«Nik enkargatua izan nahi nuen, baina denok izatez jaiotzetik…». Eta halaxe uste dut. Uste dut indibidualizazio-prozesu honetan denok nahi izaten dugula aske, burujabe eta geure burua konpetente ikusi. Gure arazo eta erronkei aurre egiten dakigun giza abere bilakatu nahi dugu, eta seguruenik hartara bideratuta gaude. Baina gertatzen dena da, askotan, bizitza deitzen diogun prozesu honi aurre egiteko bidelagunak bilatzen ditugula, hala nola bikotekidea, lagunak, aisialdi partekatua eta, nola ez, lana. Egitura eta egonkortasun ekonomiko zein emozionala emango digun lana. Eta askok eta askok azterketak prestatu eta funtzionario izateko hautua egin genuen. Esan bezala, bidaiari-sena bagenuen, baina udako oporretan asebetetzea erabaki genuen irrika hori bera.
Zoriontasunaren kontzeptu utopiko horrekin lotzen da egonkortasuna, asebetetzeak bere baitan ongizatea bermatuko balu bezala. Eta ez, aldiz, betekada, nagia edo asperdura. Antzeko zerbait sumatzen dut nire ekosisteman azkenaldian. Kexa. Ongizatetik asko urruntzen ari den kexa. Egoera hobetzeko erreakziorik sortzen ez duen kexa. Gaur egungo gizartearen gaitza izan daitekeen konformismoa.
Irakaslea naizen neurrian, Gipuzkoan, Euskal Eskola Publikoaz harro nagoen galdetzen diot neure buruari. Ea gure geletan euskararen hedapena, erabilera eta Euskal Herriaren ezagutza zein atxikimendu-prozesua aurrera ala atzera egiten ari diren galdetzen diot neure buruari. Ea aldagai hauek ebaluatu, berritu edo hauspotzeko sortuta dauden erakundeen emaitzez harro nagoen. Ea irakasleok, ditugun gainzama administratiboetatik haratago, eskolari abizena ematen dion euskal kontzeptu garrantzitsu hori etorkizuna ardaztu beharko lukeen erantzukizunez eta garrantziaz lantzen ari garen. Eta ez naiz neure buruarekin harro sentitzen.
'Herria' eta 'Hizkuntza' harrotasunez ardatz hartu beharko lituzkeen proiektua publikoki armairuan gorde dute, eta gu, funtzionario on bezala, kanpinean ea lekurik izango dugun kezkatuta gaude
Esan bezala, funtzionarioa naiz; ez dut gehiegi sakonduko nire autokritikan, ea oraindik zuzendaritza-postu bat hartu behar dudan. Azken bi hamarkadetako ekarpenek gogoeta sakon baten fruitu izan beharko lukete jada, erronka nagusiei aurre egiteko lan-ildo estrategiko zein metodologikoak abian ditugularik. Nire ikuspuntutik, erronkak argiak eta zehatzak dira: Herria eta Hizkuntza.
Esan beharrik ez dago trenak orain bi egun alde egin zuela, autobusak orain egun bat eta, ziurrenik, auto-stopeko elkartasuna modan ez dagoenez, taxia ordaindu beharko dela (hirugarren pertsona singularrean).
Amaitzeko, ikastolen defentsan. Mina ematen dit hizkuntza zapaldua izateak, belaunaldien arteko katebegien hausturaren ertzean egoteak, eta, gainera, berau ardatz duen proiektua elitearekin lotzeak. Eta, gainera, kritika horretarako etorkinen figuraz baliatzeak.
Ez dut ezagutzen euskaraz mintzatzen den eliterik. Ez epailerik (egia esan, ez dut bat bera ere ezagutzen), ez militarrik, ez enpresari handirik, ez komunikabide ofizialik, ezta sare sozialetako erreferenterik ere. Ez dut uste beraien etxeetan euskaraz mintzatuko direnik; bai, ordea, erdaraz.
Ez dakit indibidualizazio-prozesu honek eta indibidualismo garai honek zein etorkizun daukaten. Garbi daukadana da funtzionariotzaz hitz egin dudan modu berean hitz egin nezakeela Deskansa en CAF edo Gipuzkoako beste kooperatiba handietako langileez ere. Uda garaia datorren honetan, kanpinetan elkartzen garen karabana, autokarabana eta bidaiatzeko erak elkarren antzekoegi bilakatzen gaitu zazpi ezberdintasunak bilatzen hasteko.
Hori bai dela gure herrira etorri berri direnen eta bertako estratuan denbora gehiagoz sustraiak botata dauzkagunon arteko ezberdintasunen zerrendan aipatu daitekeen bat. Baina hau ez da hizkuntzagatik gertatzen. Hau ez da euskara zerrenda publikoetan eskatzeagatik gertatzen. Ziur nago hau Albaceten, Salamancan eta Oviedon ere berdin gertatzen dela.
Eta langileen inguruan esaten dudan gauza bera esan dezaket hegemonia politikoaren lehian dabiltzan bi alderdi politikoen inguruan ere. Herria eta Hizkuntza harrotasunez ardatz hartu beharko lituzkeen proiektua publikoki armairuan gorde dute, eta gu, funtzionario on bezala, kanpinean ea lekurik izango dugun kezkatuta gaude.