Doktorego aurreko ikertzailea – Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutua

Ezinegonen mundu mapa atzerritarren bulegoko ilaran

Araitz Peña Mallona
2026ko apirilaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezinegona nagusi ikusi dugu azken hilabeteotan kaleetan, Atzerritarren Bulegoko ilaran, kontsulatu eta enbaxadetako atean, GKE gobernuz kanpoko erakundeen, zinpeko itzultzaileen eta abokatuen bulegoetan. Ezinegona, munduko mila hizkuntzatan, sukaldeetan, lan kontratu gabe ari den migratzailearen enpresan, zaintza lanean asteko zazpi egunetan ari den etxean. Asteon agertu da Estatuko Aldizkari Ofizialean atzerritarrek eta atzerritarren zuzenbidean dihardugunok hainbeste itxaron dugun Errege Dekretua. Ezohiko erregularizazioa arau da, eta egoera irregularrean dauden milioi erditik gora migratzaileri aitortuko die bizileku eta lan baimena.

2026ko urtarrilaren 27 hartan ikusitako albisteak ezustean hartu zituen iritzi emaile asko. ICE, Europar Batasuneko Migrazio eta Asilo Hitzarmena eta migratzaileen aurkako diskurtsoak nagusitzen diren garaian, badirudi Pedro Sanchezen gobernuak beste era bateko neurriak hartu nahi dituela. Baina bere borondatez bakarrik proposatu al du ezohiko erregularizazioa?

Egun hartan, duela ia lau urteko ekitaldi bat etorri zitzaidan burura. 2022ko ekain amaieran, Bilboko Plaza Eliptikoan batu ginen, migratzaileen elkarteek eta mugimendu anti-arrazistak deituta, Melillako mugan egindako polizia ekintzaren ondorioz gutxienez 37 pertsona hil eta 76 desagertu zirela salatzeko. Gogoan dut egun hartan, migratzaileen aurkako enegarren indarkeria ekintzarengatik samina erakusteaz gain, eurek argi zutela zein zen migrazio politika hiltzaileen aurkako lehen oinarrizko neurria: ezohiko erregularizazioa. Euren mobilizazioari esker, 2022ko abenduan aurkeztu zuten Legegintzako Herri Ekimena Espainiako Gorteetan, espainiar nazionalitatea duten 700.000 pertsonak baino gehiagok babestuta.

Erregularizazioak zuzenbidearen baldintzak nolabait erraztuko baditu ere, euskal gizarteak benetako harrera herria dela erakusteko asko behar du oraindik: errespetua, umiltasuna, paternalismo gutxiago eta elkartasun gehiago

Herri Ekimenak adostasun zabala lortu zuen: Eliza katolikoak, hainbat alderdi politikok, sindikatuek eta patronalak, eta gobernuz kanpoko erakundeek haren alde egin zuten bere garaian, baina, antza, migratzaileen indarra eta Estatuko egiturazko botereen babesa ez zen nahikoa izan prozedura legegileari beharrezko arintasuna emateko. Arean ere, 2024an tramiterako onartu zen, eta oraindik tiraderan gordeta dago.

Dekretuak, Gorteen mugimendu falta konpontzeaz gain, azken hilabeteotako ezinegonaren zati bat arindu du: argitu ditu zigor aurrekariak lortzeko zailtasunen egoerak ebazteko prozedurak, adierazi du nola egiazta daitekeen migratzaile baten zaurgarritasuna, eta GKEen esku jarri du kudeaketa lanaren zati handia. Baina ziurgabetasuna oraindik handia da arestian aipatutako lekuetan. Hiru hilabetetan egin beharreko prozedura, milioi erditik gora eskari eta ebazteko bulego bakarra, badira ardura atzerritarren antolakuntzaren inguruan ari garenontzat. Are gehiago, azken albisteen arabera, Atzerritarren Bulegoetako langileek deitutako greba kontuan hartzen badugu. Kalkulu politiko eta ekonomikoaren balantzan, administrazioaren baliabideen materialtasunak, ziurtasuna baino, zalantza gehiago eragiten dizkigu.

Nolanahi ere, albistea ospatzeko moduan gaude. Gizarte mugimenduak eta, batez ere, mugimendu anti-arrazistak, eragin handia izan du gobernuaren jardunbidean, eta Espainiar Estatua salbuespena da migrazio politika zorrotzagoak onartzen dituzten gainerako herrialdeen artean. Badira, hala ere, adi eta mobilizatuta jarraitzeko arrazoiak ere: iragan udan ikusitako arabiar jatorriko pertsonen ehiza, irain islamofoboak kalean eta kirolean, eta eskuin muturrak zabaldu eta nahastutako diskurtsoak, ezkerrak ere hartu dituenak. Gogoan izan behar ditugu, orain dela ez hainbeste, gure herrietako kaleak apaintzen zituzten Etorkin gehiegi pintaketa lotsagarriak. Erregularizazioak zuzenbidearen baldintzak nolabait erraztuko baditu ere, euskal gizarteak benetako harrera herria dela erakusteko asko behar du oraindik: errespetua, umiltasuna, paternalismo gutxiago eta elkartasun gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA