Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak maiatzaren 21a Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Eguna izendatu zuen. Euskaraldia bete-betean harrapatu gaitu aurtengoak. Euskararen erabilera sustatzeko ariketa honek aukera ematen digu kultura eta jatorri aniztasunaz eta euskararen inguruan aritzeko. Batetik, Senegalen jaio eta Euskal Herrira heldu bezain laster euskara ikasten jarri zenaren begiradatik eta bestetik, bertan jaio, euskara ama hizkuntza izanda, eta euskara ikasteko esfortzu handirik egin ez duenaren partetik.
Hizkuntza, pentsamolde eta bizipen anitzek gure gizartea aberasten dute, eta aldi berean, elkarri entzuteko eta ikasteko aukera eskaintzen digute. Denon ikuspegia zabaltzen laguntzen dute, eta elkartasuna sustatzeko bide dira, gaur egun inoiz baino beharrezkoagoa den balioa. Uniformetasunak gero eta indar handiagoa duen mundu honetan, funtsezkoa da komunitate bateko aniztasun kulturala balio unibertsal gisa ulertzea. Euskal Herrian, aniztasunaren erronkak berezitasun propioak ditu. Harrera herria gara, hizkuntza gutxitu bat duen herria, belaunaldiz belaunaldi, konpromisoari eta komunitatearen ahaleginari esker bizirik iraun duena. Euskarak bidaide izan ditu beste hizkuntza ugari historian zehar eta XXI. mendera heldu da.
Ikuspegiren eta Gaindegiaren datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan biztanleriaren %14,1 atzerrian jaiotakoa da; Nafarroan, jatorri migratzailea duten 128.000 pertsona baino gehiago daude, biztanleriaren %18,8; eta Ipar Euskal Herrian, biztanleen %42,8 Euskal Herritik kanpo jaiotakoak dira, nahiz eta gehienak Frantziako Estatukoak izan, eta kanpoko herrialdeetakoak %3,7. Aniztasuna ez da datu demografiko hutsa. Aukera bat da: gizarte inklusiboago, bidezkoago eta aberatsago bat eraikitzeko aukera.
Ez da oztopo, indargune baizik. Etorkizuna elkarrekin eraikitzeko, harrera herri bezala, denon ardura, eskubide eta betebeharren inguruan hausnartu beharra dugu. Jabetzen al gara gure posizioaz Ipar Globala izenekoan jaio garenok? Erantzukizun historikorik ba al du Europak prozesu kolonialen ondorioetan? Gogoan al dugu euskal herritarrok gerren, gosearen eta errepresio politikoaren ondorioz migratu genuela? Entzuten eta baloratzen ari al gara gure lurraldera bizitza hobe baten bila datozenen ahotsak?
Gaurko Euskal Herrian, 120 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira, ama hizkuntzak, dialektoak eta hizkuntza ofizialak kontuan hartuta. Eta kopuru hori handiagoa da etxeetan, kultur komunitateetan erabiltzen diren hizkuntzak ere kontuan hartzen baditugu. Hamarnaka mintzaira, doinu eta azentu elkarrekin bizitzen. Dozenaka hizkuntza ezberdin hitz egiten dituzten euskal herritarrak ditugu. Eta hor dago gakoa: euskararen herrian, euskara komunikazio hizkuntza nagusia bihurtzea. Euskararen bidez gizarte kohesioa eta ekitatea sustatu nahi baditugu, ezinbestekoa da euskarak prestigioa, doakotasuna, lan munduaren eta botere publikoen babesa, aldekotasuna eta hiztun kopurua handitzea.
Ezinbestekoa da migrazioari euskaratik eta euskaraz erantzutea. Estaturik gabeko nazio zatitu honetan, erronka handia da baina ezinbestekoa. Botere politikoa behar dugu, migrazioaren eskubidea aitortzeko, migratu duten pertsonei harrera duina egiteko, euskara kulturen arteko zubi bilakatzeko eta aniztasuna kudeatzeko eredu propio, demokratiko eta aurrerakoi bat eraikitzeko. Inoizko Euskal Herririk anitzenean bizi gara eta elkarbizitza oinarri sendoetan eraikitzea helburu, euskarak arnasguneak beharko ditu, euskararen lurraldea arnasgune bihurtu beharko dugu. Administrazioak belarriak prest eta herritarron ahoak bizi, denontzat zabalik den herri batean, hizkuntza eskubideak eta denon bizitzak kontuan hartuko dituzten politika publikoak beharko dira.