Euskararen berreskurapen-prozesua une erabakigarrian dago. 80ko hamarkadan EAEko eta Nafarroako estatutuekin eta hortik eratorritako legediekin egituratutako euskalduntzerako paradigma guztiz zartatuta dago. Batetik, eman zezakeen gehiena jada eman duelako, duela 40 urte diseinatu zeneko begiradan kateatuta eta oraingo baldintza eta beharretara egokitua izan gabe. Bestetik, garaian eredu hori defendatu zuten espainiar ezkerreko sektoreak (eskumaren aurkakotasuna betidanikoa da), euskalduntzean espero zuten baino urrunago joan garela iritzita, azken garaian horren aurkako ofentsiba betean sartu dira, bereziki administrazioaren euskalduntzearen aurka zentratuta.
Paradigma horrek ez zuen auzitan jarri frankismotik zetorren administrazio zeharo gazteleraduna, eta oinarria hori izanda, euskarari maila subalternoa eskaini zitzaion, ez berdintasunezko estatus bat. Horrela, progresibotasun mantso bezain anbiziorik gabekoan (40 urteren ondoren hau!), interpretazio arbitrariorako aukera ematen duen Derrigortasun Indize zehaztugabean, zein plangintzaldiz plangintzaldi neurriak inertziaz errepikatzen dituzten euskara-planetan oinarrituta egon den eredua agortuta dago.
Era berean, sorreran lanean hasi ziren langile publikoak jubilatzen hasiak dira jada (erdia inguru urte gutxiren buruan), belaunaldi berriak proportzio oso handian euskaldunak diren abagunean. EAEn langile publiko izatera aurkeztuko diren hautagaien %85etik gora euskaldunak edo ia euskaldunak direnean. Jauzi baterako baldintzak egon badaude beraz.
Diagnostiko horretan, jakitun gara egon badaudela euskara ikasteko aukera nahikorik izan ez duten langile publikoak. Asko lan-kontratu prekario eta bitartekoak kateatuz urteetan. Horiek guztiak euskaldundu daitezen bitarteko nahikoak eta erraztasunak eskainiko dizkien plan anbiziotsua indarrean sartzea exijitzen dugu, behingoz langile publiko guztiak elebidunak izan daitezen.
Askatasunaren aldarriaren atzean erdal elebakartasunean gotortzen den gutxiengo pribilegiatua babesteko interes politiko eta sindikala aurkitzen dugu.
Izan ere, administrazioan lan egiteko euskara eskatzea edo bere erabilera sustatzea inposizioa eta lan-baldintzetarako mehatxu omen da. Aldiz, gaztelera esplizituki ala inplizituki 'de facto' lanpostu publikoen %100ean eskatzea ez da inposizioa
Nafarroan iraunkorra den oldarraldia indarberriturik adierazi da EAEn azken bost urteetan. Espainiar ezkerreko alderdi eta sindikatuek sustatuta, nagusiki PSEk eta CCOOk, administrazioaren euskalduntzearen aurkako ofentsiba supremazista eta euskarofobo sistematikoa ezagutzen ari gara. Langile jakin batzuen egoerak manipulatuz eta lan-eskubideak modu iruzurtian ustez defendatuz, hamaika lan-deialdiren, hizkuntza-eskakizunen, azpikontratetarako hizkuntza-klausulen zein administrazioan euskararen erabilera sustatzeko beste hainbat neurriren aurkako demanda judizialak jarri dituzte, guztira ehunetik gora. Jakinda arbitroa erosia duen aldeko joko-zelaia direla epaitegiak.
Guztia ere falazia batean oinarrituta: hizkuntza-eskubideak eta lan-eskubideak kontrajarri eta mailakatzearena. Bereizkeria hori diskurtso eta praktiketan sustatzen duten eragileak kalitate demokratiko eskasekoak direla salatu beharra dugu. Askatasunaren aldarriaren atzean erdal elebakartasunean gotortzen den gutxiengo pribilegiatua babesteko interes politiko eta sindikala aurkitzen dugu.
Izan ere, administrazioan lan egiteko euskara eskatzea edo bere erabilera sustatzea inposizioa eta lan-baldintzetarako mehatxu omen da. Aldiz, gaztelera esplizituki ala inplizituki de facto lanpostu publikoen %100ean eskatzea ez da inposizioa, hori normala eta onargarria da. Horrek guztiak argi adierazten du alderdi eta sindikatu horientzat euskara eta euskaldunon hizkuntza-eskubideak bigarren mailakoak direla, bazterrekoak. Euskara sustatzea onartzen dute, betiere gazteleraren nagusigoa eta benetako inposizioa auzitan jartzen ez duen bitartean.
Era berean, EAJren jarrera salatu beharra dugu. Ez du gutxieneko ausardiarik adierazten administrazioaren euskalduntzeak benetan eskatzen dituen aldaketa politiko eta juridikoak egiteko. Herritarron eskubideak bermatzeaz ari gara, eta eskubide horiek bermatzea ezin da PSEri emandako beto-eskubidearen mende egon.
Gatazka honen konponbide bakarra EAEko Legebiltzarrean irekita dagoen eztabaidan euskararen estatus juridikoa gaztelerakoaren parean kokatzetik etorriko da, euskaldunon hizkuntza-eskubideak bere osotasunean bermatuko direnean
Sektore horien azken bandera kontsentsu linguistikoarena da, hori apurtu izana leporatzen digutelarik eragile euskaltzaleoi. Horra beste falazia bat. 1982an EAEko Euskararen Legean kokatzen den ustezko kontsentsu linguistikoa sorreratik salatu genuen hainbat eragile euskaltzaleok, gazteleraren nagusigoan eta euskararen eta euskaldunon hizkuntza-eskubideen mendekotasunean oinarritu baitzen. Ustezko kontsentsu horrek sumisioa eta zapalkuntza dakar.
Gatazka honen konponbide bakarra EAEko Legebiltzarrean irekita dagoen eztabaidan euskararen estatus juridikoa gaztelerarenaren parean kokatzetik etorriko da, euskaldunon hizkuntza-eskubideak bere osotasunean bermatuko direnean. Norabide horretako aldaketa egokirik ezean, egungo ziurgabetasun juridikoak jarraituko du, epaitegien erabaki arbitrarioen eta eragile euskarafoboen mehatxupean.
Horregatik guztiarengatik, LABek dei egiten die langile eta herritar euskaltzale guztiei gure eskubideen alde eta euskararen normalizazioaren alde mobilizatzera. Bai datorren larunbatean Bilbon, bai Euskalgintzaren Kontseiluak ekainaren 13rako Iruñean deitu duen manifestazioan. Euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen alde, kalera!