'Fatxa'da feminista

2018ko abenduaren 19a
00:00
Entzun

Martxoaren 8aren ondoren, Andaluziako hedabideek eman zituzten zifren kontaketa egiten ari nintzen, esateko milaka pertsona antolatu horiek erresistentzia antolatua zirela, Andaluzian Vox-i aurre egiteko. Sevillan 120.000 pertsonak kaleak hartu zituzten; Granadan 24.000k; Kordoban 20.000 pertsonak, eta beste hainbestek Malagan. Ez dakit Andaluziako beste erkidegoetan zenbat izan ziren, baina datu horiek nahikoa iruditzen zitzaizkidan Andaluziako mugimendu feministaren indarra handia zela pentsatzeko. Erresistentziarena. Eredu patriarkala dardarka jartzen saiatzeko kalea hartu zuten milaka emakumeena.

Bederatzi hilabete geroago —bizitza bat eratzeko behar izaten den denbora hain justu—, Andaluzia faxismoaren mehatxupean esnatu da. Guri sinestezina egin arren, nahierara dabil faxismoa.

Asturiasera nindoala (Espainia) Pikara Magazine aurkeztera —lana egiten dudan aldizkari feminista—, artikulu honetan pentsatzen nenbilen, zifren zenbaketan eta nondik nora heldu.

Ireki berri duten liburu denda batean aurkeztu behar nuen aldizkaria, eta, egia esatera, oso aurkezpen polita izan zen. Hitz egin genuen proiektuari buruz, nola sortu zen, kazetaritzaren erronkei buruz, gaur egungo eztabaida feministez, prostituzioaz, transfeminismoaz... gai guztiez, alegia. «Zein gustura egoten den lagunez inguratuta», pentsatu nuen, nire mintzaldiaren amaieran, aldizkari eta poltsa asko saltzeko prestatzen ari nintzen bitartean.

Orduantxe, une horretantxe, kaosa piztu zen, eta uste dut nik Espainiako erreinua hausten lagundu nuela, nahi gabe.

Oraindik zur eta lur nago, benetan. Sedizioaz akusatu ninduten ia-ia, nahaste bat baino ez zegoen arren jatorrian. Baina, antza denez, nahasketa hori barkaezina zen.

Leloa gaztelaniaz zeukan poltsarik ez nuen eraman. Are gehiago: soilik leloa katalanez zeukaten poltsak eraman nituen: La nit és nostra (Gaua gurea da). Sinets al dezakezu? La nit es nostra. Nostra. Nit. Espainia hautsi, nori bururatzen zaio halakorik?

Kide batek, gureetakoa dirudien horietako batek, minutu batzuk lehenago prostituzioaz, transfeminismoaz eta patriarkatuaren erresistentziaz hitz egiten aritu nintzen emakume horietako batek, suminduta itzuli zidan Pikara-ko poltsa ikusi zuenean zer hizkuntzetan idatzita zegoen lelo feminista. Zeren gauza bat baita pentsatzea gaua gurea dela, eta beste bat, oso ezberdina, sorbaldan lelo hori katalanez eramatea, Espainia apurtu nahi duen jende horren hizkuntzan; eta Espainiarekin egin dugu topo. Hortik ez. «Ez, ez, katalanez nik ez dut ezertxo ere eramango»; «Ez, ez, ezta pentsatu ere, inola ere ez»; «Nik katalanez ez dut nahi»; «Hartu, hartu, hartu».

Poltsa jaso nuen, sorpresazko irribarre lotsatiz, artikulu honetan pentsatzen nuen bitartean.

Nire oinarrizko hipotesia hau zen: sinestea Vox-en erresistentzia mugimendu feminista izango zela. Baina birrindu egin zen hipotesi hori nire begien aurrean nire Asturias maitean.

Une hartantxe asko akordatu nintzen Murtziako hiri batean (Espainia) kazetaritzari buruz eman nuen hitzaldi batez. Harridura eta gaitzespen begiradak jasotzen nituen publikotik «Euskal Herria» edo «estatu espainiarra» esaten nuen bakoitzean. Nahi gabe, baina hainbesterainokoa izan behar izan zuen eragindako zismak —zeren independentismoaz ikaragarri egiten baitut paso—, ezen hitzaldi hartatik hartu eta txiokatu zituzten mezu guztiak Espainiako banderaren emojiarekin argitaratu baitzituzten.

Uste dut hasi behar dudala barneratzen faxismoaren erresistentziaren eta feminismoaren arteko lotura ez dela naturala. Asko harritzen nau nola gure desiren eta gorputzen autonomiaren alde borrokatzen diren emakume batzuek ez dituzten hankak pixka bat ere busti Kataluniako autodeterminazio prozesuaren alde, patriarkatuaren moduko sistema homogeneo eta biolento bat apurtzen saiatzen ari den mugimendu bat izanik, elikaduraren subiranotasunetik edan eta edateko eskaintzen duen mugimendu bat, tradizionalki Mexikoko herrien edo Kurdistanen borroka babestu duen mugimendu bat —bi adibide jartzearren—.

Orduan pentsatzen dut Martxoaren 8an Sevillan atera ziren 120.000 pertsonek, Granadan atera ziren 24.000 horiek edo Kordoban kaleak hartu zituzten 20.000 horietako batzuek Vox-i eman ziotela botoa, eta orduan bururatzen zait berriz ere ohe estalkiaren azpian sartzea eta bizitzara ez itzultzea harik eta, gutxienez, beste bederatzi hilabete pasatu arte.

(Erredakzioan itzulia)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.