txosten idatzita izan dira hizkuntzaren bilakaera erakutsiz. Dozenaka dira euskara defendatzeko elkarretaratzeak eta ekitaldiak. Ehunka direla esango nuke geure lengoaia ahoan ipintzeko herriz herri, hiriz hiri egiten diren saiakerak. Euskara bizirik dago eta izugarria da pentsatzea gaur egunera nola ailegatu den, hainbeste zailtasunekin. Hain zuzen ere, bizi naizen herrian gero eta gehiago entzuten da euskara. Bestalde, kulturaren arloan izugarrizko edukia dugu. Horren harira, orain gutxi elkarrizketa batean zera entzun dut: «Orain dela hogei urte musika talde eta abesti berri guztiak jarraitzen nituen, baina orain jarraiezina egiten zait».
Alabaina, hau guztia ez da aski eta hazkundea poliki-poliki gertatzen ari da. Gainera, etorkizunak beldurtzen gaitu. Izan ere, aro berri batean guziz murgilduta gaude eta horrek izua zabal dezake: adimen artifiziala, bizitza birtuala, migrazio mugimenduak, besteak beste. Bileretan, zenbat aldiz errepikatua izan da hurrengo galdera: «Nola bultza dezakegu euskararen erabilera gure herrian?» Ene ustez sobera mugatuta gaude horri ekiteko, gure esku oso ehuneko txikia baitago. Baina ez gaizki ulertu, hori da egin dezakegun gutxiena eta beti parte hartuko dut. Kontua da batzuetan etsipena eta nekea nabariak direla, gehiago ezin dugulako egin.
Beraz, zer egin? Orain, pizkunde hitza taularatu egin da eta ongi da, baina ez nahiko. Adierazpenek —irakurtzen ari zaren iritzia bezalakoak— ez dute baliorik ekintzarik gabe. Horregatik, nik argi dut zer den euskarak behar duena, eta horren alde borrokatuko naiz: herrialde propioa, euskal nortasuna indartzeko eta benetako zazpi lurraldeen arteko sarea izateko. Are gehiago, hezkuntza sisteman Espainiako eta Frantziako mapa politikoa egon ez daitezen eta horren bidez euskara bizkarrezur bihurtzeko. Honela, Euskal Herrian existitzen diren ohiturak eta idiosinkrasiak ikasita izango dira txikitatik orain dauden muga administratiboak emeki desagerraraziz; Euskararen Errepublika, euskara osoki babesteko. Ez gaitezen engaina, orain ko-ofiziala edo ezer ez baita. Sabaiarekin egin dugu topo eta dela Frantziak, dela Espainiak apurrak besterik ez digute eskaintzen hizkuntzari eta lurralde antolaketari dagokienez. Epaileek ez dute zalantzarik: euskara kaiolan utzi behar da, eta etsipenez ikusten dugu hori albisteetan. Ildo honetan, argi eta garbi ikusten da arazoa: nahitaez Espainian edo Frantzian bizi gara; Independentzia, Frantziako eta Espainiako legeak alde batera uzteko, eta hala, tupina honetatik ateratzeko eta gure lege marko propioa ezartzeko. Orain duguna ez da batere serioa; etorri berriek —eta bertako batzuek— ez dute Euskal Herrira etortzen direla pentsatzen eta batzuek ez dakite euskara existitzen dela ere. Hori bai, arrazakeria ez da onartua izango, eta horrek barne hartzen ditu bai espainiarrak, bai frantsesak.
Egiazki, orain arte gela okerretara sartu gara, egitasmo pila bat sortu eta lan handia egin dugu. Ikasitako guztiarekin gure asmoa elikatuko dugu eta anbizioarekin lortuko dugu ate egokia zabaltzea. Horretarako, burujabetza izanen da giltza, eta hor barnean geure proiektua eraikiko dugu.
Amaitzeko, Durangon EHEk antolatutako manifestaziora joateko deialdia zabaldu nahi dut, eta hari musikal gisa, Aire ahizpen mintzoekin ezagutu nituen Xalbadorren hitzak, Nigarra begian kantuan: «Guk uste baino lehen jin daike eguna/ euskaldun deit gaitzaten nahiko duguna/ ehortzi duguneko lurpean hain barna/ euskaldun izaiteko gauza beharrena».