Zilindroen bolumen handiko traktoreak ikusi ditugu egunotan autobideak ixten, baita mugak eta portuak ere; edota horietan ikusitako ultraeskuineko sasi-sindikatuek harrotutako bandera gorri-horiak eta hitzaldi sutsuak. Horiek guztiak urrun senti ditzakegu gertuko nekazaritzako eta abeltzaintza herrikoiko sistemetan lan egiten dugunok; edo pentsarazi diezaguke EB-Mercosur merkataritza askeko itunak ez duela aldaketarik eragingo gurekiko, urruneko kontua dela, eta, asko jota, balioko duela lehen sektorea egunkarietako lerroburuetan azaltzeko; edo gure ekoizpen sistema alternatibo txikiari ez diola eragingo. Berdin gerta dakioke kontzientzia duen kontsumitzaileari, larrialdi klimatikoaz edota justizia sozialaz kezkatuta dagoen herritarrari. Alegia, mobilizazioak ez ulertzea edo pentsatzea ondoko nekazarien arazoak lehen sektoreari baino ez dagozkiola.
Logikoa da nekeza izatea mobilizazio horiekiko kidetasuna sentitzea. Eta ulergarria da; izan ere, horien lider direnen eguneroko nekazaritza jarduera salatzen duten ereduaren erabat menpekoa da: pentsuen inportazio masiboa, mendekotasun energetiko handia, fitosanitarioen, pestiziden eta ongarri kutsatzaileen erabilera intentsiboa, eta ingurumen muga ororen aurkako arbuio esplizitua. Eredu horrek ez du elikadura burujabetzarik eraikitzen, agroindustriaren negozioaren jarraipena baizik ez du bermatzen, zeina nekazaritza sektorearen beraren, lurraldearen eta elikadura sistema seguru eta iraunkor baten suntsipenera daraman kale itsua baita.
Onarpena behin betikoa balitz, edo Europako Justizia Auzitegiak hartaz erabaki aurretik hitzarmena praktikan ezarriko balitz, ekoizpen eredu agroindustrialaren kontsolidazio legalaren aurrean egoteaz gain, Europako eta Hego Amerikako ustiategi txiki eta ertainen ehuneko handi baten behin betiko ordezkatzearen aurrean geundeke.
Buruzagi politikoek aintzat hartzen ez duten testuinguru honetan, non lehen sektorea azkar desagertzen ari den —EAEn bakarrik, azken bost urteotan baserrien %20 galdu dira—, baserritarrok bizi dugun krisia areagotu nahi da, sektore agroesportatzaileen paradigmaren lurraldetik etorritako nekazari produktuei ateak erabat irekita, mugarik gabe.
Baina elkarbizitza ez da posible. Edo eredu agroindustrialaren alde egiten da, berezkoak dituen elementuak indartuz —lanaren prekarizazioa, kutsadura, tokiko elikadura sistemen desartikulazioa eta horrek dakarren landa eremuaren hustuketa— esportatzaile jakin batzuen mesedetan. Edota gertuko nekazaritzaren alde egiten dugu, anitza, elikagaiak hondakin gutxi sortuz ekoizten dituena naturaren mugen barruan, tokiko komunitate aktiboak sustatzen dituena eta kalitatezko elikagaiak ziurtatzen dituena bere kideentzat.
Europako Batasuna karta jokoan ari da gure ekonomiarekin, Alemaniako automobilgintzaren sektorea salbatzeko eta zenbait oligopolio kimiko, energetiko eta finantzarioren onurarako. Dena Europako nekazarien sektore tokikoena eta jasangarriena sakrifikatuz, elikadura segurtasunaren eta lan baldintzen kaltetan ez ezik, geure buruari elikagaiak modu jasangarrian ekoizteko ezarritako gutxieneko mugen kaltetan ere bai.
Izan ere, akordio honek bide ematen dio, Europako lehen sektorearentzat ezinezkoak diren prezioetan, produktu masiboen inportazioari —bereziki, txahal eta hegazti okelak, zerealak, elikagai proteaginosoak, azukrea edota eztia, besteak beste—. Zergatik dira, ordea, Europako nekazarientzat ezinezkoak preziook? Inportatzaile horien lehiakortasuna oinarritzen delako eskala handiko ekoizpenean, lurraren metaketan, deforestaziorik gordinenean, langileen esplotazioan eta pestiziden, ongarri kimikoen eta transgenikoen neurrigabeko erabileran, eta animalien ongizatea bermatuko ez duten lan moldeetan.
Agintari politikoen zurikeria ariketa lotsagarria da ispilu klausulei buruz edota mugetan neurriak hartzeaz hitz egitea, jakinda aurreko esperientzietan egiaztatua dugula hori ezinezkoa dela —Kanadarekin eta Japoniarekin egindako hitzarmenetan, kasurako—. Are gutxiago, gainera, neurriok lotesleak ez badira. Beraz, argi ikusten dugu ispilu klausulak desmobilizaziorako eta engainurako tresnak baino ez direla. Nabarmenak izan dira horrelako hitzarmenek ekarri dituzten ondorio suntsigarriak, lehen sektorearentzat, ingurumenarentzat eta bertako ekonomientzat.
Egia da EB azkar ari dela atzean uzten bere betiko diskurtso berdea. Ultraeskuinaren presioa eta diskurtso militarista direla eta, hasi da bere benetako aurpegia erakusten, eta agroekologiaren bidean eta herritik lanean ari diren baserritar multzoaren desagerpena elikatzen ari da, orain, Mercosurrekin sinatutako hitzarmenarekin.
Ondorioak, esan bezala, larriak izango dira han —Amazoniaren edota Gran Chacoren deforestazioa, monolaborantzaren indartzea eta indigenen eta nekazarien lurren metaketa, kutsadura...— eta hemen —baserrien eta landa eremuko herrietako sareen desagerpena, errelebo falta, elikadura katearen kontrolaren ezeztatzea...—.
Orain dela hilabete batzuk, Gipuzkoako baserritarrok geure burua antolatzen hasi ginen sindikalismo eredu berri bat ardatz hartuta, zeinak baserritar eta ekoizle txikien ahotsa lehenetsiko baitu.
Ahots sindikal berri honekin, jarraitu nahi dugu elikadura sistema alternatiboak eraikitzen ari garenongan eragin negatiboa duten politiken kontra borrokatzen. Horregatik, bertako eta Europako administrazioei jakinarazi nahi diegu ez dela koherentea hemen baserritarrak desagertzen ari garela-eta negar egitea eta aldi berean lehia desleiala eta agroindustria babestea. Ezin dutela trantsizio berdearen erretolika zabaldu eta, bitartean, baliabide naturalak eta fosilen eredu harrapariak bultzatu. Alferrik amestuko dutela landa eremu biziarekin, nekazaritza herrikoirik eta bide laburreko merkataritzarik izan ezean. Aldi berean, agintari politikoek jakin badakite berdintasunean oinarritutako jendarte batean ezin direla uztartu eliteentzako kalitatezko elikagaiak sustatzea eta bitartean herri xeheak ez izatea kostu sozial handiko elikagaiak eta kutsatuta daudenak jatea beste aukerarik. Landa eremuaren eta lehen sektorearen krisiak ez dira prozesu ausazkoak eta saihetsezinak, baizik eta erabaki politiko zehatzen ondorioak, eta horren adibide garbia da Mercosurrekin merkataritza itun libre baten sinadura babestea.
Hori dela eta, Baserritar Bilguneak dei egiten die, baserritar eta ekoizle txikiez gain, elikadura burujabetza eta herriak bizirik nahi dituzten herritarrei EB-Mercosur hitzarmenaren kontra mobilizatzeko.