Baionako Etxepare Lizeoko ikasleek esnatu dute lozorroan genuen ilusioa, frantses hutsean egitera behartuta dauden baxoko matematika azterketa euskaraz erantzungo dutela iragarri dutenean. Bazela garaia pentsatu du euskaraz bizi nahi eta ezinezkoa zaionak. Bejondeiela esan du bizitza osoa utopiaren atzetik ibili eta azken urteotan distopian hondoratzen hasia zen langileak. Eredua direla pentsatu du etxezuloan bizitza ahitzera kondenatu duten etxekoandreak. Adibidea zabaldu beharko genukeela esan dio ikasleak irakasle prekarizatuari unibertsitateko kafetegian. Ekintza honek gurean nagusitzen ari den ekintza soilik arautuetan trabatzeko joerarekin apurtu du. Eta horrek ilusioa sortzen du. Zergatik?
Mobilizazio arautuak sistemak kontrolatuta dauzkanak dira. Bertan parte hartzen dutenei sortzen dien plazebo efektutxotik haratago, sistema ezbaian jartzen ez dutenak dira horiek. Horregatik toleratzen ditu sistemak. Arautu gabekoak, berriz, sistemari irenstea kostatzen zaionez, aldaketak sortzen dituzte. Etxepare Lizeoko ikasleek ekintzaren berri eman eta gutxira, 2028rako Frantziako Estatuak aldaketatxo batzuk iragarri izana, mobilizazio arautugabeek sortzen dituzten ondorioen adibide garbia da. Hala ere, zentzu onez, etxeparetarrek burujabetza ekintzarekin aurrera jarraitzea erabaki dute, oraindik beraien helburua lortu gabe dagoela ulertuta.
Orain dela urtebete desegin zen Ehun euskal errepublikaren aldeko mugimendutik, konfrontazio egokiaren beharra azpimarratzen saiatu ginen. Konfrontazio egoki horri burujabetza iraultza deitu genion. Burujabetza iraultza gureak diren eskubideak, burujabe jokatuz, praktikara eramaten hasteari deitzen genion. Eskubideak lapurtu dizkigutenei eskubide horiek eman diezazkigutela erregutzetik, praktikan jartzera pasatu behar genuela genioen. Baimenik eskatu gabe. Norbanako eta komunitate moduan aske jokatzen hasteko garaia iritsi zitzaigula azpimarratuz.
Burujabetza iraultzak talka sortuko zuela genioen, alor diferenteetan gure eskubideak berreskuratu nahi ditugunon eta gure eskubideak lapurtuz pribilegioei eutsi nahi dietenen artean. Talka horrek sortuko lukeen konfrontazioa konfrontazio egokia izango litzateke jendartea mobilizatu eta polarizazioa sortzeko. Konfrontazio emankorra izango zela genioen, subjektu askatzailea zabaltzeko. Subjektugintzan aurrera egiteko, alegia.
Ekainaren 15ean etxeparetarrek egin nahi dutenari Ehunek marraztu zuen markotik begiratzea aberasgarria dela iruditzen zait. Etxeparetarrek pantailaz aldatu dute euskararen aldeko borroka. Hizkuntz eskubideak eskatzetik eskubide horiek praktikan jartzera pasatu baitira. Horrela, etxeparetarrek egin dutena ez da desobedientzia ekintza bat, obedientzia ekintza izan da; obedientzia hizkuntz eskubideei eta Lizeoko komunitatearen nahiari. Desobedientziak frantziar legedia erreferentziatzat izaten jarraitzen baitu. Autodeterminatzeak, berriz, norberari eta bere komunitateari egiten dio erreferentzia. Emankorragoa da begirada hau.
Erakunde publikoek erdara hutsez egiten badigute, euskaldunok erdarak ulertzen ditugunez, ez dagoela hizkuntza eskubideen urraketarik transmititzen dugu. Hori da apurtu beharrekoa
Jendartea euskararen alde aktibatu behar dela diogu baina boluntarismo hutsean oinarritzen diren mobilizazio arautuetatik haratago, ez dugu azaltzen aktibazio hori nola lortu nahi dugun. Euskararen normalizaziorako kontenplatzen den markoa, marko instituzional hutsa da gero eta sarriagotan. Aldian-aldian manifestazio batzuk egin eta bataila esparrua erakundeetara mugatuz. Euskaltzalea protagonista beharrean ikusle egiten dugu. Subjektu beharrean objektu egiten dugu. Euskaltzaletasunaren atzerakada, nagusiki, politizatzen ez gaituen instituzionalismo huts horren ondorioa dela iruditzen zait.
Azken hamarkadetan euskalgintzak izan duen dekantazio instituzionalari buelta emateko, euskararen aldeko borroka hizkuntz eskubideak praktikara eramaten hastean sortzen den borroka bilakatu beharko dugula seguru nago. Euskararen borroka alderdietako eta parlamentuetako bulegoetara delegatu dugunez, atzeraldia elikatu baitugu. Ondorioz, diskurtso euskaltzalea hizkuntz eskubideak zapaltzen dizkigutenei mesedez ez zapaltzeko eskatzera mugatu da sarriegitan. Pizkundea nahi baina horretarako txinpartarik ez dugu eskaintzen. Horregatik da ezinbestekoa etxeparetarrek irekitako bideari jarraipena ematea.
Supremazismo linguistiko erdalduna euskaldunon eleaniztasunean oinarritzen da. Euskaldunok erdarak ezagutzen ditugunez, hizkuntz eskubideak ez bermatzeak ez du inongo ondoriorik. Euskaldunon erdaren ezagutzak ikusezin bilakatzen baitu gure hizkuntz eskubideen urraketa sistematikoa. Hau da, erakunde publikoek erdara hutsez egiten badigute, euskaldunok erdarak ulertzen ditugunez, ez dagoela hizkuntza eskubideen urraketarik transmititzen dugu. Hori da apurtu beharrekoa. Hau kontuan edukita, etxeparetarren bidetik euskararen borrokak pantaila aldaketa egin dezakeela uste dut. Nola?
Euskaldunok, modu kolektiboan eta beraz antolatuan, erakunde publikoekin erdarak ezagutuko ez bagenitu bezala jokatzen hasteak indartuko gaituen talka sortuko du. Borroka intsumituaren tradiziorik ederrenari jarraikiz, hori egiteak administrazio publikoan orain arte ezagutu ez dugun presioa sortuko luke. Ez hori bakarrik, hizkuntz eskubideen urraketa ikusaraziko luke jendarte osoaren begietara. Euskararen normalizaziorako borroka parametro egokietan planteatu eta subjektu euskaltzalea zabaltzen lagunduko lukeela argi dut. Noski, hau guztia ezin da modu indibidualean aurrera atera. Modu antolatuan egin beharko litzateke. Horretarako, Euskalgintzaren Kontseilua bezalako erakunde batek hartu lezake gidaritza.
Euskarak 60ko hamarkadan izan zuen pizkundea burujabetza iraultzaren logikarekin aritu ginelako gertatu zen. Ikastolak, adibidez, legeak onartzearen zain baleude, ez lirateke inoiz sortuko. XXI. mendeko hogeigarren hamarkada honetan ere pizkunde berri bat hasiko bada, logika horren pean jokatzen badugu gertatuko da. Instituzionalismo hutsetik aldenduz.