Bizi ditugun garaiotan bi funtsezko egin behar ditugu mundua zein gure herria eraldatzea xede dugun gazteok. Eraldaketa prozesua bultzatzeko aldagai estrategikoak identifikatu eta berau materializatzeko gaitasunak antolatzea. Bada, horren adibide ezin hobea dugu martxoaren 17an Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak antolatutako greba orokorra. Hego Euskal Herrian lanbide arteko gutxieneko soldata propioa eskuratu eta 1.500 eurotan ezartzea helburu duena.
Lehenik eta behin, has gaitezen lanbide arteko gutxieneko soldata zertan datzan eta horren egungo egoera zein den azaltzen. Lanbide arteko gutxieneko soldata, lan merkatuan jarduten duen langile orok jaso beharreko gutxieneko erretribuzio ekonomiko da. Alegia, gutxien-gutxienez jaso dezakegun soldatarik baxuena.
Egun, espainiar estatuan 1.221 eurotan ezarrita dago eta horixe bera da Hego Euskal Herrian indarrean dagoen gutxieneko soldata. Izan ere, greba honek salatu asmo duen bezala, ez dugu Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata propiorik erabakitzeko eskubiderik. Azken urteetan espainiar gobernuak modu progresiboan gutxieneko soldata igo baldin badu ere, egun ere gutxieneko soldata ez da aski herritarron oinarrizko behar izanak asetzeko.
Adibide bat jartzearren, espainiar gobernuaren ikerketa baten aburuz, herritar batek urtean 19.000 euro inguru behar ditu modu egoki baten bizi ahal izateko. 1.221 euroko gutxieneko soldataren bitartez urtean 14 ordainketan 17.000 euro jasotzen dira. Hots, egungo gutxieneko soldata ez da gai herritarron oinarrizko beharrizanak asetzeko. Esan beharrik ez dago egoera horrek desberdintasun sozialak nabarmen sakondu eta bazterketa sozial egoeran aurkitzen diren herritarren kopurua nabarmen handitzen duela.
Gainera, herritarron egoera sozioekonomikoa geroz eta zaurgarriagoa den bitartean, enpresa handien irabaziak gorantz doaz. Haiek geroz eta gehiago irabazten duten bitartean, gu geroz eta pobreagoak gara. Dirua egon badago, auzia da eredu sozial politiko eta ekonomiko honek diru hori gutxi batzuen eskuetan jartzen duela. Horregatik, besteak beste, gutxieneko soldata igo eta aberastasunaren banaketa herritarron mesedetan planteatzen den eredu ekonomiko baterantz urratsak egiteko unea da.
Gutxieneko soldataren igoera neurri konkretu eta isolatu bat baino belaunaldi arteko kohesioa indartu eta bazterketa sozialari aurre egiteko tresna estrategikoa da
Bestalde, gutxieneko soldataren auziaren argazkia osatzeko ezinbestekoa da batez ere emakume, pertsona migratuak eta gazteok gutxieneko soldata jasotzen dugun sektoreak garela aipatzea. Horrek bi auzirekin zuzeneko lotura du; alde batetik, zaurgarriago eta prekarioago egiten gaitu, gu garelarik aurrez aipatutako egoera hori gure azaletan bizi dugunok. Bestetik, honek jendarte kohesiorentzat galga bat suposatzen du. Sektore konkretu batzuk baztertu eta beste batzuekiko aldea sakontze baitu.
Zehazki gazteongan horrek zelan egiten duen azterturik, egoera bidegabe bat ez ezik, bizi ditugun garaiotan izugarrizko ardura falta suposatzen du. Belaunaldi gazteak goitik behera zeharkatzen dituen fenomeno bat espektatiba faltarena da. Izan ere, jaio ginenetik krisia eta ezegonkortasuna baino ez ditugu ezagutu. Horren baitan, lan merkatura jauzia egin dugunean zein gure hezkuntza prozesuan zehar krisiaren ondorioak gertu-gertutik bizi izan ditugu. Eta, gainera, sistema kapitalistaren krisiak areagotzen eta azeleratzen ari diren heinean, etorkizun are basatiagoa baino ez dugu irudikatzen.
Hori horrela, desafekzio politikoa indartzen ari da. Eta zenbait kasutan, desafekzio politikoak jarrera atzerakoi eta erreakzionarioei bide ematen die. Gainera, geroz eta gehiago dira haien planteamendu atzerakoiak indartzeko belaunaldi arteko talkak sortzea helburu dutenak. Alegia, belaunaldi gazteen eta nagusien arteko arrakala handitu, eta, horren bitartez, belaunaldi gazteen artean desafekzioan sakondu eta hori erreakzioa zein erreforma erregresibo zenbait zilegitzeko erregai bihurtu nahi dute. Hori oso argi ikus dezakegu pentsioen aurka indartzen ari diren diskurtsoekin, adibidez.
Egoera hori izanik, gutxieneko soldataren igoera neurri konkretu eta isolatu bat baino belaunaldi arteko kohesioa indartu eta bazterketa sozialari aurre egiteko tresna estrategikoa da. Horregatik, babestu dut artikulu honen hasieran gutxieneko soldatarena garai honek eskatzen duen lerro estrategiko horietako bat dela. Eremu anitzetan eragin dezakeelako eta zehazki gazteok belaunaldi gisa ditugun erronkei heltzeko funtsezkoa baldintza delako.
Horrela, gazteok gure egiten dugu gehiengo sindikalak zabaldutako bide hau, eta Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa izateko eskubidearen alde borrokatuko gara. Gure herriak, beste alor guztietan bezala, honetan ere burujabetza handiagoa behar duelako. Gutxieneko soldatari dagokionez; alde batetik, Hego Euskal Herrian bizitzaren kostua espainiar estatuko beste eremuetan baino altuagoa delako. Bestetik, Hego Euskal Herrian hamarkadetako borrokaren ondorioz, metatuta daudelako hainbat baldintza sozial, sindikal eta politiko propio, zeintzuek gisa horretako urratsak egiteko aukera ematen diguten. Alegia, Euskal Herrian baldintzak daude langile sektoreak zentroan jarriko dituen eredu sozial eta ekonomiko bat eraikitzeko, eta, horretarako, burujabetza ezinbesteko aldagaia da.
Burujabetza Euskal Herritik alor estrategiko orori heltzeko ezinbesteko premisa da. Herri honen gihar komunitario, soziala, politiko eta sindikala baliatzeko unea da. Bai herri honen eraikuntzaren mesedetan zein herri honetako sektore herritarren bizitzako hobetzeko. Horregatik, defendatzen dugu geroz eta burujabeago izan geroz eta duinagoa izango dela gure herria.
Beraz, horregatik guztiagatik, gazteok grebara goaz. Herri honen gaitasun guztiak askatu eta gazteon zein oro har herri sektoreen mesedetan jardungo duen Euskal Herria eraikitzeko unea delako. Greba zein gisa honetako erantzun askatzaileak desafekzioaren eta erreakzioaren aurkako antidotorik onenak direlako. Eta, batez ere, duintasuna borrokan baino ezin delako irabazi. Garaiak borroka eskatzen duen neurrian, gazteok borrokatzera goaz!