Euskararen mende magikoak

2025eko urriaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskaltzale irudikatzen zaitut, irakurle!; beharbada, nire moduan, euskararen etorkizun hurbilaz kezkatuago zaude izan dugun iraganaz baino. Halere, nago euskararen iraganaz ere jakin-min poxi bat izango duzula. Itzulinguruak alde batera utzita, zure ustean, irakurle, arabar, bizkaitar eta gipuzkoarron euskalduntze berantiarra da euskararen iraganari buruzko teoriarik ziurrena, probableena, errealitate iraganetik hurbilen egon litekeena? Horixe entzun eta ikusi ahal izan duzu ETBn!

Teoria horren arabera, Kristo ondoko V. eta VI. mendeetan, erromatarren inperioa desegin zenean, Akitanian bizi ziren leinu edo tribu euskaldunak Nafarroa Garaira igaro ziren merovingio eta bisigodoen erasoetatik ihesi, egun Nafarroa deitzen dugunean kokatzeko, garai hartan botere politikoaren aldetik han hutsunea zegoelako.

Teoria horri jarraikiz, akitaniar leinu edo tribu euskaldun haiek indoeuropar hizkuntzaren batean mintzo ziren baskoiak, hizkuntza zeltaren batean hortxe nonbait, euskaldundu zituzten (bortxaz, sedukzioz, edo bortxaz eta sedukzioz, biak batera), eta hegora ez ezik mendebaldera jo zuten, han ere hizkuntza zeltetan mintzatzen omen ziren arabar, bizkaitar eta gipuzkoarron arbasoak euskaldunduz (bortxaz, sedukzioz, edota bortxaz eta sedukzioz).

Teoria horren alde omen daude Koldo Mitxelenaren Euskara Batu Zaharra, protovasco delakoaren hipotesia, eta dialektoen modernotasunarena.

Hori hala izatera, ez dakit zuri, irakurle, baina niri behintzat goitik behera jausiko litzaidake akordua dudanetik izan dudan uste aski sendoa: latina baino askoz lehenago ere gure arbasoak txor-txor euskaraz mintzo ohi zirela aspalditxotik hasita, orain dugun baino lurralde zabalxeagoan, eta jakina, eboluzio historiko aski naturala izan zutela, handiko eta hemendiko maileguak hartuz, eta garai bakoitzari zegokion eboluzio normal samarra izanik.

Liburuaren egile den Juan Martin Elexpuruk irizten dio euskalduntze berantiarraren defendatzaileek desegoki ulertu dutela, modu gotorregian, Koldo Mitxelenak kautela handiz eta testuinguru «politiko-linguistiko» jakin batean —EAJn euskara batuaren aurka zeudenak konbentzitzeko edo—, modu leunean proposaturiko protovasco-aren hipotesia, eta horregatik heldu direla pentsatzera delako batu zaharrean mintzo zirenak mendebaldera hedatzean zatikatu zela euskara, hango biztanleek hitz egiten zituzten bestelako hizkuntza substratuen eraginez (hizkuntza zeltak segur aski).

Elexpururen iritzian, askoz probableagoa da euskararen zatiketa dialektala erromatar inperioaren gainbehera edo desegitea baino zaharragoa izatea, eta akitaniar euskaldunen inbasioagatik ez, baizik eta erromatar kronikariek-eta izendaturiko baskoi (nafar nagusiki), barduliar (gipuzkoar nagusiki), eta karistiar (bizkaitar nagusiki) leinuen zatiketagatik sortua izatea, eta halaber, Eliza katolikoak haietan funtsaturik moldaturiko elizbarrutien eragin axolazkoagatik —segur aski apaizen hizkuntza jardunak izan du eragin handiena herritar xehe letragabekoengan, eta goi mailako jende alfabetatuaren artean, aldiz, hizkuntza erromantzeek—, eta ia gaur arte, euskara batu modernora arte, aldaketa handirik gabe bizirik iraun izana, nagusiki bi arrazoirengatik: bata, euskaldunen kontzientziagatik, eta bestea, inguruan hizkuntza ordezkapenerako egun baino askoz bitarteko kaxkarragoak zituztelako auzo herri edo estatuek.

Koldo Mitxelenak modu leunean proposatu zuen euskara batu zaharrik inoiz inon egon ote da?; egon bada, zein boteretan oinarriturik hedatu zen, Iruñeko edo Nafarroako estatuan? Denok dakigu nafar erresumaren administrazio hizkuntza ez dela inoiz euskara izan —badirudi nafar funtzionarioek bazekitela euskaraz, eta ahoz elebakarrekin erabili ere egingo zuten, baina idatziz ez!—; hizkuntza erromantzeetan idazten zirela administrazioko idazkiak.

Koldo Mitxelenak modu leunean proposatu zuen euskara batu zaharrik inoiz inon egon ote da?; egon bada, zein boteretan oinarriturik hedatu zen, Iruñeko edo Nafarroako estatuan? Denok dakigu nafar erresumaren administrazio hizkuntza ez dela inoiz euskara izan, hizkuntza erromantzeetan idazten zirela administrazioko idazkiak

Lehenago ere esan dut, apaizen eragina izan zitekeela erabakigarriena euskalkiak finkatzeko garaian, baina haiek ere euren herritarren hizkuntzan oinarriturik, hura zertxobait jasorik eta euskalki batuan, onenean, erromantzeetara jotzen ez zutenean alegia, eurak ere gaztelaniaz eta frantsesez eskolatuak izan ohi baitziren, eta ez euskaraz.

Euskalkien arteko aldeak handiak dira? Noiz nola! Esate baterako, gure aitak, azkoitiarra izaki, harreman dezente izan zuen mendebaldeko euskalkietan mintzo zirenekin (eibartar, otxandiar, are bermeotarrekin ere bai) eta ez nion inoiz entzun bizkaiera ulertezina zitzaionik, nahiz bermeotarrena, kasurako, berezia gertatzen zitzaion. Gaur egun neurtu ere egiten da distantzia linguistikoa. Arabako Aramaioren eta Zuberoako Altzürükuren artean %60,56koa omen da; Lemoizen eta Eskiularen artean %66,56koa; eta Aramaioren eta Amezketaren artekoa %43,52koa. Konparatistentzat, aldeak ez dira handiak, baina herritar arruntentzat aldeak nabariak dira, eta gaztelania edo frantsesa ikasi ahala, haietara jotzeko isuria, gero eta handiagoa.

Eta honaino heldurik, honainoko guztiak iritziak ote dira, funtsean?; ala «zientzia linguistikoa» egun aski aurreraturik dago eta datu objektibo-zientifikoetan oinarriturik baieztapen biribilak egin ditzake, nahiz eta testu zaharrik ez, baizik eta harri gaineko hitz batzuk baino ez diren kontserbatzen garai zaharretatik?

Oso ondo ulertzen den liburua da Elexpururena, nahiz neurri txiki batean alde tekniko ulergaitza ere baduen (neuretzat behintzat). Hori bai, hasieran esan bezala, jarraitzen dut euskararen etorkizunaz kezkatuago iraganaz baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.