Iñaki Martinez de Luna.

Euskararen ezagutza soziolinguistikoaz

2014ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Aukera izan nuen, abenduan, Kataluniako soziolinguistikaren berri bertatik izateko, La recerca sociolingüística en l' àmbit de la llengua catalana jardunaldien eskutik. Atera nuen bat-bateko ondorioa, honako hau zen: soziolinguistika katalana ogasun ugariko azienda da eta euskararena, aldiz, larre-motzekoa. Arrazoi osoz esango du baten batek horretarako ez zegoela Kataluniaraino joan beharrik. Hala ere, bigarren ondorio bat ateratzera ere iritsi nintzen: gure soziolinguistikaren inertzia batzuk aldaraziz gero, guk geuk ere izango dugu soziolinguistikaren championsean jokatzeko aukera.

Gure hizkuntzaren gaineko debeku eta oztopo legalek ez ziguten tarte handirik eskaini ezagutza soziolinguistikoa garatzeko, aurreko mendean. Baina, gaur egun ere baditugu nabarmen galgatzen gaituzten bestelako ezaugarriak. Horiek ulertu eta bideratuz gero, errazago izango zaigu aurrera egitea.

Kulturalki herri ekintzailea gara, eta ez gogoetara erraz emanda. Ekintzetarako dugun berezko bulkada horrek ez digu sistematikoki hausnartzeko bidea errazten. Gure kasa ibiltzeko joera ere badugu. Autarkiara emandakoak gara. Ez zaigu berehala bururatzen, adibidez, beste nonbaiten, beste norbaitek kezka eta premia bertsuak gure aurretik izan zitezkeenik. Beste batzuek sua piztea aspaldian lortu zuten arren, gu kea asmatzen saiatzen gara behin eta berriz. Komunikazioan, era berean, ez gara bereziki abilak. Hortaz, ekintzitisak eta autismoak aldi berean jota, akabo inguruan edo kanpoan zer dagoen bilatzeko gogoa. Horren ondorioz, ez dugu gure hiztun komunitatean bertan jorratzen dena ongi ezagutzen; are gutxiago beste hizkuntza gutxietakoa.

Euskararen aldeko gizarte mugimendua duela urte gutxi batzuk berrantolatu eta gorpuztu zenean, gure ezagutza soziolinguistikoa hutsaren hurrengoa zen, eta intuizio hutsez ekin genion gure hizkuntzaren berreskuratzeari. Egia esanda, emaitzak politak lortu ziren, baina oparoagoak izango ziren maila aplikatua eta gogoeta teorikoa harreman dialektikoan eginez gero.

Ezaugarri kulturalak ez ezik, gabezia estrukturalak ere badaude gurean, ezagutza soziolinguistikoan aitzindari izan beharko luketen aldetik. Ene ustez, eremu akademikoan azken urteotan burutu diren ikerlan (Bat Soziolinguistika aldizkariak 87-88 zenbakian emango du horien berri) gehienen jomuga nagusiak izan dira, batetik euskarari laguntzea eta bestetik, noski, titulazio akademikoren bat eskuratzea. Alegia, giro akademikoetako ikerketa soziolinguistikoa, oro har, euskararen gizarte mugimenduaren kezkei erantzutera zuzendua da. Ez, jakin-min zientifiko bati erantzunez, ekarpen teoriko edo metodologiko berririk egitera.

Gure ezagutza soziolinguistikaren txikitasuna azaltzeko beste zergatietako bat, gure tradizio akademikoaren joera da; hots, nazioarteko iturrietara jotzea eta horien aurrean men egitea. Jakin-mina kanpoan asetzeko interesa berez txalogarria bada, tentuz kudeatzekoa ere bai. Zergatik? Argi baino argiagoa azaltzen du arrazoia Jon Sarasuak Hiztunpoliseko gogoetan: «Nori interesatzen zaio horrelako jakintza-adar bat? Galdera ez da hutsala, interesak bultzatzen baitu jakintza-adarrak. Nekez espero dezakegu alor honetako jakintza-garapen handirik metropoli akademiko handietatik». Hizkuntza gutxituko komunitateei interesatzen zaien ezagutza soziolinguistikoa ez dute gutxienez, behar den moduan jorratuko bestelako interes soziolinguistikoren bat duten akademikoek. Horregatik, kanpoan egiten den guztia ongi ezagutzea ez ezik, dinamika beregaina ere sortu behar dute hizkuntza gutxituetako komunitateek, ahalegin horretan jakintza akademikoaren konplizitatea lortuz.

Bestalde, ez gara munduan bakarrak. Askoz gehiago dira epe ertainean arriskuan egongo diren hizkuntzak, tinko iraungo dutenak baino. Hartara, zergatik ez osatu sare bat ezagutza soziolinguistikoaz antzeko premia dutenekin? Badira horretan ere bidea egin dutenak. Adibidez, European Language Diversity for All (ELDIA) egitasmoa, zeinak sei herrialde ezberdinetako zortzi unibertsitate barnebiltzen dituen. Denak fino-hungariar familiako hizkuntzakoak, baina ikuspegi europar zabalagoarekin jardutea nahi dutenak: Europako hizkuntza-aniztasuna birpentsatzea, arreta berezia hizkuntza gutxituen kasuan jarriz.

Zergatik ez bildu hemengo unibertsitateak ere Europako mendebaldean dauden beste hizkuntza-komunitate gutxiagotuetakoekin? Katalan, galiziar, galestar, korsikar edo euskalduna izan, ez dugu antzeko premiarik berariazko ezagutza soziolinguistikoa garatzeko?

Adibidez, zergatik igo ziren gurdi berera makina-erremintako enpresak, ordura arte elkarri mokoka ibiliak baziren? Bizirik irauteko ezinbesteko baldintza zelako, noski. Sektore horretako eragileak pauso hori emateko gai izan baziren, zergatik ez dira izango soziolinguistika akademikokoak? Izan ere, hemengoen bertakoen arteko zein kanpokoekiko sareek onura ugari ekarriko lukete. Bat, elkar ezagutuz, lankidetza erraztea eta sinergiak sortzea. Bi, baliabideen efizientzia areagotzea. Hiru, ikerkuntzaren eta ezagutzaren garapen zein metaketa sistematikoa ahalbidetzea. Lau, nazioarte mailan izen propioarekin ibiltzea (euskal soziolinguistikak badu-eta orain ere zer irakatsi). Bost eta garrantzitsuena, euskararen normalkuntzarako bide berri eta oparoagoak irekitzea.

Nork hartu zuen bere gain makina-erremintaren kasuan eraldaketaren ardura, hura ezinbestekoa zenean? Nork hartuko du euskararen ezagutza soziolinguistikarena?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.