Ez da esloganen garaia

Carmen Gisasola
2015eko ekainaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Duela zenbait egun, Filipe Bidartek Amnistia eta Askatasuna izenburuko idatzia argitaratu zuen bere jarrera ñabartuz: presoen askatasuna lortzeko, ez dela soilik amnistia planteatu behar zioen oraingoan; arlo juridikoa ere jorratu egin behar dela, Iparretarrak taldeko presoek egin zuten bezala.

Gauza da, aste batzuk aurretik, amnistiaren aldeko 93 preso ohik plazaratutako proposamenean (Filipe ere tartean zen), ez dela hori esaten. Hain zuzen «...errepresaliatuen askatasuna lortzeko betebeharra daukagu, baldintzarik gabe eta duintasunez, inoren aurrean makurtu gabe, eta horretarako bidea amnistia da», proposatzen zuten.

Oraingoan, ostera, Filipek bete-betean eman duela deritzot, Iparretarrak taldeko presoen adibidea jartzean, zeren, nahiz eta amnistia aldarrikatu, baldintzapeko askatasunean atera baitziren, frantses legediak ezarririko baldintzak bakoitzak onartu ondoren.

Ez da duintasuna edo inoren aurrean makurtzearen kontua, ordea. Azken 38 urteotan, preso eta errefuxiatu anitzek askatasuna lortzeko hartutako jokabidea ez da izan Iparretarrak-ekoek hartutakoa baino duintasun handiagokoa edo txikiagokoa. Arazoa da Ezker Abertzaleko ildo ofizialak ez duela oraindik ere aukera hori onartzen uzten, eta horrek espetxe zigorrak osorik betetzea dakarkiela presoei.

Iparraldean, urteak dira borroka armatua amaitu zela, IK desagertu zela eta talde horretako militanteak baldintzapeko askatasunen atera zirela. Zuek egindako urratsak Espainiako espetxeetan egonik eman izan bazenituzte, Kolektibotik bota egingo zintuzketen. Ezduintzat joak izango zineten, etsaiari jokoa egitea leporatuko zizueten, beste presoei kalte egitea eta abar eta abar arinkeria handiz. Are gehiago, zuekin amnistiaren aldeko idatzia sinatu duten askok hitza kendu egingo zizueten, zeren gaur baita eguna oraindik zuek emandako pausoak Kolektiboak bere egiten ez dituena. Ez ditu onartzen. Eta, horren aurrean, ziurrenik espetxean jarraitzea zigor osoak bete arte erabakiko zenuten, zuen inguruan arazoak ekiditeko (preso askok egin duten bezala). Gogoratu, bestela, Yoyesi guk denok baino duintasun eta koherentzia handiagoz jokatzeagatik bizia kendu geniola.

Ez dut uste askotarako balio duenik egungo errealitatearekin ikustekorik ez duten esloganei atxikia jarraitzeak. Ez du zentzurik gatazkaren konponbide politikoa burutu behar dela esaten jarraitzeak, presoak amnistiaz aterako direla mantentzeko. Hori errealitatetik at dago. 1977ko hauteskundeetan. «amnistia eta askatasun gabe, botorik ez», oihukatzen genuen eztarriak urratu arte. Ez genuen erakundeetan parte hartu nahi, parte hartzeak zilegiaraztea zekarrelako. Eskerrak aurrera egin zela, eslogan horrekin gotortu ordez. Zentzutasun politikoa nagusitu zen, presoei buruz berba egitean oraindik faltan sumatzen den zentzutasun bera, hain zuzen.

Bestalde, ez du ezta adibidetzat ere balio Iparraldeko alderdi guztietako politikariek amnistia aldarrikapena sinatu dutela esateak, Iparraldeko egoerak ez duelako Hegoaldekoaren eite bera. Hemen ez dute izenpetuko, ezberdintasunak nabariak eta begi bistakoak direlako. Iparraldean ez zen «sufrimenduaren sozializaziorik» egon, eta ezta hainbeste hildako ere.

Lehen, borroka armatuaren ikuspegiaren baitatik hitz egiten genuen gatazka politikoari buruz: gatazkaren konponbide negoziatua burutzean, presoen kaleratzea horren barnean kokatzen zelarik. Orain dena aldatu da. Batzuek borroka armatua ezinaren ezinera arte eraman nahiak (aukerak aprobetxatu ordez, dena pikutara bidaltzeak) egungo egoerara ekarri gaitu. Beraz, bukatu dira negoziazio prozesuak, baita bake prozesuak ere. Eta hau ez da «herria ideologikoki jantziz» konpontzen 93 preso ohiren taldeak proposatzen duen bezala. Jakin behar da herriak, gizabanakoek, ez dutela nahi, eta ez dutela behar horrelako jantzirik. Gatazka politiko eta sozialek noski jarraituko dutela gurean baina ariketa politikoaren bidez saihestu beharko dira.

Orain, iraganeko sufrimenduaren etapa ixtea tokatzen zaigu Hegoaldean. Gure herriko gehiengo handiak jada amaitutzat jota duena. Iraganeko zerbaiten gisa bizi duena eta gertatutakoaz ez hitz egitea nahiago duena, alegia. Presoen eta biktimen arazoa, berriz, jendeak gero eta distantzia handiagoz eta bazterreko zerbaiten gisa ikusteko arriskua dago, arazoa beraiena soilik izango balitz bezala.

Hau gerta ez dadin, behar-beharrezkoa, ezinbestekoa, elkarbizitzari aurre egitea da. Bada aukera horretarako, inork bere ideia politikoei uko egin gabe. Duela gutxi Sara Buesak hauxe esaten zuen: «Nik, ETAren biktima izanik, ez dut inongo arazorik esateko GALek inoiz ez zuela existitu behar, gaizki egon zela eta min bidegabekoa eta erreparezina sortu zuela. Pertsonalki ez dut nahi inor nire aurrean belaunikatu edo astintzerik. Errua ez zait interesatzen. Erantzukizuna, ekintzara zuzendutako erantzukizuna interesatzen zait. Bidera itzultzea, egindakoaren onarpena eta erruak erreparatzea».

Ezker abertzalea honelako hausnarketa egin beharrean dago. Zenbat eta gehiago atzeratu, orduan eta zama handiagoa ari delako uzten presoen gain, eta hori ez da bidezkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.