Guztian ados ez gauden arren (nola ba?), azken urteotan kontsentsu argia sortu da euskalgintzan bi ideia nagusiren inguruan. Batetik, inor gutxik ukatzen du euskararen minorizazio-egoeraren larritasuna, eta, neurri handiko zer edo zer egin ezean, okerrera egingo duela egoerak. Bestetik, horren aurrean, gehientsuenak bat gatoz erronka dela 1960 inguruan abian jarritakoaren pareko jauzi-olatu-pizkunde berri bat martxan jartzea, baliabidez eta inteligentziaz ondo hornitua, eta ahalik eta era bateratuenean gauzatua. Kontsentsu hori ez da oinarri txarra aurrera egiteko. Orain, funtsezko zeregina dugu altxatu beharreko olatua nolakoa izango den irudikatzen hastea.
1960ko hamarkadarekin alderatuta, baldintzak errotik aldatu dira, onerako zein txarrerako. Horrek zuzenean baldintzatuko du olatu berriaren nolakotasuna. Hari askoko mataza da. Hona hemen hari garrantzitsu bat: ordukoarekin alderatuta, abantaila argia dira urte luzeotan pilatutako eskarmentua, jakintza, baliabideak eta lan-ekipo zabala. Milaka profesional ari gara han eta hemen euskara ardatz duten zereginetan: irakasleak, kazetariak, kulturgileak, administrazioko zein aholkularitza-enpresetako teknikariak, euskara-elkarteetako dinamizatzaileak, ikerlariak…
Mikrokosmos bitxia osatzen dugu, gure jardunaldi, mintegi, txosten, curriculum eta plan estrategikoekin, ilusioa eta nekea uztartuz egunerokoan. Nolanahi ere, gizatalde handia gara; aktibo garrantzitsua aurrera begira, bereziki euskararen aldeko lanak babes instituzional handiagoa izan duen lurraldeetan. Pentsa daiteke, 60ko olatua nagusiki ekarpen militantez gauzatu zen bezala, orain abian jarri behar dugun olatuan toki handiagoa izango duela osagai tekniko/profesionalak. Ez da abantaila makala!
Korrontearen kontra igeri egitea tokatzen zaigu euskaldunoi, goitik behera datozen eskailera mekanikoetan gora igotzea. Erdara nagusitzera daraman joera egiturazkoa da, eta horrela izango da datozen hamarkadetan ere, euskara hain egoera ahuletik ateratzea lortzen dugun arte
Hori garrantzitsua izanagatik ere, nahikoa ote? Soldatapeko lana aski izango al da euskara salbabidean jartzeko? Ez, inola ere ez. Horrekin bakarrik ez da nahikoa izango. Minorizazio gorriak berekin dakar hizkuntza gutxitua gehiago ahultzeko joera. Korrontearen kontra igeri egitea tokatzen zaigu euskaldunoi, goitik behera datozen eskailera mekanikoetan gora igotzea. Erdara nagusitzera daraman joera egiturazkoa da, eta horrela izango da datozen hamarkadetan ere, euskara hain egoera ahuletik ateratzea lortzen dugun arte. Hori dena gutxi ez, eta botere egitura nagusiek ere erdara bultzatzen dute euskara baino gehiago; ez alferrik estatu indartsuak daude gaztelania eta frantsesaren nagusitasuna areagotzeko, eta oraingoz ez dugu euskara defendatuko duen estaturik. Horregatik guztiagatik, ezinbestekoa izango da euskararen militanteen ekarpena, indarberritze-ahaleginaren alor guztietan.
Hasteko, militantziaren espiritua bizi-bizi behar dugu gure eguneroko portaeretan: euskara hutsez bizitzen saiatzen diren hiztunen jardunean; erdarara jotzeko joera duen lagun-taldean euskarari temati eusten dion kidearenean; haurrak euskaldun eta euskaltzale hazteko apustua egin duten familien egunerokoan; erdaraz errazago egin arren bere jardunaren zati gero eta handiagoa euskaraz egingo duen euskaltzalearen hautuan; Nafarroako hegoaldean edo Ipar Euskal Herrian seme-alabek euskaraz ikas dezaten kilometro asko egiten dituzten gurasoen burugogortasunean; edo bulego, denda edo taberna ezezagun batean euskaraz hasiko diren herritarrenean.
Militantzia beharrezkoa izango da, halaber, euskalgintzako erakunde eta elkarteetan, auzo eta herrietan euskararen aldeko dinamika bizirik mantentzeko: ekimen sozialak antolatzeko; mintzapraktikak, kontzertuak, bertso-afariak, jaiak eta mobilizazioak ugaritzeko. Herri-erakunde sendoak behar ditugu euskararen bultzada soziala eraginkor egiteko. Funtsezko rola jokatuko dute etorkizunean, etorkizunik izango bada.
Horrez gain, euskaltzaleen konpromisoa funtsezkoa izango da euskalgintzatik harago ere: alderdi, sindikatu, enpresa eta bestelako mugimenduetan, bai eta eguneroko guneetan ere, hala nola kirol-taldeetan, eskola-kontseiluetan, gaztetxeetan, soziedadeetan, kontsumo-taldeetan eta bizilagunen bileretan.
Eta militantziaren bultzada beharrezkoa izango da euskararen alde profesionalki ari garenongan ere. Langile askoren artean sumatzen dira etsipenaren, asperduraren eta nekearen zantzuak. Ez da harritzekoa; arrazoiak ugariak dira. Baina ez da ona. Militantziaren espirituak gure lana optimizatu eta gure ekarpena biderkatu dezake; bultzada handia euskara indarberritzeko. Ikuspegi pertsonaletik, herri-ahalegin handi baten parte garela sentitzeak arinago eta gogobetegarriago bihur dezake gure lan-jarduna. Gustuko aldapan, nekerik ez.
Euskaltzaleen konpromisoa funtsezkoa izango da euskalgintzatik harago ere: alderdi, sindikatu, enpresa eta bestelako mugimenduetan, bai eta eguneroko guneetan ere, hala nola kirol-taldeetan, eskola-kontseiluetan, gaztetxeetan, soziedadeetan, kontsumo-taldeetan eta bizilagunen bileretan.
Olatu berria altxatzeko ezinbestekoa izango da, beraz, euskararen militantzia indartzea, noiz eta konpromiso soziala modan ez dagoen garaiotan. Ez da lan erraza, badakigu. Asmatu egin beharko da euskara indarberritzeko estrategia eraginkorrak zehazten, helburu argi eta ilusionatzaileak finkatzen, antolatzeko eta eragiteko modu berriak irudikatzen, eta euskaltzaleak piztu eta mugiarazteko moduko kontakizun motibatzaile bat berridazten eta hedatzen.
Merezi du norabide horretan burua nekatzea eta boluntario-lana indartzeko oinarriak jartzea. Merezi du gu denak gero eta gehiago engaiatzea. Herritarron inplikazio zuzenik gabe ez baitago aurrerabide posiblerik. Euskararen militanterik gabe ez dago etorkizunik. Gai honetan ere, eta gai honetan bereziki: Esnatu ala hil!