Alternatibako kidea

Gauzak garbi: Ceuta eta Melilla 'enklabe' kolonialak dira

2026ko irailaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako eskuinak, eta eskuinean kokatzen ez diren batzuek ere, Espainiaren inbasiotzat jo dute duela hilabete bat Ceutan izandako etorkinen uholdea. Kontsiderazio honekin bat egin dutenak badira Euskal Herrian ere.

Nola kontsideratu daitezke asilo eske datozenak armada inbasore? Etorkinak babes bila datoz euren herrietan bizi baldintza duinak ez dituztelako bermatuta, eta, hein handi batean, gu geu gara egoera horren erantzule. Argitzearren, Afrikako eremu horretan inor inbasore izan bada, Espainia da. Ceuta eta Melilla enklabe kolonialak dira, espainiar kolonialismoaren azken gotorlekuak, duela gutxi arte Sidi Ifni, Sahara, Ekuatore Ginea eta Fernando Po izan diren bezalaxe; edo Guantanamo Ameriketako Estatu Batuena; Groenlandia Danimarkarena; Donbass eta Krimea Errusiarenak; Martinika Frantziarena; edota Sahara Marokorena. Zuzenean edo zeharka, kolonialismoa munduan bizi-bizirik dago.

Kolonietako okupatzaileek alde egin behar dute. Ondoren, toki hauetan bizi izan den jendearen eskubideak bermatu eta errespetatu beharko dira; finean, zailak bezain ezinbestekoak diren prozesu dekolonizatzaileak martxan jarri behar dira.

Migratutako pertsonekin gertatzen ari dena ez da onargarria, munduko pertsona zaurgarri eta ahulenak ez ditugu gurekin nahi. Europarrok urte luzez kolonizatu eta ustiatu ditugu hainbat herrialde, eta gaur egun ere horretan dihardugu, erregaiak eta mineral preziatuak lapurtu dizkiegu. Are gehiago, sarraskiak eta gerra zibilak bultzatu eta klimak gaiztotu ditugu. Horrek guztiak badu zerikusirik migrazioarekin.

Europarrok urte luzez kolonizatu eta ustiatu ditugu hainbat herrialde, eta gaur egun ere erregaiak eta mineral preziatuak lapurtu dizkiegu. Are gehiago, sarraskiak eta gerra zibilak bultzatu eta klimak gaiztotu ditugu

Ipar globalean bizi garenok —hala erabakita edo ez— milioika pertsonaren exodoak bultzatzen ditugu, mundua mugaz eta harresiz inguratzen dugun bitartean. Beraz, daukagun erantzukizunetik pertsona migratuak babestu behar ditugu. Sobietar Batasunaren eta Europaren artean zegoen horma erortzean harresien amaiera ospatu genuen. Gaur egun, ordea, militarki defendatzen diren mugak biderkatu egin dira.

Horrez aparte, salagarria da gure gizarteetan dagoen arrazakeria. Migrazioa delinkuentziarekin eta sexu indarkeriarekin lotzen dute batzuek. Testuinguru honetan, bereziki eskertzekoa da KASen jarduna, baita beste hainbeste espaziotan euren elkartasuna adierazten duten herritarrena ere.

Migrazioaren auzian, kontsiderazio humanitarioaz gain arazo estrategiko eta politikoak ere badaude. Langile klasea ez da inoiz jatorri nazional bakarrekoa (industrializazioak, mundu osoan, toki askotako langileria pilatu behar du produkzioa gauzatzeko). Hau da, bilakaera hortik abiatu beharra dago helburu bateratuetara iristeko. Askapen nazionalaren eta sozialaren bidean langile klasearen zati handi bat kanpoan uzteak prozesua bera oztopatzen du. Arrazakeriak kalte handia egiten digu. Aldez aurretik bazterrean uzten bada langile klasearen parte handi bat, askapen nazional eta soziala lortu nahi duen prozesu batean parte hartzeari oztopoak jartzen ari zaizkio.

Ezinbestean, gaurko eta betiko aldarria: mundu osoko langileok eta herri zapalduok elkar gaitezen!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA