Oihane Amantegi (L)
Zazpi ahalak

Gaixo egoteaz

2025eko azaroaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txikitan, garatxoak atera zitzaizkidan atzamarretan eta esku-ahurretan —etxean garixek esaten genien—; ez bat eta ez bi, ugari baino, eta laster batean bete zitzaizkidan bi eskuak konkortxo zakar eta desatseginez. Geure aititek, ikusi zizkidanean, berak bazuela erremediorik eta lasai egoteko, hori esan zidan: baserri bueltan ihiak topatu eta belar-zirioekin kontatu zizkidan gariak, hagin artean nik ulertzen ez nizkion —eta beren-beregi ez ulertzeko moduan errezitatzen zituen— berbak zerabiltzan artean. Ihiaren barrutik, esne antzeko isuri zuria ateratzen zen, eta harekin garatxoa igurtzi ondoren, belarrak hartu, ondo gorde eta han utzi ninduen aititek karrajuaren erdian planto-planto eginda.

Galdetu nuen galdetu, eta esan zidaten garatxoa kontatzeko erabilitako ihia berak baino ez zekien tokian gordeko zuela gure zaharrak —ordurako, trapuez aparte, zahartua zelako bera ere—; gero, itxarotea besterik ez zela gelditzen, ihia usteltzen zenean ustelduko zelako, eta erori, garatxoa bera ere. Bitartean, kontuz ibili behar omen nuen neure esku haiekin, erraz kutsa bainezakeen beste inor; horra hor, bada, eskuei begira karrajuaren erdian planto-planto eginda, gaixotasunaren eta kutsatzearen lehen mugarri bat neure haur kontzientzian. Eta kontzientzia horren barruan kiribilduta, lotsa moduko bat, garatxo haiek niri buruz zerbait okerra esango balute bezala, kutsatua nengoela edo.

Zerbait esaten omen dute eta —edo esan nahi omen dute— gaixotasunek, hasi neure azaleko infekzio arin hartatik eta medikuntza liburuetan gorde eta esplikatzen diren gaitz larrienetaraino. Esanahi horien adibide da, esaterako, Susan Sontag idazle, zinema zuzendari eta pentsalariaren obraren parte bat. Illness as Metaphor obran lehenengo (Gaixotasuna metafora gisa), eta Aids and its Metaphors lanean gero (GIBa eta bere metaforak), autoreak tuberkulosiaren, minbiziaren eta GIBaren inguruan eraikitako mito eta esanahi ugariak aztertu, aletu eta kuestionatu zituen besteak beste, gizarteak gaixotasunari berari eta gaixotasun zehatz horiei ezartzen dizkien balio, interpretazio eta estigmetan sakonduta.

Tuberkulosia, adibidez, oso gaixotasun erromantizatua izan zen XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hastapenetan, poetikoa kasik, sormenari eta edertasunari estuki lotua. Idazle askok pairatu zuten, eta idazle horiek sortutako literaturan karga sinboliko izugarria bereganatu zuen, harik eta gaitzaren jatorri bakteriologiko eta izaera infekziosoa argitu eta erromantikoen ostean beste korronte batzuk agertu ziren arte. Modernistak, kasu. Eta modernisten artean, Virginia Woolf bera. Woolfek, farorako bidea erakutsi eta geuretzako denontzako gela propio bat eta idazteko dirua desio izateaz aparte, hamabost orri eskaseko saiakera idatzi zuen T. S. Elioten enkarguz 1925ean: On being ill (Gaixo egoteaz). Bertan, ironiaz baina zorrotz, idazle ingelesak galde egiten zuen ea zer dela eta arduratua zen ordura arte hain gutxi literatura gaixotasunaz beraz; zer dela eta ez zitzaion eman maitasuna, gerra edo jelosia bezalako gaiei emandako zentralitatea, geugan eragiten dituen aldaketak hainbestekoak badira eta gaixotasuna bera hain ohikoa eta egunerokoa eta mundutarra baldin bada. Haren ustetan, hizkuntzaren pobreziak gaixotasunaren deskribapena zailtzen du literaturan: «Ingelesak, Hamleten pentsamenduak eta Lear-en tragedia adieraz ditzakeenak, ez du hitzik hotzikararentzat eta buruko minarentzat […] hizkuntza berehala agortzen da gaixo batek medikuari bere buruko mina deskribatu behar dionean».

Ez gabiltza fin geure sintomak deskribatu behar ditugunean, Virginia, hitzak falta zaizkigu —eta are gehiago norberarena ez den hizkuntzan egin behar denean—. Iltze bat daukat buruan sartuta. Bularrak estutu egiten dit. Tripak nahastean-nahastean dauzkat. Gastroenteritisaren eta gripearen birusek jota, kutsatu eta kutsakor, hitzen eta esanahien bila ibili naiz azken asteotan, noiz eta gauza bakarra esan nahi nuen: utzidazue egunerokotik desertatzen, gelditu egin nahi dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.