Ikasturte honetan, jardunaldi zatitua ezarri nahi ez dugun Nafarroako ikastetxe guztietan bozkatzera behartuta gaude; horrek dakarren guztiarekin. 2022ko urtarrilean, Carlos Gimeno Hezkuntza sailburuak eskola jardunaldien ordutegiak arautzen dituzten bozketetan eskatutako gehiengoak eta baldintzak Foru Agindu berri batean berrikusiko zituela hitzeman zigun arren, ez du bere hitza bete, eta orain proposatzen duena ikastetxe guztiak berriz jardunaldi zatitua izatea da. Nafarroako ikastetxeen %84ren errealitatea eta hezkuntza-komunitateek hartutako erabakiak kontuan hartu gabe. Izan ere, ikastetxe hauek jardunaldi zatitua ez den beste ordutegi bat jada aukeratua baitute: malgua zein jarraitua.
Hezkuntza Departamentuan Foru Agindu berrirako balizko konponbideak eta hobekuntzak aztertzeko lantalde bat sortu zen Hezkuntza Komunitateko eragileekin (guk parte hartzeko eskaera egin arren, ezin izan genuen parte hartu). Baina hezkuntza eragileek egindako proposamenak ere ez ziren kontuan hartu: gehiengoak berrikustea gehiengo sinplera/soilera bide eginez, garraioak edo jantokiko diru-laguntzek sortutako arazoak konpontzea...
Aitzakia moduan LOMLOEk gehiengo kualifikatua edo berezia eskatzen duela esaten zuten, baina interpretazio hori interes jakin batzuen araberakoa, maltzurra eta neurrigabea da. LOMLOEren arabera, Eskola Kontseiluetako erabakietan soilik erabili beharko litzatekeelako, eta ez familien bozketetan.
Uda honetan, Gobernu Irekiaren bidez, kontsultarako baino ez den partaidetza-prozesu bat ireki zen, ez baitziren kontuan hartu zenbait eragile eta norbanakok Foru Agindu berriari egindako ekarpenak. Horren erakusgarri da aurkeztutako 70 proposamenetatik bost besterik ez, eta erdizka onartu izana.
Orain arte, esperimentala edo behin-behinekoa zelako jardunaldi jarraituaren edo malguaren ebaluazioa behar zela berretsi izan dute. Baina ez dute txostenik argitaratu, ezta horren inguruko zehaztasunik eman ere. Orain, ordea, Hezkuntza Departamentuak jardunaldi-mota eskola-errendimenduarekin lotzen duen daturik edo azterlanik ez dagoela onartzen du. Baina hiru modalitateei izaera ofizial bera ematen die ikastetxeen hezkuntza-dinamikaren araberako urteroko autoebaluazioetan oinarrituta. Aldiz, ikastetxe guztiak, berriro ere, oso zailak diren prozesuak abiatzera behartzen ditu. Izan ere, jardunaldi mota guztiak berdintasunez tratatzeko, hezkuntza-komunitateari ordutegi zatituak izan dezakeen benetako babesaz galdetu beharko litzaioke; eta hori ez dute inoiz mahai gainean jarri.
Joan den azaroaren 3an, sindikatu guztiek kontzentrazio bat egin zuten Foru Agindu berriaren zirriborroa ez onartzea eskatzeko. Baina, aldi berean: jardunaldi zatitua ezartzen du ikastetxe guztientzat, ez du ikastetxeetan hartutako erabakien gehiengoaren iritzia errespetatzen, ikastetxeei autonomia kentzen die eta irakasleen erabakitzeko ahalmena kentzen du. Araudiak ez baitie baliabide gehiagorik ematen ikastetxeei eta, batez ere, garraioak eta jangelako diru-laguntzek sortutako arazoei irtenbiderik ematen ez dielako.
Azaroaren 7an, Nafarroako Eskola Kontseiluaren osoko bilkurak Foru Aginduaren zirriborroa onetsi zuen, ondoren argitaratu ahal izateko. Organo hori 35 pertsonak osatzen dute. Bozketan Foru Aginduaren aldeko hamalau boto egon ziren, aurkako lau eta abstentzio bat. Gauzak horrela, osoko bilkuraren %40aren babesarekin, prentsan «gehiengo zabal» batekin onartutzat eman dela zabaldu da. Hain zuzen ere, eskola jardunaldia aldatzeko onartu nahi den Foru Agindu berri honek, gainerako estamentuetarako gehiengo kualifikatua edo berezia eskatzen duenean. Hau da hau marka! Familien bozketetan bezala, zergatik ez dituzte ezezko bozka bezala zenbatzen bozkatu ez dutenen edo zuriz bozkatzen dutenen kopurua? Argi dago: horrela ez litzatekeelako Foru Agindu berria aurrera aterako.
Horrekin guztiarekin, Eskola Jardunaldiaren aldaketa gehiengo soilez plataformatik deitutako deialdi honetara iritsi gara, eta, berriro ere, Hezkuntza Departamenduari, denbora honetan guztian sortutako arazoei irtenbidea emango dien Foru Agindu berri bat egin dezala eskatzen diogu.
Bere garaian, Arartekoak ere kontuok berrikusteko proposatu zion; baita partaidetza portzentaje justuago eta adierazgarriagoak ezartzeko ere.
Azkenik, gure plataformak inplikatutako eragile guztiei eta hezkuntza-komunitateari berari, bidezkoagoa zein proportzionalagoa izango den eta gehiengoa ordezkatuko duen lege bat lortzeko mobiliza daitezen dei egin nahi die. Denon artean lortuko dugu! Foru Agindu honi ez!