EHKSko kidea

Faxismoa eta Ameriketako Estatu Batuak

Manex Gurrutxaga
2026ko urtarrilaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken boladan asko hitz egiten da faxismoari buruz, eta horren adibiderik nabarmenena munduko estaturik boteretsuenaren agintean daukagu, AEBetako presidentetzan, alegia. Bi ezaugarri bistaratzen ari dira AEBetan azkenaldian. Batetik, inperialismo basatiena atzerri politikari dagokionez, eta, bestetik, sorgin ehiza eta estatu (para)poliziala barne politikan. Horren lekuko dira Maduroren eta Cilia Floresen bahiketak Caracasen eta Renee Nicole Gooden erailketa Minneapolisen, etorkinen aurkako sarekada baten aurka protestan ari zela. Askotan distopia inoiz helduko ez den ortzi-muga gisara irudikatzen dugun arren, egungo munduarekin parekotasun handiak dauzkala ikusi dezakegu.

Doktrina inperialista eguneratu du Trumpen administrazioak. Haien bizi espazioa dela diotena, oligarkia yankiarena, alegia, indarrez bereganatzen saiatzen ari dira, gutxienez Ameriketako kontinente osoa eta Groenlandia. Azken urtean Ekialde Hurbilean sarraskiari segida eman diote, Europa osoan hauteskundeen injerentzian eta eskuin muturreko alderdien finantzaketan dihardute eta Afrikan Somalia eta Nigeria ere bonbardatu dituzte, terrorismoaren aitzakian baliabide naturalen kontrola bermatzeko helburuarekin. Inperioaren dekadentzia garaian, are arriskutsuagoak ari dira bilakatzen AEBak. Ondo dakite, ordea, zertan ari diren, zenbaitetan kontrakoa ematen badu ere.

Barne mailan gauzak ez dira hobeak AEBetan. Eskuin muturreko talde paramilitarren eskutik etorkinen aurkako sorgin ehiza maila gorenera iristen ari da, eta gizon-emakumeen hilketa sistematikoa normalizatzen ari da. ICEk (Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarrak) 2025. urtean 65 mila lagunetik gora atxilotu zituen, eta 30etik gora hil egin ziren bere zaintzapean zeuden bitartean. Ideologia faxistako taldeak finantzatzen dituen bitartean, talde antifaxistak legez kanpo uzteko prozedurak abiatu ditu Trumpen gobernuak. Migranteen kanporatze masiboaren eta atzerriratzeen aurkako protesten erantzun biolentoak ere ohikoak bilakatu dira. Hau da Mendebalde osoarentzat nahi duten errezeta, duela hilabete pare bat aurkeztu zuten AEBen segurtasunerako estrategia dokumentuak dakarren moduan.

Faxismoaren gaurkotasuna eta duen botere maila frogatzen duen beste adibide ezin argiagoa Israelgo Estatua da, AEBen sukurtsala dena eta azken horri esker bizi dena hain zuzen ere, Ekialde Hurbilean bere interesak defendatzearen truke. Azken urteetan, gainera, are indartsuago eta bortitzago bihurtu da. Supremazista, espantsionista eta gerrazalea, apartheidean oinarritua, genozida, Gazan kontzentrazio esparru erraldoi bat daukana...

Faxismoa, horrenbestez, ez da soilik iraganeko fenomeno bat, ezta etorkizunean sortu daitekeen arrisku hipotetiko bat ere. Hemen eta orain ari da gertatzen, eta gurean ere boterea eskuratzeko aukera geroz eta errealagoa da, hainbat gobernuren eta oligarkia internazionalen zati handi batek diruz hornitzen baitute. Pentsa daiteke urgentziazkoa dela ezkerreko gobernuak berrosatzea, kapitalismo leunago batera itzul gaitezen, gutxienez. Baina, irtenbideari ekarpena egitetik urrun, ikusten ari gara nola ezkerreko gobernuak faxismoaren konplize izaten ari diren aurrez aipatutako auzietan. Beraien politikekin estatuen erreforma autoritarioa bultzatzen ari dira. Ikusi bestela Europako herrialde nagusien posizioa de facto Venezuelako estatu kolpearen alde edota etorkinen aurkako politikei dagokienez nola EB ari den onartzen Melonik proposatutako etorkinen aurkako neurriak. Faxismoari tokia egiten ari dira, alegia.

Zein da alternatiba? Faxismoaren eta bere oinarrian dagoen kapitalismoaren kritika erdigunean jartzea. Faxismoaren programa zuzenean eta ihesbiderik gabe konfrontatzeko gai izango den ikuspegi komunista kontrajartzea, lehenengoaren klase izaera agerian uzteko eta kapitalismoari alternatiba hegemonikoa izan daitekeen bakarra hezurmamitzen joateko. Kaleak hartzea eta horietan tinko mantentzea ere perspektiba militantearen indarguneetako bat da, aurreko astean Bartzelonan Nucleo Nacional erakunde naziaren aurkako protesta antifaxistetan ikusi dugun bezala. Faxismoari aurre egiteko, urtarrilaren 31n kaleak bete behar ditugu Bilbon eta Iruǹƒean. Guztion indarra eta kemena beharrezkoak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.