2012az geroztik, Jorge Adolfo Freytter Romero Elkartea lanean ari da Euskal Herrian eta Kolonbian, helburu nagusi bat lortu nahian: abokatu, sindikalista eta irakasle haren bahiketa, tortura eta hilketa argitzea. 2001ean gertatu zen guztia, Barranquillan, eta Kolonbiako Autodefentsa Batuen Iparraldeko Blokea talde paramilitarra eta polizia eta militar batzuk izan ziren egileak. Gaur, beraz, 24 urte izango dira gizateriaren aurkakotzat jotako krimen hori egin zutela. Familia bati aita eta senarra kentzeaz gainera, pentsaera kritikoa eta sindikalismoa zapuztu zituzten hura irakasle aritzen zen zentroan, Atlantikoko Unibertsitatean.
Urteetan salaketak eta bestelako ekintzak izan eta gero, 2020an Kolonbiako Estatuak Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrean aitortu behar izan zuen bazuela gertaera haietan erantzukizuna. Hori aurrerapauso sinboliko bat izan zen memoria historikoa lantzeko bidean. Justizia, ordea, lortzeko dago oraindik, eta zigorrik jaso gabe gelditu dira hilketa haren atzean zeuden botere sareak.
Prozesu judizialaren elementurik kritikagarrienetako bat hauxe izan zen: behin eta berriz uko egin zioten argitzeari Jose Leonel Sanchez Montenegro koronelak parte hartu eta erantzukizunik izan ote zuen gertaera haietan. Sanchez Montenegro erretiratuta dago gaur egun, baina garai hartan GAULAko komandantea zen Atlantikoko Departamenduan.
Ernesto Samper Pizanoren gobernuak sortu zituen Askatasun Pertsonalaren Aldeko Ekintza Bateraturako Taldeak (GAULA), 1996an, bahiketen eta estortsioaren kontrako segurtasun politikaren barnean. Salatu izan da, ordea, talde horiek legez kanpo jardun eta egitura paramilitarrekin elkarlanean ibili zirela Freytterren kasuan eta beste batzuetan.
Fiskaltzaren dokumentazioaren arabera, GAULAk parte hartu zuen Freytter irakaslea harrapatu eta torturetarako sotora eramateko operazioan. Unitate horren nagusi operatibo Sanchez koronelari sekula ez diote deitu azalpenik eman dezan, ez ohiko justizian, ez justizia trantsizionalean, nahiz eta haren mendekoek behin eta berriz adierazi duten hura zela gertatzen ari zen guztia kontrolatzen zuen ofiziala. Horrek argi eta garbi uzten du erakundeak trabak jartzen ari direla Poliziako erdi eta goi mailako agintariak ikertzeko.
'Sotoa': estatuak isildutakoa nabarmendu duen ikerketa
2025eko irailean argitara emango dute La Bodega: donde la memoria fue secuestrada. El lugar del asesinato del profesor Freytter liburua, David Gomezek, Itsasne Allendek eta Alex Ugaldek idatzia. Hiru urte baino gehiago eman dituzte baztertutako hainbat espediente judizial aztertzen, dokumentu asko eta asko egiaztatzen, eta bizirik ateratako batzuekin hizketan.
Liburuan azaldu dugu, besteak beste, zehazki Barranquillako zer tokitan dagoen paramilitarrek eta poliziek sotoa deitzen dioten hori: hiriko instalazio bat da, harresi batek inguratutako eraikin batzuk dituena, 2.400 metro koadrokoa, 62 errepidearen eta 68A eta 69 kaleen artean kokatua.
Titulartasun pribatuko ondasun bat da —jabe bat baino gehiago izan du ondoz ondo—, baina atxilotu, galdekatu eta erailtzeko zentro klandestino gisa erabilia, legez kanpo erabat, estatuaren oniritziz.
Nabarmentzekoak dira liburuan bildutako aurkikuntza hauek:
—Baieztatu da segurtasun arloko egitura ofizialek bazekitela sotoaren berri.
—Agerian geratu da jokabide sistematiko bat zegoela: ideologiaren arabera aukeratu, bahitu, torturatu, desagerrarazi edo exekutatu, eta gero azpijoko judizialen bat asmatzen zuten, edo erakundeetan dena isildu.
—Paramilitar eta estatuko agente ohi batzuen testigantzak bildu dira. Haietako zenbait Bakerako Jurisdikzio Berezian aurkeztuko dira, egia jakiteko borondatezko ekarpenen atalean.
—Poliziako goi ofizial bat ageri da Barranquillako sarearen buru, jarduera guztien gidari.
Ahalegin guztia ez da bukatuko liburua idatzita. Liburuko bertako ondorioetan esana dago zer helburu izango diren epe laburrean eta erdiko epean sotoari dagokionez. Lan horretan segitzeko, elkarteak lankidetza eskatuko die erakundeei, eta babesa gizarteari eta herritarrei.
24 urte geroago, Kolonbiako oraintsuko historiaren ispilua da oraindik ere Freytter auzia. Heriotza bat ez ezik, isildutako egia bat ere bada, bere iragan bortitzari irtenbide politikorik eman ez dion herri bat ere bada. Egia, ordea, bidean aurrera ari da, eta 2025eko irailean argitara aterako da egiaren beste parte bat: memoriari, justiziari eta ez errepikatzeko printzipioari egindako ekarpen kolektiboa izango da.
Azkenik, Freytter familiak eta elkarteak zinez eskertzen dute egitasmo horiek betetzeko Euskal Herriko erakundeek eta gizarteak emandako mota guztietako laguntza.
Erredakzioan itzulia.