Txema Ramirez de la Psicina

Gasteiz antzokia eta auzolana

2023ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Jauregiaren etxean gauzak mantso doaz. Gasteizko udaletxean, behintzat, oso poliki. Galde diezaietela, bestela, Lazarraga elkarteko arduradunei. Haiek arduratu(ko) dira Gasteizko hiriak Ruiz de Bergara jauregian izango duen kulturgune berriaren programazioaz. Dena dute prest. Lehiaketa publikoan esleitu zitzaien zeregina aspaldi amaituta dago. Eraikinean egin beharreko birgaitze-lanak bukatuta daude —2,6 milioi euro— 2022ko irailaz geroztik. Aurtengo aurrekontuetan ere diru-zati bat ezarrita dago egitasmoa abian jartzeko (200.000 euro). Udaberrian ateak irekitzekoa zen, baina oraindik ez du inauguraziorako datarik. Zergatik?

Lazarraga elkartea 2022ko ekainaren 30era arte Oihaneder Euskararen Etxea bezala ezagutu dugun espazioaren arima izan da. Haiek, euskalgintzako beste gizarte-eragileekin batera, egitasmoa bultzatu, mamitu eta gorpuztu dute Montehermoso udal jauregiaren barruan, 2014-2022 urtealdian.

Garbi zegoen kokapen hori soilik aldi baterako zela. Izan ere, Gasteizko euskalgintzak bazuen eta badu aspaldiko eskakizun historiko bat, duela 25 bat urte plazaratua. 90eko urteen amaieran, euskarazko kulturgintzaren inguruan lan egiten zuen herritar talde bat Samaniego zinemak Kafe Antzoki bihurtzen saiatu zen, Bilboko Kafe Antzokiak erakutsitako bideari jarraikiz. Euskarak behar zuen berariazko espazioa, erreferentzia garbi bat. Ordutik aurrera hainbat proiektu, kokapen posible, proposamen eta ideia plazaratu dira. Printzipioz, talde politiko guztiak ados dira ideiarekin. Batzuk beste batzuk baino gogo gehiagorekin, baina publikoki behintzat inor ez da kontra ageri.

2015-2023 urtealdian Gasteizko alkate izan den Gorka Urtaran jeltzaleak aurten udala utzi du. Bazirudien Gasteiz antzokiaren egitasmoa bere begi-ninietako bat zela. Horrela adierazi zuen alkatea izan aurretik, 2015eko maiatzean, sare sozialetan egin zioten elkarrizketa batean: «EAJk espazio hori [Oihaneder] euskararen eragile proaktibo gisara indartu nahi du, betiere gure helburu nagusia —Gasteiz antzokia errealitate bihurtzea— ahaztu gabe». Urtaran joan da eta antzokia ez da ireki. Dena zuen bere alde: adostasun politikoa, baliabideak... Dena. Baina ez da gai izan. Joan aurretik, baina, bere arrastoa utzi zuen. Alde bakarrez, erabaki zuen zein izan behar zen kulturgune berriaren izena —Izaskun Arrue—, Lazarraga elkartearen proposamena aintzat hartu gabe.

Zergatik ez da kulturgune berria oraindik ireki? Nire ustez, hiru dira atzerapenaren arrazoi nagusiak: borondate tinkoaren falta, lidergo eskasa eta utzikeria. Hor nonbait, batzuei euskarak ez die dirurik ematen, ezta botorik ere. Itxuraz. Antzeko zerbait gertatzen ari da Martxoak 3 Memoria-gunearekin. Proiektuak bi urte eta erdi daramatza geldirik Udalak, Diputazioak eta Gotzaindegiak beren ordezkariak izendatu ez dituztelako. Gorriegia da memoria. Ahulegia borondatea.

Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Memoria-gune baztertzaile horretan, berriz, gauzak beste modu batera joan dira. Obraren esleipena 2018an egin zen, eta inaugurazioa 2021ean. Pandemiaren erdian, arrandia eta hotsandi handiz. Estatuko agintaririk gorenak etorri ziren hona, Felipe VI.a, Marlaska epaile eta ministro entzutetsua... Gasteiz antzokiaren obra 2019an esleitu zen. Hiru urte geroago bukatuta zegoen, baina urtebete daramagu «azken tramiteen zain».

Agintariek maitasun-gorrotozko harremanak dituzte gizarte-mugimenduekin. Kameren aurrean, onartzen dute eragile horiek kausa justuak defendatzen dituztela, baina haien kolore gorriak edo moreak ez die grazia zipitzik egiten. Hori bai, jendaurrean dena dira bizkarreko zaplada goxoak eta zorioneko hitzak.

Agintari gehienak, ordea, ez dira inoiz bataila sozialetan adituak izan, ezta arituak ere. Soilik agertzen dira azken momentuan, korrika eta presaka, beste batzuek paratu dizkieten pankartak sustengatzera. Beren diskurtso publikoetan feminista sutsu, euskaltzale peto (belarri prest eta aho bizi amorratuak baitira beraiek) eta injustizia sozial ororen aurkako borrokalari nekaezin bezala agertzen dira, eta —nola ez— indarkeria mota ororen biktimekin solidario. Jakina baietz! Fokuak itzali eta komunikabideak desagertzen direnean, berriz, guztiaz eta guztiez ahazten dira. Barkatu. Guztiez, ez. Gertukoenei tartetxoa uzten diete, hurkoenak esne-mamitan hazi behar baitira. Eta besteak? Bada... entretenitu: esaldi politekin koipetu (zuena bai lana!) eta, bizkitartean, labirinto burokratikoetan katramilatu.

Beste gizarte-mugimenduentzat, ordea, botereak ez du gupidarik. Egurra, bai. Iñigo Urkullu lehendakariak, esaterako, begitan hartu ditu sindikatuak: «gure bila datoz; estrategia bat daukate gure kontra», errepikatzen du han eta hemen, nola Forondako zelaietan hala enpresarien foroetan. Aspaldian begiak sartuta ditu eta begitartea, desegina. Haserre bizi da gizona.

Elkarlana eta auzolana. Zein hitz eder eta magikoak!... harik eta botereak hustu eta usteldu arte. Gasteiz antzokiarekin gertatzen ari dena horren adierazle garbia da. Euskalgintzak jarri ditu lana, kemena, estrategia eta izerdia. Botereak, fama eta lerroburuak. Kito. Kulturgune berriak ez du abiatzeko datarik. Eraikina egina dago. Aurrekontuak onartuta daude, baina burokraziak katramilatzen du dena. Burokraziak eta lidergo falta. Gasteiz hiriak eta Araba osoak agintari euskaldun eta euskaltzaleak behar ditu, euskaraz bizi diren herri ordezkariak, euskarak bere baitan duen ahalmen inklusiboan sinesten duten pertsonak.

Gasteizek alkate berria du. Ez da zerrendarik bozkatueneko EH Bilduko Rocio Vitero, baizik eta Maider Etxebarria sozialista. Historian hiriak izan duen lehen emakumezko alkatea. Ederto. Bazen garaia. Eta bada garaia gai honen inguruan alkate berriak zerbait esateko. Lazarraga elkartekoek programazioa atondua badute, aurrekontuak onartuta badaude... zergatik ezin da kulturgune berria abenduaren 3an ireki? Dagoeneko konponduta egon zitezkeen traba burokratiko guztiak gainditu daitezke baldin eta borondate politikorik balego.

Elkarlanaz eta auzolanaz hain gozoki hitz egiten diguten horiek orain dute aukera paregabea. Abenduak 3. Sinbolismoz betetako data. Euskarak merezi eta Gasteizek behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.