Funtzio publikoa eta bere mesedetan ez dabiltzanak

2022ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
«Sektore publikoa ondo dabilenean, sektore pribatuarentzat euro bakar bat ere ez». Hauxe da Portugalgo Bloco da Esquerdaren goiburu nagusienetariko bat Estatu horretako 2015eko hauteskundeetarako, afixetan edo hormetako margoetan edonondik agertzen zena. Gero, Blocok Partidu Sozialistarekin sinatu zuen gobernatzeko ituna, zeinaren emaitzak ez dira eskasak izan.

Gurean, esan genezake alderantzizkoa dela, eta gobernukideek eta bere ardurapean dauden medioek, publikoak izan arren azken hauek, pribatuaren alde egiten dutela argi eta garbi, lotsarik gabe, behin eta berriz.

ETB, orokorrean baina batez ere albistegietan, bertan behera doa eta EITB Gasteizko Gobernuaren edo Sabin Etxekoaren bozgorailu nagusia dela pentsatzen dutenen kopurua ez da batere txikia. Gainera argi dago EITBk, erakunde publiko batek, guztiaren gainetik, mespretxu handia erakusten diela beste erakunde publikoei eta honetan diharduten langileei. Badirudi erakunde publikoetan ez dagoela aditu, buru argi, pertsona presturik edozein gai edo arazoren aurrean iritzi-emaileak izateko; ez sektore pribatuan beste behinik behin. Medikamentu edo diagnostiko-bide berri bat agertzen denean, ETBk klinika eta mediku pribatuei ematen die protagonismoa. Eta hezkuntzan egoera berritzaile batera egokitu behar denean, ikastetxe pribatu eta itunpekoak eta hango zuzendari edo irakasleak agertu ohi dira ETBn; askoz ere gutxiagotan zentro publikoetako ordezkariak. Gauza bera jazotzen da adindunen erresidentziekin.

Pentsa genezake, beraz, bere seme-alabak Eskola Publikora eramaten dituztenen edo bere osasuna alor publikoan lagadutenen artean, bere erabakia zuzena izan den ala ez aztertzean, zalantzak sor daitezkeela.

Sinatzen dugunok kontrakoan gaude: publikoan dihardutenek funtzionamendu hobea daukatelakoan gaude, oro har, pribatuan egiten dutenek baino. Hori gure uste pertsonala da, eta, sakona izan arren, badakigu ez dela derrigorrez horrela izan behar. Baina berdin dio ze: edozein esparrutako gobernu eta alderdi politikoen izaeran dago publikotasuna sustatu beharra, erakunde publikoak etengabe hobetu egokiak eta onenak izatea lortu arte.

Emaitzek (PISA txostena) argi eta garbi utzi dute portugaldarren jarreraren arrakasta. Azpimarra dezagun Portugalen umeen %83 eskola publikora doala. Osasun Publikoaren aldeko posturak ere emaitza onak lortu ditu pronostikoz kontra Aljubarrotan irabaziz Gaztelatik independentzia lortu zuen lurrean.

Ez da kontu erraza izango funtzio publikoa aurre-aurrean ipintzea, eta badago mila motibo ezkorra izateko. Gauza publikoa ahultzen hasia dago: begira, bestela, Osakidetzako egoera negargarria. Europan, modu apalagoan bada ere, antzera gertatzen da Maastrichtekoaren ondoren. Egoera honi aurre egiteko ez da geratzen borrokatzea baino, norberak defenda ditzan sektore publikoak bere osotasunean, gogoan izanda dena pribatizatzen baldin bada ez zaigula ezer geratuko.

Bada ETBko kateak ahaztuen aldera, hau da ohikoak ez diren kateen artera, baztertzea erabaki duen jendea; ez da harritzekoa. Espero dezagun euskal ezkerreko alderdiek, beste aldarrikapenen artean, sutsuki, arimaz eta ekinez, eta zurikeria barik, sektore publikoa defendatuko duen aldarrikapena ipiniko dutela mahai gainean. Hala ez balitz, kontuan hartu beharko lukete jende askoren ohiko aukera zerri-askan geratuko dela alferrik galduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.