'Gesto' Gasteizen

Maite Leanizbarrutia, Biritxinaga
2022ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Testu hau idazterakoan iraganera begiratzen dudan arren, etorkizuna dut buruan, batez ere gazteak. Guk bizi izandako iragan hurbila aztertzen ez badugu, eta etorkizun ezberdin bat diseinatzeko ahalegina egin ezik, gureak egin du. Gaixotasun batzuekin gertatzen den bezala, tumorea erauzten denean eta okerrena gaindituta, ezin gara ezer gertatu ez balitz bezala bizi; ohitura txarrak albo batera utzi beharko ditugu, eta, agian, gaixorik geundenean erabili genituen terapia batzuk lagungarri izan daitezke berriz ez gaixotzeko. Eta gazteek ez dute merezi 60 urtez indarkeriaz jota egon den gizarte bat herentzian hartzea, zer gertatu zen jakin gabe, gertatutakoaren diagnostikorik gabe, erantzukizunak argitu barik eta sufritu genuena gainditzeko bitartekorik jaso gabe.

Bakearen Aldeko Koordinakundea (BAK) eragile garrantzitsua izan zen Euskal Herrian oinarri politikoa izan zuen indarkeriari aurre egiteko, eta Gasteizen oso errotuta egon zen arren, gazte askok hori ez dakite. Haren oinordekotza erreferente etiko bikaina dela deritzot, eta, edozein motatako asmoak eta egitasmoak burutzeko tresna egokiak eskaintzen dituela uste dudanez, hari buruzko zertzelada batzuk emango ditut.

Duela 35 urte Bakearen Aldeko Koordinakundearekin bat egin genuen asko gazteak ginen, baina adin guztietako jendea bildu ginen bertan; indarkeria eta terrorismoaren arazoaz jabetu eta gauzak aldatzeko ekimena hartu genuen. Indarkeriazko heriotza bat gertatzen zen bakoitzean 15 minutuko isiluneak egiteko konpromisoa hartu genuen, eta Gasteizko bilkurak Zaramagan, Pilarren, Lakuan, Europa jauregian, Justizia jauregiaren inguruan, Unibertsitateetan, San Kristobalen eta Posta kalean antolatu ziren.

1990eko hamarkadan, ETAk egindako bahiketei erantzuteko, BAKek salaketa eta sentsibilizazio kanpaina batzuk jarri zituen martxan, bahiketek iraun zuten bitartean burutu zirenak. Beste ekimen batzuen artean, astero-astero isiluneak egiten genituen lekuetan bilkurak egitea erabaki zen. Astean behin kalera ateratzearen zama bahituek eta senitartekoek zeukaten sufrimenduarekin alderatuta huskeria zen arren, konpromiso hori oso zorrotza egin zitzaigun, eta, horri guztiari ezker abertzaletik bultzatutako kontra-kontzentrazioen kanpaina gehitu zitzaionez, irainak, mehatxuak eta presio handia jasatea egokitu zitzaigun.

Azpimarratuko nuke baita ere Bakearen Aldeko Koordinakundearen sorreran heriotza guztien aurkako ideia zegoela eta, ondorioz, terroristak eurak euren indarkeriagatik hiltzen zirenean ere kalera ateratzen ginela; heriotza horiek ere galarazi egin behar zirela uste genuelako, indarkeriaren zurrunbiloa gelditu beharra zegoelako eta, gure aburuz, ez zegoelako gizaki bakar baten bizitza sakrifikatzea merezi zuen gatazkarik, beste gizaki bati bizitza kendu nahi zionarena ere ez. Gure mezua ulertu eta onartu ez zutenak ez ziren gutxi izan, baina guk ideia hau hasieratik geureganatu genuen. Hala ere, biktimen eta beste hildako batzuen arteko ezberdintasuna ere beti izan genuen argi, asmoak eta erantzukizunak ezin zirelako berdindu. Paradoxikoki, horrelakoetan manifestatzen ginenean ezker abertzalearen erreakzioa gogorragoa eta intoleranteagoa zen gurekiko.

Gazteei esango nieke BAK pentsaera ezberdineko kideek osatu genuela eta elkar errespetatzen ikasi genuela aniztasuna balioetsiz; gatazka gizakiarentzat berezkoa dela eta indarkeria dela saihestu beharrekoa; eta gizaki guztien giza eskubideen aldeko hausnarketan sakondu genuela, tortura bezalako jarduerak salatuz. Urte hauetan bizi izandako sentsazio eta bizipenak azalduko nizkieke, adibidez, BAKek Gasteizen antolatutako manifestazio baten Fernando Buesarengadik hurbil ibili nintzela eta urteetara haren hilketa gaitzesteko kalera atera behar izan nuela; Gasteizko jai batzuetan alde zaharreko tabernak itxi zituztela, euren lehergailuak eztanda egin ondoren bizitza galdu zuten etakideekin elkartasuna adierazteko, eta biharamunean ez zuela inork itxi ETAk akabatu zuen Joxe Mari Kortaren hilketa salatzeko; Legution ETAk eraildako Jose Manuel PiƱuel guardia zibilaren hil-kaperara joatera ausartu nintzela eta bihotza ukitu zidala familiako emakume batzuek erakutsi zidaten esker onak; eta hunkitu egin nintzela ETAk armak utzi ondoren askatasuna berreskuratu eta gero Alderdi Popularreko kargua izandako gizon batek eta bere seme txikiak TUVISAren autobusa hartu zutenean. Hau guztia BAKi esker antzeman eta sentitu nuen, BAKetik gizartearen mentalitatea aldatzen lagundu genuelako, hiritarrak indarkeriari zilegitasuna kentzeko itzulerarik gabeko bidea hartzera bultzatuz.

Gure izaeraren muina ziren gesto edo bilkuretan isilik egoten ginen, baina, hala ere, ez ginen isildu; gure inguru hurbilenean nabarmendu ginen, eta hau ez zen erraza izan. Isiltasunak guztiok partekatu beharko genukeen errespetu eta bizikidetzazko gune zabal hartan batu gintuen, eta gu isildu eta kaletik bota nahi gintuztenak ere inguruan izan genituen. Gaur ere ez dira falta gure ahotsa isiltzea nahiko luketenak.

Gai hauek guztiak eta gehiago jorratzen ditu, era ikusgarrian, Gesto dokumentalak. Dendaraban botako dute, Euskal Zinema Dokumentalaren Astean, Vital Fundazioaren eskutik. Gaur bertan izango da, 19:30ean.

Eta ez dut idatzi hau bukatu nahi Gasteizen Bakearen Aldeko Koordinakundea bultzatu eta isiluneetan parte hartu zuten gasteiztar guztiez gomutatu gabe. Hitz egiteko garaia da, gure oinordekotza transmititzeko garaia, eta indarkeria deslegitimatzen jarraitu beharra dago. Ez zaitezte isildu inoiz gehiago. Eskerrik asko!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.