Euskararen zahartasun absolutu eta erlatiboaz

Xabier Kintana Urtiaga.
2011ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Norbaitek esan duen zerbait gaizki ulertzen denean, biotako bat: esaleak ez ditu gauzak behar bezain ongi azaldu, edo, bestela, entzule-irakurleak ez ditu behar bezala konprenitu. Lanbidez irakasle izan naiz urte askotan, eta profesio horretan ikusi eta entzundakoen ondoren, dituzkedan akats ugariak gorabehera, ene ikasle izandakoek badakite ez naizela inoiz aspertu gauzak behin eta berriro azaltzen, argitu arte. Gizabideak gomendatzen duenari kasu egitea egokiena delakoan, uste dut, oraingoan ere, protestatzaileari zalantzaren onura onartu behar zaiola, eta, horregatik, hona berriro nator, hala behar izanez gero jendaurrean mea culpa esanez, arazoa argitzeko.

Xabi Larrabek artikulu bat idatzi du ekainaren 21eko BERRIAn (Kintanarentzat euskara ez da gaztelera baino zaharrago), eta horretan, lehenago sarean zabaldu zuen idazki batean bezala, ni salatzen nau, dirudienez euskarari Europako hizkuntzarik zaharrena izateko ohore paregabea ukatzen itsuki saiatzen naizelako. Lehenengo eta behin, asko pozten nau gure hizkuntzak hain defendatzaile arduratsu eta sutsuak izaten segitzen duela ikusteak, abertzaletasun praktikoa hain egunerokoa ez den garaian batik-bat.

Baina gatozen harira. Euskara harri arotik omen dator. Horretan bat gatoz guztiok. Baina kontua da, gaurko hizkuntza guztiak ere harri arotik datozela. Eta hau erraz froga daiteke. Etenik izan ez denean, belaunaldi bakoitzak beti uste izaten du bere gurasoengandik jasotako hizkuntza bera uzten diela bere ondorengoei. Halere, belaunaldi bakoitzean, berezko eta etengabeko eboluzioaz, auzo-herrien maileguen eraginez etab. egunero aldaketa txikiak gertatzen dira, eta horiek mendez mende metatuz doaz. Azkenean, landatzen dugun ezkurretik berrehun urte geroago haritz abartsua sortu ohi den bezala, latina, bi mila urte geroago, italiera, frantses, katalan, gaztelania edo portugalera bilakatua da. Baina erne egon, latina mintzaira horien ama dela diogunean, hor engainu bat dago, konparazio desegoki horretatik heldua. Ama erditzen denean, ama eta umea bi izaki ezberdin dira, baina latina eta latinetiko erdarak ez dira horrela banatu, izkribuetan ez bada. Hizkuntza bizi bezala, latina ez da inoiz hil, bilakatu egin da, eta gure begien aurrean bizirik dirau: frantses, gaztelania, katalan edo italiera mozorropean.

Egia da, duela bi mila urteko latin hura, orduko eta geroagoko izkribu, gramatika eta hiztegietan fosildurik islatua, ez dela gaur mintzatua, baina hizkuntza bera bizirik dago, gaurko jantziaz, gutariko bakoitzak egungo itxura daukan bezala, etxean gordetzen ditugun erretratuak lehen jaunartza egin genuenean nolakoak ginen oroitarazten digun arren. Eta ez dezagun ahantz argazkiko mutiko edo neskato hura eta gaurko gizon-emakume helduok, izatez, pertsona berbera garela, denbora ezberdinetan baina etenik gabeko jarraitasunean.

Horrexegatik, gaurko hizkuntza mintzatu guztiak adin berekoak dira, hau da, gizakiok hizketan hasi ginenetik hona bizitzen eta garatzen arituak. Horrela, era absolutuan planteaturik, ez dago hizkuntza bat besteak baino zaharragoa denik, gutariko inork ezin esan dezakeen bezala beste norbaitek baino asaba edo aitona-amona gehiago dituenik, pentsa dezakegun zaharrenek ere aurretik gurasoak izan behar zituzten eta.

Baina zahartasun absolutu honen parean bada beste bat ere: zahartasun erlatiboa edo geografikoa. Horrela, Amerikako indiarren hizkuntzak ingelesa edo gaztelania bezain zaharrak dira, azken jatorriari begiratzen badiogu behintzat. Baina bertan Mexikoko azteken, nawatla, maiera edo Andeetako kitxua zaharragoak dira Europatik konkistatzaile espainol, portuges edo ingelesek hara, 1492.etik aurrera, eramandako mintzairak baino. Indiarrak han askoz lehenagotik zeudelako, Euskal Herrian euskaldunok eta euskara lehenagokoak garen bezalaxe erdaldunek ekarritako gaztelania-frantsesak baino. Eta horrela, —bego zutik gure nazio-harrotasuna!—, euskarak segitzen du izaten Europako hizkuntza bizi zaharrena, gainerakoak, gaur dakigunez, ekialdetik geroago helduak izaki.

Nahastea izenetatik bertatik dator. Kasu batzuetan, hizkuntza beraren fase ezberdinei izen bana ematen zaie, latina eta gaztelania, kasu. Beste batzuetan, ordea, greziera, pertsiera edo euskara esatean izen berberarekin errealitate linguistiko erabat ezberdinak estaltzen ditugulako. Horrexegatik komeni da, orain bi mila urte egiten zenari aitzineuskara esatea, hura gaurko eredutik bereizteko.

Euskara harri arotik, eta lehenagotik ere datorren arren, milaka urteotan gertaturiko eboluzioagatik ez dago pentsatzerik ordutik heldu zaizkigun hitzak gaurko euskaran ezagutzeko moduan daudenik, gure txikitako argazkia dakusanak gu erraz ezagutzen ez gaituen bezala. Eta gaur io ho un figlio, j'ai un fils, jo tinc un fill, yo tengo un hijo, edo eu tenho um filho dioten erdaldunen asaba linguistikoek (ez genetikoek, haietako asko zelteraz mintzo baitziren) duela bi mila urte ego unum filium habeo baldin bazioten, gureek, gutxi gora behera *niga senbe bade daduda gisako zerbait esan zezaketen, gure gaurko nik seme bat dut bilakatua.

Bukatzeko, aizkoraz, aizto, aiztur eta horrelako hitzez gaur —eta aspaldian—dakigunak ez garamatza inola ere harri arora, oraindik zenbaitzuek behialako fantasia zaharkitu horiek behin eta berriro errepikatzen segitu nahi duten arren. Mitxelena bezalako pertsona serioek, adibidez, ez zituzten behin ere aipatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.