Patxi Zabaleta
Abokatua eta idazlea

Euskararen estrategia

2026ko apirilaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken garai hauetan eraberritu eta agian handitu egin da euskarak jasaten duen jazarpen edo zapalkuntza juridikoaren aurreko samintasun soziala eta ezinegona.

Orain dela hamarren bat urtetik honantz areagotu egin dira, batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) euskararen kontrako helegiteak eta sententzia mingarri bezain injustuak; bai, sententzia injustuak, giza eskubideen ikuspegitik begiratuta, nahiz eta ergel eta miserable juridiko batek baino gehiagok esango luketen ez dagoela sententzia injusturik, positibismo juridikoaren ikuspegitik begiratuta.

Gaur egun Hegoaldean euskararen kontrako jazarpena epaitegietan gauzatzen da batez ere, eta bereziki, CCOO eta UGT sindikatuen konplizitate lotsagarriarekin. Egia esan, azkeneko hamar urte hauetan EAEko epaitegietan —baina Espainiako Auzitegi Gorenaren eta Konstituzionalaren aterki juridikopean babestuta— atera dituzten sententzia injustuak ez dira gauza berria, baizik eta duela 45 urtez geroztik Nafarroan euskararen jazarpenean ateratzen ari diren sententzien jarraipena. Bilboko Auzitegi Nagusian Subijana jaunak eta enparauek azken urteotan kaleratu dituzten sententziak, Merino–Zalba, Galve-Saura eta konpainiak azken 45 urte hauetan egin dituztenen jarraipena dira.

Azken-azken egunotako bi adibide aipatzearren, EAEn 1.400 ertzainetik soilik lauri eskatu omen zaie euskarari buruzko trebakuntzaren bat. Jokabide hori genozidio kutsu edo mailakoa da, giza eskubideak hiritarrenak direlako. Espainolez ez dakien bat ez litzateke egokia ertzaina izateko eta euskaraz ez dakiten ertzainen eredua ez da sekula ekilibratua, orekatua eta gizartearekin egoki harremandua izanen. Beste adibidea Lizarra bezalako herri batean, %35ek euskaraz jakintza izanik, kulturako zerbitzuetarako euskara ez baloratzearena da. Euskara aintzat ez hartzearen argudioa, giza berdintasunaren kontra doala esanez, epaile izateko zuzenbidea jakitera behartzea ere giza berdintasunaren kontra doala ezartzea bezalatsu da.

Egoera honen aurrean samindura bereziak sortu eta nabari dira, baina Leninen eta Leninek baino lehenago beste hainbestek egindako galdera famatu hura daukagu aurrean, erronka bat bailitzan: Zer egin? Edo beste modu batera esanda, zein izan beharko luke euskara defendatzeko eta trataera duin batera eramateko estrategia?

Estrategia egoki eta eraginkor batek aldez aurretik helburuen zehaztapen ideologikoa edo politikoa behar du. Are gehiago; eztabaida ideologikoak izaten dira eraginkorrenak, iraunkorrenak eta horrexegatik, indartsuenak. Gaur egun euskararen alde idazten diren ehunka artikulu eta adierazpenetan beti samintasuna eta zapalkuntzaren salaketa agertzen dira, baina ez da egin beharko litzatekeen proposamen zehatzik ematen.

Helburu ideologiko eta politiko bezala eskakizun xume, argi eta tinko bat egin behar dela uste dut: euskarak izan behar du koofizialtasuna eta koofizialtasuna ulertu behar da hizkuntzen berdintasuna bezala maila guztietan. Eta hori non ezarri? Bada, zalantzarik gabe, argi eta garbi, eta zehaztasun juridiko osoz idatzita lege organikoa diren estatutuetan

Euskararen apologisten eta arerioen eztabaidek lau mende luze iraun zuten, Juan Madariaga historialariak bildu zuenez. Orduan hizkuntzaren izaera eta gaitasuna zeuden ezbaian, fisika kuantikoa erakusteko ere balio zuela azaldu zen arte. Geroztik, legezkotasuna da eztabaidagaia.

Gako ezberdin horiek gure hizkuntzaren defentsako historian ere ohikoak izan dira; geroago, Joan Mari Torrealdaik bere azterketa eskergan agintari eta administrazioek azkeneko 150 urte hauetan egindako gehiegikeriak biltzen ditu, batzuetan epaitegien jokabideen salbuespena eginez, nahiz eta Ordena Publikoko Tribunalak, TOPek, egin zituen ere bereak, liburuak sekuestratuz eta abar.

Joxe Arregik euskararen defentsako hiru ideologo aipatzen jarrita, Aresti, Krutwig eta Txillardegiren adibideak landu zituen, baina hiruren ala hiruren proposamen ideologikoak ezin litezke gaur egungo jokabide eragingarri edo funtzionala bezala kalifikatu. Euskararen inguruko erakunde eta elkarte herrikoiak, berriz, zaharkituak eta antzutuak edo ekimen gutxikoak gertatzen dira, bai Euskaltzaindiaren, Euskal Kontseiluaren eta antzekoen kasuan. Gauza jakina da autonomiaren aurretik eta/edo saihetsetik eraikitako antolakunde hauek ez luketela orain sortuta egitura berdina izango.

Beraz, lehenik eta behin autokritika behar da: Estatutuen (EAEkoa, Nafarroakoa eta Iparraldekoa) gaitasunik eza edo gaitasun murritzegia izatea. Bigarrenik, galdetu beharra dago ea independentziaren ondorioztapen soil eta bakarra nahikoa ote litzatekeen. Eta hirugarrenik, ea posible ote den euskararen aldeko estrategia bat, epe laburrerako helburu eta egitekoak markatuko lituzkeena.

Aldez aurretik oroitu eta gogoratu beharrekoa egiten zaigu, batez ere familian bertan euskararen jazarpena gogorki eta ankerki nozitu duten euskal elebakarrak ezagutu ditugunoi, galdera eta gako bat zehaztu beharra. Euskara eta euskaldunak izan baitira historian zapalkuntza nozitu dutenak eta nozitzen jarraitzen dugunak. Ez al zaigu erreforman eta diktaduran eta diktadura aurretik egindako zapalkuntza guzti honen kitapenik eman behar? Ez al dugu eskatu behar?

Helburu ideologiko eta politiko bezala eskakizun xume, argi eta tinko bat egin behar dela uste dut: euskarak izan behar du koofizialtasuna eta koofizialtasuna ulertu behar da hizkuntzen berdintasuna bezala maila guztietan. Eta hori non ezarri? Bada, zalantzarik gabe, argi eta garbi, eta zehaztasun juridiko osoz idatzita lege organikoa diren estatutuetan. Euskal Herriaren naziotasunak hizkuntzaren edukia baldin badauka, egiazkoa izango da, baina hori egin ezean apaingarri bat besterik ez da.

Eskakizun hau independentziaren kasuan —hau da, euskal errepublikak beharko lukeen konstituzioan— eta baita ere autonomia mailakoak —independentistentzat erdibide eta besteentzat helmuga— litezkeen egoeretan adostasun-gunea izan liteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA