Goizeko 08:00etan premiazko agerraldia izan da Etxe Zurian. Karoline Leavitt bozeramaileak 75 segundoko adierazpen solemnea irakurri du:
«Egun on. Bart Presidentetzaren Kabineteak erabaki garrantzitsua hartu du. Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentea kargutik kentzea erabaki du, une honetan ez baita bere karguari esleitutako betebeharrak betetzeko gai. Azken asteetan berak hartutako aldebakarreko erabakiek argi erakutsi dute bere gaitasun mentalak nahastuta daudela. Arduragabekeria horiek arrisku larrian jarri dute nazioarteko ordena. Hori dela eta, Presidentetzaren Kabineteak, ezohiko bileran, erabaki hori hartu du, Estatu Batuetako Konstituzioari atxikitako Hogeita Bosgarren Zuzenketaren laugarren atalak horretarako bide ematen baitu. Konstituzioari jarraikiz, orain arte presidenteorde izan den James D. Vancek presidente kargua hartu du. Munduko herritarrek premiatu gaituzte. Planetaren etorkizuna arriskuan izan da. Egoeraren larritasunaz jabetuta hartu dugu erabakia. Ipar Amerikako herriak gure hautua ulertuko duelakoan gaude. Jainkoak bedeinka dezala Amerika».
(…)
Barka, irakurle. Konturatuko zinenez, aurreko paragrafoa fikzio hutsa da, neuk asmatutako amarrua, inguratzen gaituen eromenaz gogoeta egiteko aitzakia. Galdera da: munduko zenbat milioi pertsona poztuko lirateke aurreko hori egia izango balitz?
Txantxak bide ematen digu albiste faltsuen kontuak –Trump aitzindari– hartu duen dimentsioaz ohartzeko. Desinformazioa detektatzea gero eta zailagoa egiten ari da. Egun, adimen artifizialari esker, aski dira bost minutu artikulu honetako lehen paragrafoko deepfake edo ultra-faltsua den albiste itxurako produktu bat sortzeko, irudi eta audio oso errealistak erabiliz. Noski adimen artifiziala bera ere erabiltzen da deepfake horiek detektatzeko, baina adituen esanetan, ia ezinezkoa da produktu horien faltsutasuna %99ko probabilitatearekin detektatuko duen software bat garatzea. Zer egin orduan?
Zientziak aurrera egin behar du, jakina. Marko legalak ere, noski, baina funtsezkoa da norberak garatzen duen pentsamendu kritikoa, albiste iturrien jatorria egiaztatzea
Arazoa benetan larria da alderdi askotatik begiratuta: alde batetik, iritzi publikoa manipulatzeko ireki diren perspektibak ikaragarriak direlako eta, bestetik, justiziaren ikuspuntutik ere: nola bermatu epaiketa askotan aurkezten diren bideo eta audioen benetakotasuna? Teknologiaren sofistikazioa egunetik egunera garatzen ari den honetan, ba al daude bideo eta audioen azterketa zientifiko zorrotza bermatzeko gai diren profesionalak?
Aditu gehienak bat datoz esatean miraria ez dela toki bakar batetik etorriko. Zientziak aurrera egin behar du, jakina. Marko legalak ere, noski, baina funtsezkoa da norberak garatzen duen pentsamendu kritikoa, albiste iturrien jatorria egiaztatzea eta ez sinestea sakelakora iristen den lehenengo zurrumurru edo sasi-albistea. Labur esanda, alfabetizazio mediatikoan trebatu behar dugu. Egunero. Akademian, komunikabideetan, sindikatuetan, gazteen topaguneetan zein zaharren egoitzetan.
'The Great Dictator'
Donald Trumpekin hasi gara eta harekin jarraitu behar. Gero eta kezkagarriagoa da gizon laranjaren agintea hartzen ari den jite autoritarioa. Hain da ikaragarria munduaz jabetzeko erakusten duen irrika eta eskrupulu falta. Burura etorri zait 1940an Charles Chaplinek ekoitzi eta zuzendu zuen The Great Dictator film zoragarria, Chaplin bera protagonista izan zuena. Bada eszena bat burmuinean etengabe tak-tak egiten didana: Hynkel diktadorea (Hitlerren parodia) mapamundi bat irudikatzen duen puxika puzgarri handi batekin jolasean ari da, dantzan, liluratuta, bere boterea noraino irits litekeen xarmatuta. Eta halako batean zast! Lehertu egiten zaio puxika muturren aurrean. Akabo lilura. Depresioak jota geratzen da mahai gainean etzanda.
Bitxikeria asko aipa litezke film horren inguruan. Esaterako, Chaplin eta Hitler adinkideak ziren, kasik egun berekoak (1889ko apirilean jaio baitziren biak). 1940an biak ziren famatu eta biek ere bazuten goiko ezpainaren gainean orbantxo beltz ikonikoa: bibotetxoa. Antzekotasun fisiko horri etekina atera zion filmak.
Baina The Great Dictator, batez ere, autoritarismoaren aurkako satira politiko bikaina da. Chaplinek bi pertsonaia interpretatzen ditu: Hynkel diktadorea eta haren itxura osoa duen bizargin judua. Amaieran, nahasmen horretaz baliatuta, bizarginak –halabeharrez– diktadorearen nortasuna ordeztu behar du. Milaka soldadu eta herritarrak ditu aurrean. Irrati bidez zabalduko da mezua mundura. Jende orok aldarri inperialista sutsua espero du alegiazko Tomaniaren handitasuna (hots, Germania nazi) goresteko. Eta hara non, bizargin juduak hitzaldi sutsua bai, baina erabat humanista eta bakezalea egiten du: «sentitzen dut baina nik ez dut enperadorea izan nahi; hori ez da nire lanbidea. Nik ez dut inor gobernatu edo mendean hartu nahi». Testu osoa ahaidetasunaren eta antimilitarismoaren aldeko aldarria da. Soldaduei matxinatzeko agintzen die: «ez ezazue zuen burua entregatu benetan mespretxatu eta esklabo bihurtu nahi zaituzten horiei. Ez zaitezte putreen bazka izan. Ez borrokatu esklabotzaren alde, askatasunaren alde baizik». Amaieran, publikoaren bitartez, mundu osoari zuzentzen zaio: «borroka gaitezen arrazoiaren alde. Zientziak eta aurrerapenak, guztiok zorionera eramango gaituen mundu baten alde».
Chaplinek Hollywoodeko industriari erronka bota zion. Ez zioten oskarrik eman, ezta aparteko goraipamenik ere, nahiz eta obra gogoangarria izan. AEBetako gobernuak neutraltasuna mantentzen zuen oraindik eta Chaplinen obra ausartegia zen.
2026ko gobernua ez da neutrala. Chaplinen diskurtsoaren antipodetan dago. Edozein egunetan, edozein ordutan albistegia jarri eta Trumpen orroeak entzungo dituzue: «Zibilizazio oso bat hilko da amore ematen ez baduzue. Zabal ezazue itsasarte madarikatua, kabroi alaenak, edo infernuan biziko zarete», esan die aste honetan Irango agintariei. Fikzioa dirudi, baina egia da. Trump ez da deepfake bat. Antsietate orokorra eragiten duen gaixotasuna da.
Ondotxo dakigu denok eromen horretan Trump ez dagoela bakarrik. Israelgo gerra-kriminalaren aginduei jarraitzen die. Nola liteke hainbeste sufritu duen herriak hainbeste sufriarazten duen gobernaria izatea?
Borroka gaitezen, bai, arrazoiaren alde.