«Ez gara garenaren jabe»

2023ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Antologikoak iruditu zitzaizkidan Joseba Sarrionandiak Oiartzunen Abestiak eta herriak lelopean antolatu ziren hitzaldian aipatutako hitzak. Hala da, norgehiagoka ari garen udalerrietan, funtsean esentzia galtzen ez ote gabiltzan diot, kultur alorrean dabiltzan eta gabiltzanen esparrutik begiratuz.

Aspaldi baten Kaukasoko Georgian bizi izandako bizipen labur sakona etorri zait burura, han ere Kuban eta hemen bezalaxe, mahai baten inguruan, janez eta edanez, kantatzen dute, une oro aldarriak jaurtiz eta besoak jasoz, eskariei topa eginez.

Eta parekotasun horretan, nor garen adierazteko hizkuntza dugu oinarri eta eredugarri. «Bi gauzak salbatu izan digute Georgiaren etorkizuna: bata Hizkuntza (hizkuntza zaindu eta landu behar den lehen balorea baita) eta bestea, kantua, eta bi hauexengandik gaude bizirik georgiarrok», hori zioskun bertako lagun batek.

«Euskaldunok ere berdintsu egiten omen duzue, kantatu eta zuen hizkuntza zaindu», zioen kontalariak. «Badakigu euskaldunok aspaldidanik ari zaretela zeuenari eusten, nortasuna gordetzen, eta erroak mantentzen». Georgiarrentzat lurrari maitasuna eskaintzea eta bizitzari errespetua gurtzea dira izaterik preziatuenak.

Eta hala ba, iurretarrak dioskuna kontuan hartzekoa da: «Euskaldunok ez dugu identitate arazo bat, komunikazio arazo bat dugu». Argiago esaterik ez dago. Eta komunikazioan, esaten eta adierazten duguna eta hartzen edo jasotzen duguna dago. Erdal hizkuntzaz biziz, jasotzen duguna: %90ean, kanpotik datorkiguna da. «Ipar Euskal Herrira goaz, frantsesik gabe ezin dugu komunikatu», dio Josebak.

Eta agian betikora goaz, hirietan, Bilbo kasu, erdara dugu nagusi bizikidetzan. Komunikazioaren %90ean bizi duguna erdaraz da, beraz, izenburura noa: «Ez gara garenaren jabe». Ahozko eta idatzizko komunikazioa erdarapekoa da. Mintzaira nagusia, idazkera eta irakurketa erdara da. Hauxe da beraz panorama, gure kulturaren eta geure hizkuntzaren gozamenean gutxiengoak garela geure herrian. Eta erdal kulturak irensten gaituen honetan, hala ere, geure ghettotxoetan izango dugu ziurrenik batekin eta besteekin euskal kulturaren gorabeherak eztabaidatzeko aukera.

Komunikazio arazo horietan, oraintxe irakurtzen dut euskararenganako diskriminazioa dagoela Googelen, eta hala ere, euskaraz kantatzen duen herri honetan, jakin badakigu erdarazko hizkera eta entzumena dela gehiengoa.

Horrexek esplikatuko luke agian Josebak dioenaren desjabetze galderei dagokien erantzun zuzena. Euskaldunok ere bizitzaren kontraesanean bizi garela, zeren, politikan abertzaleen gehiengoak ez du suposatzen gure kulturan eta hizkuntzan biztanlegoaren gehiengoak izatea.

Eta komunikazio alorrean, goraipatzen duguna, inporta zaiguna eta geu garen horretan inporta zaiena begi-bistan da folklorea dela batik bat, eta medioetan darabilten eta darabilgun eguneroko sukaldaritza. Jakina, gure naturaren eta lurraren edertasunak ere jartzen ditugu nor garen eta non gauden adierazteko. Lurra, garenaren zentzu eta ikur, lurra ispilu. Honetan guztian, lurraldetasunak egokitzen gaitu. Zein gune ederrak dauzkagun eta zein ederto jaten den Euskal Herrian! Horiexek adierazten eta hornitzen dituzte batik bat gure kulturaren ezaugarri nagusiak.

Horrela gauzkate, hauexek dira gure lurraldeko identitatearen ikurrak: «Folklorea, kirola eta janaria», bizi beharreko hiru elementu horietan adituak gara, horiexek dira gure bizibideko osagarriak eta baliabideak. «Gutasun sentimendu kolektiboaren euskarriak».

Beraz, izan daiteke eta badirudi hauexek direla oinarrian interesatzen zaizkigun eta kanporatzen ditugun bizibiderako geu garenaren jabe horren lanabesak. Hau ote da ba gure esentzia? Hala dirudi.

Hala ere, Abestiak eta herria zen antza oiartzuarrek Sarrionandiari eskainitako mintzairaren izenburua. Eta herria diogunean, nazioa ere diogu, eta nazioa zer den definitu beharra dago Sarrionandiaren ustez; ondotxo daki definitzen zer den gure herria. Aspaldi baten berak definitutako gure herriari neuk ere musika jarri nion eta sarritan aipatzen dut ez dudala inoiz ez inon irakurri hain definizio argiagorik ezta zehatzagorik ere. Halaxe dio bere Badakizu zer den gure herrian poema adierazgarri eta esanguratsuak:

Gure herria lokatzeko mapa bat da?
Etsaiari sinetsi genion ipuina?
gure herria, harriak zeinek urrunago jaurti
jokoan ari diren haurrena da?

Gure herria ibiliala orkatiletan korapilatzen
zaizkigun kaleak dira?
gure herria topografia eta marketin
hipotesi oker pare bat da?

Gure herria itsaso gabeko balea da?
abuztuko elurtea?
helbiderik gabeko gutuna?
Hiztegi apurtu eta triste bat ez bai ez ez ez dioena?

Gure herria erditua izateko dago?
Erditze natural ala zesartarra?
eta zer egiten du ba gure herriak hor
geure herriaren zain?

Euskal Herria deitzen den lurralde lekutara
begira gelditzen da goizero,
planeta lurretik urrunera bailitzen
bere izen propioa ere entelegatu ezinik.

Eta geure herriaren zain horretan, «garenaren jabe ez izateak» nahiaren eta ezinaren alorrean gabiltzala ematen du. Sentipenak bizipena dakar eta hor badugu zeri ekin. Nonahi eta noiznahi argi izpiak bidaltzea izan beharko da gure ekinbidea eta aldez eta moldez nahiaren beharrizanak taxutzea. Sormen lana itzela da gurean, eta ekimenak, betiere, baliagarri eta esperantzagarri zaizkigu eta egin izan diren eta egiten diren lanak bizirauteko lanabesak dira, eta goraipatzea dagokigu.

Haziak ereinda, eginahalak fruituak dakarzkigu, eta, agian, garai eta abagune berrietan sartuko gara, eta betiere, ezinaren ekinaren eginahalaz lortzen dira gauzak, eta esperantzari leiho bat zabal diezaiokegu. Hala bedi! Folkloreaz eta kirolaz gain, Sarrionandiak dioen eran: «Komunikazio modu zuzenena da hizkuntzarena». Eta hizkuntzaren eta Kulturaren sakontasunean murgiltzeak beti ekarriko dizkigu garenaren jabe izateko aukerak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.