Ez zaituztegu sinesten. Justizia Xubanentzat

Aitziber Beitia eta Zigor Oleaga
2013ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Jakin dugunez, Ana Jesus Zulueta epaileak, Gasteizko Instrukzioko 2. zenbakiko epaitegikoak, artxibatu egin du Xuban Nafarreteren familiak Ertzaintzaren jardunaren aurka jarritako salaketa. Greba orokorraren egunean, 2012ko martxoaren 29an, polizia autonomikoak tirokatutako pilota batek konorterik gabe utzi zuen Xuban gaztea, eta sei egunez egon behar izan zuen ZIUn.

Ez ditugu sinesten. Nor eta Ares: orduko hartan esan zuen ez zituztela pilotak jaurti, eta Xuban eta bere familia gezurretan ari zirela. Nor eta polizia operatiboaren burua, eta tiratzailea bera ere: epaiketan deklaratu zuten, baietz, tiro egin zutela, baina pilotarik gabe, salba hutsa izan zela. Nor eta epailea: hainbeste sinesten du poliziaren hitzen egiazkotasunean, non ez baitie deklarazioa ere hartu Xubanen senideek proposaturiko lekukoei, eta ez du zalantza izpirik ere ikusten bideoko irudietan, zeinek tiro hotsa erakusten baitute, eta segidan norbait lurrera ziplo erortzen dela; gainera, baliozko erreferentzia bakartzat hartzen du auzitegiko medikua, ez Xubanek aurkeztutakoa. Horrela, epaileak ondoren (edo agian lehenago) ondorioztatu du, nola ez, Xuban hil zezakeen kolpea eroriko baten ondorio izan zela, bere kabuz ihesaldian tupust egin eta erortzean. Baliteke Aresek, bertan ziren ertzainek eta epaileak zalantza egitea, ez ote zuen Xubanek kolpe hori nahita eragin, zehazki Ertzaintzaren eta oro har instituzio demokratikoen izena berariaz lohitzeko. Zalantza hori ere argitzeko aukera izango dute Xubani eta beste bi pertsonari desobedientzia egozten zaien epaiketan; izan ere, lotsagarriki, horretan geratu da poliziaren aurka jaio zen salaketa.

Ez ditugu sinesten. Martxoaren 29 hartan haien ekintza biolento orokorra jasan genuelako, grebarako eskubidea ere urratu zuena, orduan esan genuen bezala. Pilotak tirokatzen ikusi genituelako, arratsaldeko manifestazio jendetsuan ere, milaka pertsona zituztela jomugan. Hurrengo egunean berriz ere amorruz kargatu zutelako Gasteizko akanpada mugimenduak deituriko kontzentrazioan; Xubanekiko elkartasuna adieraztea eta poliziaren biolentzia salatzea zuen helburu kontzentrazio hark. Eta egun bat geroago ere, Xuban pilotaren marka buruan Zaintza Intentsiboko Unitatean zegoela, arma berdinak Iñigo Cabacas lurperatu eta gutxira, zera mehatxatu zuten, oso modu sentiberan eta proportzionaltasun handiz: «Poliziaren aurka aldarririk oihukatuz gero, kargatuko dugu», eta zalantzarik egotekotan, berriz, hau gehitu zuten: «Pilota-pistolekin».

Ez ditugu sinesten, hau ez delako kasu bakan bat. Ez poliziaren jardunari dagokionez, ez gertakarien ondorengo ezkutatze eta itxuraldatzeari dagokionez ere. Galde diezaiotela bestela Iñigo Cabacasi, bere familiari, hasieratik salatzen ari baita etengabean Barne Sailak ikerketan jarritako oztopoak eta atzeratzeak. Galde diezaiotela Arartekoari, Ertzaintzari askotan errepikatu baitizkio oinarrizko gomendio berak, indarkeriaren neurriko erabilerari buruz, berme judizialei buruz eta salatzailearen hitza baliogabetzeko asmoz salatzailea salatzeko automatismoari buruz, helburu duena delituren bat egotziz inpunitate eta beldur mezua helaraztea agenteren bat salatzeko asmo txikiena duenari. Eta, noski, gauza bera errepikatzen dihardu hamabost urte hauetan ez zaiolako inolako kasurik egin. Iñigo Cabacasen erailketaren inguruko informazioa eskatu besterik ez zuen egin Arartekoak, hain zuzen herriaren defendatzailea den kargu publiko horrek, parlamentuak berak jarritako kargua, alegia, eta polizia autonomikoaren erantzuna, Ares buru izanik, informazio hori ukatu eta publikoki Iñigo Lamarcaren aurka gogor egitea izan zen, behintzat gertakarien parte bat argitzen saiatzeagatik; hori horrela izanik, beraz, zer errespetu izango die kaleko pertsonei eta herri mugimendu eta sindikatuei? Baldin eta epailetza arduradun politikoen eta biolentziaren monopolioa legez darabilten polizien hutsak estaltzen aritzen bada haien gehiegikeria saihesten ahalegindu beharrean, nola espero dezakegu justizia?

Ez ditugu haiek guztiak sinesten. Xuban sinesten dugu, Xuban konorterik gabe zegoenean gertaturikoa kontatu zuten lekukoak sinesten ditugu. Baita egun hartan ikusi eta bizi izandakoa eta beste kasu eta leku batzuetan gertatutakoa ere. Auzitegietan eta bulegoetan poliziak errugabetasun presuntzioarekin saritzen dituzte, eta herritarrei, aldiz, erruduntasuna egotzi. Gure artean, esperientziak diosku alderantziz dela. Agian komeni litzateke aditu inpartzialak baimentzea kasu horiek argitzeko, baina badirudi auzitegietan, behintzat, ez dugula halakorik aurkituko. Nolanahi ere, Xubanentzako justizia eskatzen dugu, eta maila guztietan erantzukizunak banatzen has daitezela.

Ez ditugu sinesten, eta ahalik eta ozenen esateko beharra sentitzen dugu. Izan ere, eskubide sozial, zibil eta politikoen murrizketa uholde honen aurrean, politika ofiziala ustela eta diruaren mirabe den bankukrazia testuinguru honetan, protesta egiten jarraitu beharko dugu, kalera ateratzen. Xuban kasik hil zuten greba hartatik, gero eta arrazoi gehiago pilatu ditugu horretarako. Bidegabekeria hau salatzea beharrezkoa da, zeren eta gaur ez badugu egiten, etorkizunean antzeko egoerak gertatzeko aukerak gehiago izango dira.

Hori guztia salatzeko eta Xubani elkartasuna adierazteko, kontzentraziora deitzen dugu asteazken honetarako, Olagibel kaleko Ertzaintzaren polizia etxe aurrean, arratsaldeko zazpiak eta erdietan. Kaskoa buruan bertaratzera animatzen zaituztegu. Batetik, Xubani gertatu moduan, buruan kolpe bat hartu eta hiltzeko arriskuan jar gaitzaketen ezusteko erorikoak ekiditeko. Baita Aresi, Ertzaintzari eta epaileari gure borondate ona frogatzearren ere, tankerako zoritxarreko istripuak saihestuz, inongo gaizkilek poliziaren eta instituzio demokratikoen izen ona lohitzerik izan ez dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.