Etiker

Ez dezagun gutxiets arlo publikoaren balioa

Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo Garcia eta Joxemari Muñoa
2024ko apirilaren 10a
05:00
Entzun

1. Mendebaldeko gure gizarteetan, aspalditxotik hona, bi pentsamolde txandakatu ohi dira, pendulu modura. Lehenengoaren arabera, sektore publikoak funtsezko rol ekonomikoa jokatzen du (batzuetan, aurrean jarririk, lokomotor gisa, eta beste batzuetan —kasu gehienetan—, atzean kokatuta, sektore pribatuaren jarduera babestu eta osatzeko). Bigarrena, ordea, ez da iritzi horretakoa.

Ekonomia ondo doala dirudienean, finantza-baliabide gehienak dituen sektoreak ahalik eta murrizketa gutxien nahi izaten ditu bere jardunean (ekimen- eta enpresa-askatasuna, merkatu librean oinarriturik), eta behin eta berriro adierazi ohi du kudeaketa pribatua eraginkorragoa dela beti. Aldiz, jarduera ekonomikoa moteltzen denean, sektore berberek eskatzen dute esku-hartze publikoa, herritarrei, oro har, «gaitz handiagoak» ekiditeko.

Egungo sistemaren barruan, merkatuak, batez ere, bi baldintza eskatzen dizkio estatuari, harreman ekonomikoak ongi artikulatu ahal izateko. Lehenengoa da gizarte-esparru bat eratzea, non merkatuari askatasunez funtzionatzeko aukera emango zaion. Horrek esan nahi du, besteak beste, eskubide gisa aitortu eta bermatuko dela ekoizpen-bitartekoen jabetza pribatua (baliabide naturalak, kapitala, lana). Bigarrenik, gizarte egonkor bat berma dezala, era guztietako jarduera ekonomikoen funtzionamendu normala ahalbidetuko duena. Horretarako, estatuan ezarrita den legeriak erosle eta saltzaileen eskubideak aldeztu beharko ditu, merkatu librearen barruan.

2. Etikaren ikuspegitik, alabaina, irizten zaio zenbait gai ez zaizkiola merkatu libreari utzi behar, askotan, merkatu horrek porrot egiten baitu gai horiek ebazteko orduan. Pertsona guztiok, izan ere, ez gaude baldintza ekonomikorik homogeneoetan. Kontuan izan behar da «lehia perfektua» ez dela existitzen, teorian izan ezik: enpresa ahaltsuek bitarteko gehiago dituzte lehiakide ahulak paretik kentzeko eta kontsumitzaileei baldintza okerragoak ezartzeko. Are gehiago, egiaztatuta dago merkatu askeak berdintasunik ezak areagotzeko joera duela eta, ondorioz, gizakion arteko bizikidetza gatazkatsuago bilakatzen dela. Teoria ekonomikoaren barruan onartzen da «merkatuaren akatsak» egon daitezkeela, eta, eskandalagarri bihurtzen direnean, administrazio publikoari esku har dezala eskatzen zaio akats horiek arintzeko. Hala, birbanaketa-mekanismoak sortzen dira eta, modu horretan, sistema mantentzea lortzen da.

Era berean, erabiltzaileek finantzatu ezineko «ondasun publikoak» (osasungintza, hezkuntza, kaleak asfaltatzea eta argiztatzea, ingurumena zaintzea, defentsa...) sektore publikoaren kargu joaten dira eta dohainik eskaintzen zaizkio herritarrari, zergen bitartez finantzatzen direlako.

Gorabehera ekonomikoak saihesteko edo gutxitzeko ere erabil daitezke finantza publikoak, eragileei konfiantza handiagoa ematearren, atzera egiteko joera izaten baitute eragile pribatuek jardueran arrisku handiegia ikusten dutenean.

3. Sektore publikoak nola jokatu behar duen juzgatzeko orduan, lehenik eta behin argi eduki behar da zein den jarduera ekonomiko horren xedea. Adibidez, diru-onurari lehentasuna emateko pentsamenduarekin, esan ohi da etekinik handiena lortzera bideratutako jarduera pribatua bultzatu behar duela estatuak. Aldiz, gizakiaren ongizate integrala bilatzen duen pentsamoldetik, egiazko giza premiak aseko dituen ekonomia ahalbidetzeko apustua egin dezan eskatzen zaio administrazio publikoari, pertsona orori bizitza duin baterako oinarrizko premiak estaltzeko konpromisoarekin. Hori litzateke benetako estatu soziala.

Sektore publikoaren helburu nagusietako bat ondasun erkideari lehentasuna ematea da, baina guztion erantzukizuna da hori lortzea. Estatuari, zentzu zabalean ulertuta, ez dagokio dena egitea. Ekimen pribatuak, batez ere izaera soziala duen kasuetan, gaitasun handiagoa du erabiltzailearengandik hurbil dauden jarduerak garatzeko (hezkuntzaren lehen faseetan gertatzen den bezala); gauza bera esan daiteke gure herrietan sortu diren lantegi txikiez, edota, kooperatiba edo sozietate anonimo laboral gisa funtzionatzen duten enpresa handiagoei buruz. Administrazioari dagokio ekimen horiek sustatzea, betiere subsidiariotasun-printzipioa gorderik. Izan ere, zerbitzua ondo emanda baldin badago eta inplikatuek zuzeneko parte-hartzea badute, zergatik murriztu herritarren parte-hartze hori?

Hala ere, sarri ikusten ditugu estrategia alderdikoiak arlo publikoa administratzeko orduan, funts handiak erabiltzen direnean, batik bat. Askotan, alderdiaren hauteskunde-garaipenari —edo zenbait agintariri, kasurik okerrenean— mesede egiten dioten edo ez kontuan hartuta pentsatzen eta erabakitzen baitira neurriak.

Ondasun publikoa alderdien, estatuko erakundeen edo gobernu beraren gainetik dago, eta arreta handiz zaindu behar lukete guztiek, batez ere, hura zaintzeko ardura duten erakundeek.

Hori da oinarri ideologikoa administrazio publikoak zertan gastatu behar duen eta horretarako diru-sarrerak nola lortu behar dituen erabakitzeko. Beste hausnarketa batzuetan jorratuko ditugu gai horiek. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.