Militante feminista

Ez dago logelarik norberarentzat

Naia Torrealdai Mandaluniz
2026ko ekainaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Virginia Woolfek zioen emakume batek bi gauza behar dituela idazteko: dirua eta logela bat. Espazio bat, inor sartuko ez dena. Duela astebete etorri zitzaidan burura klasikoa. Bilera batetik bueltan, Errenterian gertatzen zebilenaren inguruko post-ak irakurtzen. 

Bertso eskola batean gertatu da oraingoan. Lehenago Kukai dantza taldean izan zen. Lehenago beste nonbait izango zen, eta lehenago beste batean. Zenbat eta gehiago aldatu gauzak, orduan eta gehiago berdin jarraitzen dute. Protokoloak sortu eta aldatu dira, kontzeptuak irentsi dira, adierazpen instituzionalak berritu. Baina ezer gutxi aldatu da. Berdin jarraitzen du feminismoarekiko jarrera oldarkorrak eta epai etengabeak. Prozesu feministarik edo indarkeria matxistaren aurkako protokolorik martxan inoiz jarri ez duten moralaren orojakileak, gehienbat. Nola ez, medioen hauspotzearekin.  

Woolfek zioen norberarentzako logela bat izatea ez dela luxua. Beharrezko baldintza materiala dela pentsatu eta existitu ahal izateko. Esan liteke eraso matxista bat jasandako kide batentzako ere hori dela konfidentzialtasuna: logela bat. Ez da isiltzea edo egia ezkutatzea. Espazioa da, berarena, non erabakitzen duen noiz, nola eta zer esan. 

Woolfek zioen emakumeek behar dutela logela bat berea, existitu ahal izateko. Biktimek ere bai. Ez soilik egoteko: beraien esperientzian bizi ahal izateko, beraien erabakien arabera. Eta hori da Oreretako Mugimendu Feministak egin duena. Txikitik. Behetik

Errenterian erasoa jasan zutenek barne prozesu bat aukeratu zuten kasu batean. Bestean, publikotasuna. Bi erabaki ezberdin, prozesuaren baldintza ezberdinei erantzuten dietenak. Biak legitimoak, biak feministak. Izan ere, protokoloa aktibatzen denean oinarrian dagoena erasoa jasan duten kideen erreparaziorako baldintzak dira. Beraien denbora eta beraien bizipenarekiko erabaki subiranoa. Erdigunean dagoena, komunitatearen (erasoa jasan eta erasoa eragin dutenak barne) erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea dira. Arazoa, beraz, ez datza konfidentzialtasuna versus publikotasuna dikotomia erredukzionistan. Arazoa prozesuaren akordioetatik kanpo dagoen norbaitek —gizon batek—, transparentziaren izenean eta interes propioei erantzunez, publiko zer eta noiz izan behar den erabakitzen duenean dator. Adostutako konfidentzialtasuna apurtuz sortzen diren zurrumurruak dira arazo, ez konfidentzialtasuna bera. Orduan, logela desagertzen delako. Sare sozialek hartzen dute espazioa. Medioek. Ikuskizunak. 

Zergatik eskatzen zaie biktimei erasotzaileei baino gehiago? Sistemari erantzungo dioten biktimak nahi direlako: Indartsu badaude —«ez dira hain biktima». Pribatuan mantendu bada —«zerbait ezkutuan daukate». Publikoki salatu badu —«mendekua nahi du». Plaza publikora datuak eta seinalamenduak ateratzea eskatzen zaie maiz, etika edo transparentzia ariketa egitea. Nolatan, baina, plaza publikoa patriarkala eta punitibista bada? Beharbada eskaera hau egiten dutenek ez dakite eraso matxista bat jasotzea zer den eta erosoago daude erasotzaileak munstro legez irudikatzen, beraien ispilutik at. 

Biktimen defentsa argudiatuz ikusi ditugu EAJ, PSE eta PPko bozeramaileak, Errenteriako udalari akusazioak egiten, eta erasoa jasan dutenak jokoz kanpo uzten. Horrela, fokua erabat desplazatu dute. Mugimendu feminista bihurtu da auzipetua [...] Hori betiko zigor mekanismoa da, diluitutako pintura morez estalia

Zergatik eskatzen zaio Mugimendu Feministari erasotzaileei eta instituzioei baino gehiago? Protokoloak idatzi ditugu, eta behin eta berriz ikasi dugu ez direla nahikoa. Bilgune Feministak urteetan lan egin du antzeko kasuetan, eta ondorio garbi batera iritsi da: Protokoloa ez da sinadurak biltzen dituen paper bat. Komunitate baten praktika politikoa da. Gurea bada feminismo antipunitibista bat. Euskal feminismoak bere oinarrietan dauka erreparaziorako bidea akabatu beharreko munstruo erasotzaileak izendatzetik baino komunitateak eusten dituen eta erasoak egiten dituzten gizonak deseraikitzetik datorrela. Bide horretan, proportzionaltasuna defendatzen du. Azken garaian baina antipunitibismo hitzak batzuetan mugimendu feministaren autodefentsa estrategiak deslegitimatzeko erabili dira. Feministei zorroztasuna eta justizia eskatzen zaie, bitartean, instituzioetan dauden arduradunak kanpaina politikoan daude: biktimen defentsa argudiatuz ikusi ditugu EAJ, PSE eta PPko bozeramaileak tituluak betetzen, Errenteriako udalari akusazioak egiten, eta erasoa jasa dutenak jokoz kanpo uzten. Horrela, fokua erabat desplazatu dute. Mugimendu feminista bihurtu da auzipetua, eta komunitatea —protokoloa bete ez duena zein inguruko babes sarea— bigarren plano batean geratu da. Eta hori ez da babesa, justizia, proportzionaltasuna edo antipunitibismoa. Hori betiko zigor mekanismoa da, diluitutako pintura morez estalia. 

«Nola gorde errautsa kolkoan?», dio Miren Agur Meabek, «azkura sentitu eta eztulik egin gabe»? Oreretako Mugimendu Feministak badaki. Urteak daramatza errautsa gordetzen: barne prozesuetan, bilerak eginez, gauerdiko mezuak erantzuten. Orain, beste batzuek prozesuak hautsi, erdigunea hartu eta suziri bihurtu dute, botere joko-zelai. Imajinatzen ditut Errenteriako feministak medioek inposatutako berehalakotasunari erantzuten, jakinda tituluek ez diotela indarkeria matxistaren konplexutasunari atenditzen. Imajinatzen dut beraien frustrazioa, haserrea eta mina. 

Woolfek zioen emakumeek behar dutela logela bat berea, existitu ahal izateko. Biktimek ere bai. Ez soilik egoteko: beraien esperientzian bizi ahal izateko, beraien erabakien arabera. Eta hori da Oreretako Mugimendu Feministak egin duena. Txikitik. Behetik. Eta etengabe logela hori eraikitzea da Euskal Herriko Mugimendu Feministak egiten duena: ez txosten bat, ez protokolo bat. Erreparaziorako berme bat. Guk bai,  babesaren, zorroztasunaren eta proportzionaltasunaren izenean.

Eta hurrengo aldian— izango baita hurrengo aldia —berriz hasiko gara. Agian, neke pixka bat gutxiagorekin. Itxaropen hori daukat, behintzat, etxeko logelara bidean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE