Xabier Makazaga.

Gezur galanta

2015eko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Estatu Segurtasun Idazkari izandako Rafael Verak justifikatu egin du berriro ere GALekoen gerra zikina. Oraingoan, espainiar telebistan izan da, eta gaitzespen ugari jaso ditu horregatik, baina inork ez du ezertxo ere esan erailketa haiek guztiak justifikatzeko erabili duen gezur galantari buruz.

Hamarkadetan zabaldu duten gezur horren arabera, erailketa haiei esker lortu omen zen frantziar agintariek ETAren kontrako borrokan lagun zezaten, baina egiazki kolaborazio hura aldez aurretik lortua zegoen. Hain zuzen, frantziar agintariek GALekoen gerra zikinari ezikusiarena egitea zen kolaborazio haren ataletako bat.

El País egunkariko hemerotekara jotzea aski da horixe gertatu zela baieztatzen duten zantzu garbi askoak topatzeko, eta lehena Parisen jazotako bilera sekretu bat dugu. 1982ko udaran izan zen bilera hura, PSOEk espainiar hauteskundeak irabazi eta Felipe Gonzalez presidente aukeratu aurretik, eta bertan partidu horretako goi arduradun batzuek ETAren kontrako kolaborazioa eskatu zieten orduko lehen ministro eta barne ministro sozialista frantsesei.

Hala eman zioten hasiera gerora oso emankorrak izango ziren harremanei eta, El País egunkariak PSOEko iturrietatik jakin izan zuenez, haien estrategia finkatu zutenak bi gizon garrantzitsu izan ziren. Partiduko presidentea, Ramon Rubial, zeinak jadanik aipatua zuen gerra zikinaz baliatzeko aukera, eta orduan PSE-PSOEko idazkari Nagusia zena, Txiki Benegas.

Beste aldean protagonismo berezia izan zuena Pierre Guidoni frantziar enbaxadorea izan zen, PSOEko ohorezko kidea eta Felipe Gonzalezen lagun handia. PS partiduan pisu handiko gizona zen, eta zalantzarik gabe garrantzi handia izan zuen, Mitterrand presidentearekin batera, frantziar eta espainiarrek lotu zuten akordio sekretuan 1983ko bukaeran, GALekoen erailketak hasi zirenean.

Guidoni izan zen, hain zuzen, akordio hura aipatzen lehena El País-ek 1995eko urtarrilaren 23an argitaratu zion artikulu batean. Bertan zioenez, guztiz ezinezkoa zen Rafael Verak eta GALen garaian barne ministro izandako Jose Barrionuevok zerikusia izatea sigla haiek erabiliz erreibindikaturiko atentatu terroristekin, biak hartu zutelako parte akordio sekretu hartan.

Haren arabera, «erokeria zatekeen» espainiar agintariak GALen atzean izatea, horrek «hasteko atzeratu egingo baitzuen, urte batzuez zalantzarik gabe, Espainia Europan sartzea. Ulergarria zatekeen GAL 1983a baino lehen sortzea, bi gobernuek ez zutenean elkarrekin hitz egiten, ez biltzen. 1983an, ordea, txorakeria galanta zatekeen eta zeharo arriskutsua».

Guidonik zioen, halaber, «GALekin inongo harremanik egon balitz —oso ezkutukoa izanik ere— jakin egingo genukeen. Ezin genuen ez jakin. Eta berehala etengo genukeen kolaborazioa». Nahikoa da, ordea, GALen ekintzak hasi zirenean, 1983 bukaeran, gertaturikoari begiratzea ikusteko erabat ezinezkoa zela frantziar agintariek ez konturatzea espainiar Estatuak gerra zikinari ekin ziola berriro ere Iparraldean. Hirugarren aldiz ekin ere.

Eta zer egin zuten? Bada, bost urte lehenago, Iparraldean gerra zikinaren bigarren kanpaina hasi zenean, egin zuten gauza berbera. Lehen bi erailketak gertatu ondoren, espainiar agintariei gaitzespena agertu ordez, euskal errefuxiatuen kontrako neurri zorrotzak hartzen hasi ziren. Eta horrek zera erakusten du garbi, gerra zikineko kanpaina haiek antolatu eta aurrera eramateko orduan elkar hartuta jokatu zutela espainiar eta frantziar agintariek.

Guidonik bere artikulu argigarri hura El País-en idatzi eta urte batzuetara, egunkari berak Felipe Gonzalezen idatzi bat argitaratu zuen, 1998ko ekainaren 24an, non presidente ohiak Guidoniren argudio berberak erabili zituen zeharo ukatzeko espainiar agintariek GALekin zerikusirik izan zezaketenik. Gainera, halakorik pentsatzea absurdoa zela erakusteko, datu zehatzak eman zituen, begi bistan utziz justu GALen ekintzak hasi zirenean lotu zutela frantziarrekin akordio sekretu hura. Eta akordioaren berehalako emaitzak ere ekarri zituen gogora: euskal errefuxiatuen kontra frantziarrek harturiko hamaika neurri.

Gonzalez eta Guidonik ederki argudiatu zuten zergatik zen erokeria hutsa pentsatzea Barrionuevo eta Vera gerra zikinean nahasiak egon zitezkeenik, baina, hara, gerora epaileek frogatutzat eman zuten leporaino sartuta ibili zirela biak gerra zikin hartan. Ez, gainera, Guidonik ulergarritzat emandako garaian, 1983a baino lehen, baizik eta bere ustez guztiz ezinezkoa zenean, akordio sekretua gauzatu zutenean, hain zuzen.

PSOEko agintariak ez zeuden erotuta, jakina, eta ez zuketen inolaz ere jokatu zuten gisan jokatuko baldin eta horretarako Mitterranden onespena izan ez balute. Eta frantziar PSren beste goi agintari batzuena ere bai, noski. Haien onespenik gabe, asko zuten galtzeko, eta gutxi irabazteko, Guidoni eta Gonzalezek primeran azaldu bezala. Frantsesen onespenarekin, ordea, irabazteko asko zuten, eta galtzeko gutxi... gerra zikina hain narras egin ez balute.

Dena den, garrantzitsuena da mekanismo independente batek orduan gertaturiko guztia sakon ikertzea. Biktima orori zor baitzaio hura dena argitzea, hil baino lehen haietako batek, Segundo Marey gaixoak, azpimarratu bezala: «GALen inguruko egia guztia argitu beharra dago, sigla horien biktimek sufritzeari utz diezaioten». Izan ere, berak zioen bezala, «Ez dago egia ez ezagutzea baino gauza okerragorik».

Iparraldean gauzaturiko gerra zikina Estatu terrorismo hutsa izan zela ukatzen dutenek ez diote soilik uko egiten mekanismo independente baten ikerketari. Gainera, etikari buruzko lezioak ematen jarduten dira, froga ukaezinak aurkeztu ezin dituzten Estatu terrorismoaren biktimak ezagutzeari uko egiten dioten bitartean; bereziki, torturaren biktimak. Eta hala jokatzen dute ederki asko dakitenean Estatu ororen ezaugarria dela ahaleginak eta bi egitea frogarik ez uzteko Giza Eskubideak urratzen dituztenean, eta baliabide ugari dituztela horretarako.

Hori al da haien zoru etikoa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.