Erretiratua

Gaza, erresilientzia eta erresistentzia

Joan Mari Beloki Kortaxarena
2025eko azaroaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erresilientzia: «Izaki bizidunek eragile asaldatzaile edo egoera kaltegarri bati egokitzeko duten gaitasuna».

Erresistentzia: «Lurralde bateko inbaditzaileei edo diktadura bati hainbat metodoren bidez aurka egiten dieten pertsonen multzoa».

Israelekiko gatazka 1948an hasi zen, Israelek militarki 700.000-800.000 palestinar ingururen exodo handia eragin zuenean. Nakba izenez (hondamendi handia) ezagutzen da. Israelek gerra krimen guztiengatik eta palestinarren genozidioagatik kontuak ematen dituen egunean soilik eman ahal izanen da amaitutzat gatazka.

Errefuxiatuen artean, Gazan bizi dute esperientziarik gogorrena, etengabeko sarraskia, setioa, gosetea eta joan-etorri amaiezinak direla eta, bizirik irauteko etengabeko borrokan. Gainerakoak errefuxiatu esparruetan bizi dira Libanon (hamabi), Jordanian (hamar), Sirian (bederatzi baino gehiago), Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean (hemeretzi) eta Iraken, Saudi Arabian, Europan eta Amerikan sakabanatuta dauden komunitate palestinarretan, guztira sei milioi errefuxiatu inguru, amestutako Palestina burujabera itzultzeko zain.

Zerk egin du posible genozidioa gelditzea? Palestinarren erresilientziak, egoerari aurre egiteko erabakitasunak, oso erresistentzia maila altua eman dien tinkotasunak. Erresilientzia eta erresistentzia, elkarri estu lotuta dauden bi errealitate. Gazatarrek Israelgo armadari aurre egin izan ez baliote, zein izanen litzateke egungo egoera, bi urte geroago? Israel Gaza bere nahierara administratzen ariko litzateke. Eta Israelgo kolonia eta kanpamentu militarrak Gazako iparraldetik hegoalderaino egonen lirateke. Eta Gazako biztanleen erdiak baino gehiago, garbiketa etnikoaren bitartez erailda.

Arabiar munduak oso ekarpen txikia egin du. Libanoarrak eta yemendarrak dira salbuespen duin bakarrak. Palestinarren pazientzia, indarra eta borroka izan dira genozidioa geldiaraztea ahalbidetu duten bakarrak. 77 urte igaro behar izan dira Israel sortu zenetik palestinarrek beren erresistentziaren bitartez emaitza politiko erabakigarri bat lortzeko. Palestinarrek orain badakite ez direla marjinalak eta ez dutela salbatzaileren bat etortzeko zain egon behar.

Munduko potentzia militar handiena diren AEBek eta jendea hiltzeko, bortxatzeko, torturatzeko… inolako lotsarik ez duen Israelek genozidioa halabeharrez gelditu behar izan dute. Bitartean, Gazako herri palestinarrak Gazan jarraitzen du, sendo. Gainera, 2.000 preso politiko askatzea lortu du. Dena bere kabuz egina, soilik gizarte zibilaren nazioarteko elkartasun erraldoiak babestuta.

1993an, Yasser Arafatek Palestina traizionatu zuen. 2014tik Palestinako presidentea den Mahmud Abbasek ildo berari eutsi dio. Baina egungo erresistentzia palestinarrak, ordea, ez dela desmilitarizatuko esan du. Horretan ari diren gazteei ama palestinarrak gehitu behar zaizkie. Haurrak hazi, etxea berreraiki, etxekoen gorpu erailak aurkitu, lurperatu eta garbiketa etnikoari uko egitea ere erresistentzia baita. Eta ez nolanahikoa, milioika palestinarrek ama horiengandik ateratzen baitute beren erresilientzia, borrokarako grina eta guduari ekiteko indarra. Eta beste ehunka gaztetxok ere —bat-batean kazetari bihurturik— sare sozialen bitartez munduari beren errealitate beldurgarria zuzenean ezagutarazteko lan erabakigarria egin dute.

Bi urte hauetako genozidioak nabarmen handitu du palestinarren aldeko atxikimendua munduan. Hogei puntuko bake plana deritzona Palestinaren alde mobilizatzen ari den nazioarteko komunitatea baretzeko sortutako tresna besterik ez da. Ederki argitu du hori Mustafa Barghuti intelektual palestinarrak, zeinari Hegoafrikako apartheidaren aurkako borrokalariek berriki esan baitiote palestinarrekiko egungo elkartasun globala askoz handiagoa dela haiek bere garaian Hegoafrikan jaso zutena baino. Beldur handia dago elkartasun global honek Israel erabat bakartu eta estatu paria bihurtzeko adina indar bil dezan, palestinarrak mundu osoko borroka global garrantzitsuena bezala erdigunean kokatzen dituen bitartean. Estatu palestinarra izan izanen da, eta palestinarren borrokaren emaitza izanen da.

Gatazka hau konpontzeko ezinbestekoa da indarkerian, garbiketa etnikoan, genozidioan, arrazakerian eta apartheidean errotuta dagoen Israelen sionismoa azaltzea eta ideologia gisa garaitua izatea. Sionismoaren bakartzea behin betiko konponketarako erabat beharrezkoa da. Irtenbidea bi estatu izan daitezke, agian bakarra. Baina ez da konponbiderik izanen Israeli ideologia sionista honekin jarraitzeko aukera ematen zaion bitartean.

Azken bi urteetako genozidioa amaituko balitz ere, Gazan tormentuak ez du etenik izanen. Israelek Gaza militarki garaitzea lortu ez duenez, orain Gazan sartzen eta ateratzen den guztia kontrolatuko du eta palestinarrek izugarri sufrituko dute horren ondorioz. Janaria eta medikuntza palestinarren erresistentziari presio egiteko erabiliko dira, gertatuko ez den armagabetzea lortzen saiatzeko.

Genozidioaren hasieran, inkestek erakusten zuten israeldarren %82ak babesten zuela gazatarren garbiketa etnikoa. Hori ez da bakerako prest egotea. Genozidioa gelditzeko modu bakarra kanpotik presio egitea da. Palestinarrak beren partea egiten ari dira, sionismoari aurre eginez. Orain nazioarteak Israeli kontuak emanarazi behar dizkio boikotaren bidez, zigorrak ezarriz eta Israel estatu paria bilakatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.