Bil Gaiten hautetsi taldeko kideak

Euskararik gabe, Euskal Herririk ez

Nicole Etxamendi eta Jean-Claude Mailharin
2025eko irailaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela gutti Ipar Euskal Herriko eskolek haurrei ateak zabaldu dizkiete euskaraz, partez, baina nagusiki frantsesez ikasteko. Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) gaitasun ekonomiko eskasak adierazten digu euskararen aldeko politika publikoen ahulezia. Berriro? Uztail hondarrean Frantziako Estatuaren, eskualdearen, departamenduaren eta Elkargoaren arteko aitzinkontu emendatzearen negoziazioek huts egin dute. Mobilizazio ezberdinen ondotik, momentuz ez da aurrerapausorik. Elkargoarenaz gain, hitz erdika 100.000 euro gehitzera ausartuko litzateke erakunde bakoitza. Denek ez diote onespenik oraindik eman azken eskaera horri. Hala balitz ere, ez litzateke aski jakinez 650.000 euroko igoera eskatzen zela partaide bakoitzari, jakinik kopuru horrek ez duela beharra estaltzen.

Horrela segituz, euskal hiztunak %21 inguru lirateke proportzionalki, gaur egungo berdintsua. Hipotesi horiek prospektiba demografikoetan oinarritzen dira; hain zuzen ere, kontuan hartuz biztanleria emendatuko dela eta euskaldunen proportzio egonkorra izanen litzatekeela. Aldiz, EEP eta AUDAP urbanismo agentziaren inkestaren arabera, hizkuntza politikak bultzada estrategiko eta emankor bat emanik, euskaldunen kopurua %30era irits daiteke 2050ean. Ehuneko hori hizkuntzaren biziberritzeko Unescok finkatu heinaren araberakoa litzateke. Horretara heltzeko diruztatu nahi den politika publikoa EEPk egin duen pario estrategikoaren gainean oinarritzen da. Hau da, euskarazko hezkuntza zabaltzea, helduen irakaskuntza hedatzea eta euskara plazara ekartzea. Hots, hizkuntza biziaraztea, denen aho eta belarrietara heltzeko parada emanez.

Eta guk zer? Estatuarekin eta beste instituzioekin dependentzia denean, zor bat dugu euskarari itzuli behar dioguna. Horrez gain, IFOP institutuak argitaratu duen azken inkestak dio Ipar Euskal Herriko jendeen %91 euskararen —eta Frantziako Estatuak dituen beste hizkuntza minorizatuen— ofizialtasunaren alde direla. Orduan, gure hizkuntzaren behar ekonomikoak ukatuz, itotzen segitzen gaituzte; batari kenduz, besteari emanez, estatuaren jokoa ez dugu onartzen. Sistematikoki, euskara galtzaile ateratzen da. Horrez gain, Euskal Kultur Erakundeari 30.000 euroko murrizketa inposatu dio estatuak. Horregatik, Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea eta ahalak behar ditugu gure hizkuntzarentzat.

Zer litzateke Euskal Herria euskararik gabe?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.