Jakin berri dugu Koldo Garciak bere elkarrizketa asko grabatzen zituela. Dirudienez, jarrera hori oso arbuiagarria da gizarte moralean eta, horregatik, ia salbuespenik gabe mespretxuz hitz egiten da komunikabide gehienetan Koldok egindakoari buruz eta zer esanik ez haren alderdikideek eta beste alderdietako kideek esandakoari erreparatzen badiogu; orduan, mespretxuari gorrotoa ere gehitzen zaio.
Koldoren auziari esker, gainera, mezu nazkagarria zabaltzen ari da politika munduan, hau da, hemendik aurrera ezin izango garela fidatu ezta gertukoenekin ere. Dena den, ez da Koldoren bidez ailegatu zaigun lehen abisua, zeren eta gizarte mugimenduetan infiltratutako poliziena betidanik existitu den errealitate gordina izan da eta da, duela denbora gutxi Madrilen eta Katalunian berretsi den bezala.
Zer da honekin lortu nahi dena? Ezkerraren indarrak gehiago higatzea barne kontrolean kanpo jardueran baino. Ezin gara amu honetan erori, baina garbi dago zerbait aldatu behar dela erakundeen funtzionamenduan, jokabide maltzur horiei erraztasunik ez emateko.
Koldorekin erlazionatutako guztiak gizarte honen ustelkeria agerian utzi du, baina ez bakarrik mesfidantza eta traizioak nonahi aurki daitezkeela frogatzen duelako, ez, hainbeste aldarrikatzen den askatasuna fikzio hutsa dela frogatzen duelako baizik. Zergatik? Bera atxilotua izan denean berak grabatutako guztia aurkitu dute eta bere telefono elkarrizketak ere argitaratu dituzte. Horrek zera esan nahi du: telefonoz hitz egiten dugun dena ez dela pribatua eta gehienak edo guztiak grabatuta geratzen direla guk kontrolatzen ez ditugun tokietan.
Oroitzen naiz nola 1996. urtean ETAko neska kide baten egunerokoaren edukia argitaratu zuten, nahiz eta ez zuen inolako interesik ikuspegi polizial edo judizialetik. Gutxi batzuek orduan agertzen hasia zen morbo nazkagarria salatu genuen, eragin eskasarekin, ikus daitekeenez, zeren eta orain morboa arau bilakatu da eta erabat zabalduta dago.
Foucault filosofoak bere Zaintzea eta zigortzea liburuan dena ikusteko eta kontrolatzeko Bentham filosofoak asmatu zuen espetxe egiturari (panoptikoa) buruz idatzi zuen, itxuraz libre zen gizarte batean zeuden kontrol egiturak salatzeko. Zoritxarrez ez dira seriotasunez hartu izan Foucaulten argudioak, eta orainaldian jasaten duguna itsukeria horren ondorioa da. Horrela ba, Benthamen eta Orwellen ideia sinesgaitzak errealitate bilakatu dira: gure telefono edo Internet bidezko elkarrizketa guztiak grabatuta eta gordeta geratzen dira eta, ez engainatu, ez dira batere sekretuak epaile batek eskatzen dituen arte, baizik eta boterea maneiatzen dutenen esku geratzen dira. Eta botere hori ez da hauteskundeen bidez banatzen dena, botere ekonomikoa dutenena baizik. Ez hemen, eta ez inon, ez dago aldarrikatzen den independentzia judizialik, ezta botere banaketarik ere. Dagoena da botere bakarra, ez hautatua eta bere interesak defenditzeko estatua erabiltzen duena. Eta botere hori moldatzen da une oro dagoen errealitateari. Horrela, behar duenean, gerlak eragiten ditu, gaur ikus daitekeen bezala, eta, behar duenean, ongizate estatua bultzatzen du.
Alde on bat dauka, dena den, Koldoren inguruan gertatutako honek guztiak: Hipokrisia galtzen ari da bere eragina, engainatzeko gaitasuna ia ezerezean geratzen ari delako. Nor fidatuko da orain esaten edo agintzen denaz? Azkenean susmoaren filosofia politikara zabaltzen ari da eta instituzioei eskatu behar zaien gardentasuna opakutasuna bihurtu da sistema kapitalista honetan. Ahaztu, beraz, liberalismo hitza gure gizartea kalifikatu behar dugunean. Ahaztu helburu eta bitartekoei buruzko Camusen burutazioak ere: jada ez du merezi hausnarketak egitea etika ikuspuntutik helburua lortzeko zer bitarteko diren onargarriak erabakitzeko. Hori ahuldunentzat geratzen da, ez dirurik ez armarik ez dutenentzat, alegia. Israelek egiten duena, Trumpek egiten duena eta usteldutako politikari guztiak sistema ekonomiko-politiko honen fruitua baino ez dira.
Kasu egin diezaiokegu nahi dugunari, askeak garela ere sinets dezakegu, baina ez da izango errealitatea ezkutatzen digutelako eta hura ezagutzeko tresnarik ez dugulako. Orain, Koldo eta antzekoei esker, Makiaveloren aholkuak politika egiteko bide bakarra bilakatu direla sinetsarazi nahi digute. Baina, ez da egia. Garaile ateratzen den proposamen politiko bakarra da gardentasunez transmititzen dena eta, honetan, ezkerra da denontzako mezua duen bakarra.