17:30ak dira. Iker etxera sartzen da. Eguna lanean pasatu du; orain, gosetua da. Beharrik, etxean, Amaiak bixkotxak prestatu dituela egun guztian! Ikerrek sukaldeko atea irekitzen duelarik, bere emazteak dotore, ezpainetako gorria eta mantala jantzita, irri handi batekin harrera egiten dio, egunero bezala. Zinez, Ikerrek xantza badu. Bere bizia 1950eko hamarkadako film bat bezain bikaina da. Bon, bikaina... gizon, zuri, heterosexual bat baldin bazara. Baina paso, gaia ez da hor. Ikerrek ez du ahoa irekitzeko astirik ukaten Amaiak hitza hartzen duelako:
—Egun on, maitea, jateko gogoa duzu? —galdetzen dio, labera zuzendu aitzin. Labetik, bederen ehun bat cookie ateratzen ditu. Usain goxoa Ikerren sudur zuloetara sartzen da. Bere tripan korapiloak sentitzen ditu eta eskua azukreri goxoz betetako platerera zuzentzen du.
—Uf bai, gose hamikatua naiz!
Baina Amaiak Ikerri eskuan zartako txiki bat ematen dio platera uki ez dezan.
—Itxoin pixka bat, nire azukre kozkorra. Oraindik beroegi dira eta erreko zara. Gainera, gaur, nire errezeta magikoa erabili dut. Badakizu zein osagai gehitu dudan barnean?
Ikerrek ez du batere asmakizunen jokoan sartu nahi. Gose da eta berdin zaio bere mihia erretzen baldin bada. Gizon bat da, biziraunen du. Motibazio askorik gabe, erantzuten dio:
—Um, ez, zer eman duzu barnean?
—Pozoia.
Ikerrek ez du ulertzen:
—Haha. Txiste bat da?
—Ez batere, baina lasai, ez dut denetan ezarri. Justu 5-10 pastelen barnean.
—Zer kontatzen ari zara? Oraindik antsiolitiko gehiegi hartu dituzu, Amaia?
—Ez, ez, seriosa naiz. Gozoki gehienak onak dira. Baina batzuk pozoituak dira, ez dakit zehazki zein diren. Horrek erran nahi du hiltzen ahal zarela bat jaten baldin baduzu. Baina lasai, ez izan urduri, hala ere xantza gehiago badituzu cookie on bat jateko eta bizirik egoteko. Orduan, zerbitza zaitez gustuan!
—Baina zergatik edena emango zenuke nire pasteletan? Erail nahi nauzu? Zer da istorio hori?
—Ez dizut batere minik egin nahi, erran dizudan bezala, proportzionalki hala ere, xantza eskasa izango litzateke gozoki pozoitu bat jaten bazenu. A! Uste dut epelduak direla, bat dastatu nahi duzu?
Egiazki uste baldin baduzu gizonen jarrera arazo isolatu bat baizik ez dela, eta ez dela sistemari lotutako arazoa, uste baldin baduzu lasaitu behar garela eta medikamentuak hartu behar ditugula gure zainak kontrolatzeko, zergatik ez duzu nire bixkotxik jan nahi? Zuk diozun bezala, Not all cookies pozoitu
Ikerrek, ikaraturik, bixkotxak begiratzen ditu. Nola hain usain ona ukaten ahal duen zerbait hain lanjerosa izan daiteke? Denek itxura berdina dute gainera, nola jakin zein problematikoa den eta zein hartzen ahal den?
—Egiazki edena eman baldin baduzu hor barnean, ez dut ezer janen. Nahiago dut gosetua egon, hiltzeko arriskua hartu baino.
—Baina, Iker, zentzuzkoa izan zaitez, denbora pasa dut hori prestatzeko eta gehienak onak dira...
—Amaia, ez dakit zertan jostatzen ari zaren baina ez dut zendu nahi. Ez dut arriskurik hartzeko gogorik. Gainera, demagun cookie txar batek beste bat ukitzen duela. Hori ere janezina izango litzateke, ezta?
—Hori ez dakit, entseatu eta ikusiko dugu.
—Baina burutik jota ote zara? Nahi duzu psikiatra deitzea?
—Ni ez naiz burutik jota, bihotza. Ez zu baino gehiago. Ez zara oroitzen, joan den astean erran nizun webgune bat sortua izan zela emazteak bortxatzeko. Zehaztu nuen martxoan 80 milioi konexio baino gehiago izan zirela. Zure erantzunaz oroitzen zara? Gizon guztiek ez zutela hori egiten eta beharbada beti berak konektatu zirela. Berriz ere, joan den hilabetean, zure enpresa afarian, zure lankideak ipurdia ukitu zidan eta lotsatua, umiliatua sentitu nintzen. Baina adierazi zenuen ez zela ezer, Roger zela eta Roger horrelakoa dela, ez dugula aldatuko. Horrez gain, iaz, Mazan afera izan zelarik eta kazetariek adierazi zutelarik Gisele Pelicot bortxatu zuten gizonak klase sozial, jatorri, adin guztietakoak zirela, esplikatu zenidan aspertua zinela gizon guztientzat pagatzea ez direlako denak horrelakoak.
Iker, Amaiak erraten diona ulertu nahirik gabe, lurra begiratzen hasi da:
—Bai, baina...
—Emazteoi inposatzen diguzue zuekin harremanetan izatea. Norman integratuak izateko, gizonekin bikotean izan behar gara. Baina zergatik gogo hori ukango genuke? Bortxatzen gaituzue, iraintzen gaituzue, apaltzen gaituzue. Gainera, erasoen parean, gizonek beti elkartasuna erakutsiko duzue. Nahiago dituzue emazteak erotzat pasarazi zuen taldekideak kritikatu baino. Edozer gerta, bloke egiten duzue injustiziak ez ikusteko. «Ez gizon guztiak», «ez gara denak horrelakoak», «ez da justu denok zaku berean ematen gaituzuelako», «Not all men» eta abar... Egiazki uste baldin baduzu gizonen jarrera arazo isolatu bat baizik ez dela, eta ez dela sistemari lotutako arazoa, egiazki uste baldin baduzu ez dugula gizonen jarreraz mesfidatzekorik, egiazki uste baldin baduzu ez garela antolatu eta oldartu behar, baina lasaitu behar garela eta medikamentuak hartu behar ditugula gure zainak kontrolatzeko, zergatik ez duzu nire bixkotxik jan nahi? Gose zara, erakartzen zaituzte eta hiltzeko arrisku apala duzu. Zuk diozun bezala, Not all cookies pozoitu.

