Euskararen nekeak

Josu Iraeta Idazlea
2010eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Duela gutxi Lakuan saiheska sartu zirenen sator lanak frogatzen du abertzale batzuen hanka-sartze latza. Geroztik, Lakuako ilunpean, espainiarrak Madrilgo «izpiritua arnasten» bizi dira, eta abertzaleak kanpora begira laguntza eske.

Ez da harritzekoa, antzekotasun nabariak izanik, euskaldunak irlandarrei begira egotea, bai nazio gisa, bai euskararen egoera aztertzerakoan.

Hasieratik eta ezer baino lehen,gogorarazi nahi nuke mailaz maila, ingelesen oinpean, irlandar nazioa deseginda gelditu zela. Lurralde txiroa. Emigrazio-proletarizatuaren barreiatzaile munduan barrena. Bere kultura aberatsa hondatuta. Hizkuntza zabartuta,literatur hizkuntza, ederra zuena, batasuna galdu eta dialektoetan zatitu zutena.

Klase nagusia ordezkatuz, ingeles jauntxoak nagusiturik. Legeak ezabaturik. Nazio jitea dena zirkinduta. Ingalaterrako probintzia baztertu erdeinagarri bat bihurtuz.

Irlandarrek bazuten -eta badute-, noski, beren nazio kontzientzia, baina nazio kontzientziak ez dira beti gauza bera. Nik ezagutzen dudanagatik, irlandarren nazio kontzientzia bera da irlandarren lehenengo berezitasuna.

Irlandar sentitzen dira ikaragarri. Irlandarrak swahilia (Afrika) izan dezake bere ama hizkuntza,frantziar armadan ofizial izan daiteke, edo Donostiako autobusen gidari. Irlandar jatorrikoa baldin bada, jatorria aski du irlandar petoa izateko.

Irlandako sentimendu nazionala eta abertzalea katolizismoan oinarritu da, nik uste. Ingelesek zapaldu egin zituzten. Ingelesak anglikanoak dira. Irlandarrak, ia obligazio nazionalez bezala, katolikoak «dira». Euskaldun fededun haren antzera.

Beraz, nagusiak, ingeles eta anglikano, eta zapalduak, irlandar eta katoliko. Dena dela, ez dira irlandarrak erlijioan oinarriturik, nazio kontzientzia eraiki duten bakarrak. Hamaika badira nazio kontzientzia erlijio kolektibitatearen kontzientzia gainean eraiki dutenak. Urrutira joan gabe; espainolak berak, arabiarren aurka.

Denborak erakutsi duen bezala, honek benetako arazoa mahai-gaineratzen du: aberriak eta hizkuntzak egon behar zuten lekuan katolizismoa dagoela. Eta erlijioa ez da aberria. Hor koska, eta ez txikia.

Honekin ez dut katolizismo irlandarren kritikarik egin nahi. Baina, nire ustez, hizkuntzak balio duena bere balioa da, ez erlijioak eman liezaiokeen balioa. Aberriarentzat hizkuntzak balio duena abertzaletasunak ez bestek aurki lezake. Abertzaletasunak nazio hizkuntzan bertan aurkitu behar du haren balio naziogilea.

Ez nuke lotsagabe izan nahi; baina, nire uste apalean, erlijioak erabili ohi dituen pilotak ez dira frontoi honetarako aproposenak.

Irlandera -euskara gaztelaniekin bezala-,indarrez, ezin neur daiteke ingelesarekin. Hori ukaezina da; indarraren zapalkuntza luzearen mesede zuzenaz gain, egun, komunikabide asko eta bortitzak dituzte. Oso garatuak dira. Zalantzarik gabe beraien zabalkunde garaian bizi gara.

Euskararen egoera aztertuz asko idazten da, eta baliteke gehienak mesederako izatea. Baina, nire ustez, bihotz eta maitasunean oinarritzen dugunean euskarak galdutakoa berrirabazteko, hanka sartzen ari gara.

Egoera honi aurre egiteko, ez da aski herriak bere nazio hizkuntza zaharra mirestea. Nik ez dut uste herria «jo eta su» abiatuko denik jatorrizko hizkuntza berea duelako soilik hizkuntza horretaz jabetzera. Nik ez dut uste.

Herria mugiarazteko arrazoiak -herri abertzaleaz ari naiz- ezin izan litezke hizkuntzaren zahartasuna edo edertasuna. Jendeak «ikusi» egin behar du euskaldunak zertarako duen euskara. Ikusi eta jabetu, nola eta zergatik UPNk eta PSOEk erabiltzen dituzten euskaldunen bozak euskarari erasotzeko. Politikari abertzaleen eginkizuna da hori.

Arrazoi hutsak ere ez dira aski. Alderdi zinez abertzaleek hizkuntzak naziogintzan duen garrantzia aspergabe gogoratu beharko lukete. Hizkuntzaren balio naziogilea praxian erakutsi.

Baina gertatzen dena da politikari gehienen arrisku handi bat oportunismoa dela, etaoportunismoa -garbi esanda- berehalako irabazi batzuengatik helburuak saltzea da.

Politikari abertzaleentzat, adibidez, hizkuntz politikako oportunismoa hau litzateke: erresistentzian, zapalketa garaian, ez da gehiegi errepikatu nahi izaten hizkuntzaren arloan, galdua dutenak ez ikaratzeko. Ahalik eta gehienak inguratzearren, «kontzesioak» egiten dira. Hori da oportunismoa.

Jende asko eta asko da euskara ez dakiena, hirietan bereziki. Baina horiek ere abertzale behar ditugu, eta itxuraz, nola nahiko zail den orain euskaraz jabetzea, oraingoz tolerante izan behar dela «pentsatzen» dute.

Askatasuna lortutakoan, aise konponduko dugu hori, diote. Eta hizkuntzaren arloa askatu eta gerorako uzten da. «Errealistak» izan behar omen dugu.

Bitartean, nazio hizkuntzaren ederraz eta zorigaitzaz etengabe arituko zaizkigu. Oker guztien errua norena den salatuko dute. Zapaltzaileengandik beti exijitzen arituko dira. Nazio hizkuntzaren defendatzaile biziak dirudite... Hori dena bai, baina erabaki zintzoa euskara ikasteko ez.

Miguelico eta Lopez etxera bidaltzen ditugunean ere nahikoa lan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.