Idazlea

Gizaberetxoak gara

2025eko abuztuaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mikel Urdangarin Irastorzaren Gizaberetxoak gara: Joxe Azurmendi feminismoekin elkarrizketan liburuko lehen atala, Azurmendiren gizaberetxo nozioaren nondik norakoak azaltzera emana da; eta bigarrenean, Azurmendik gizon-emakumeaz eta euskalduntasun/subalternitateaz agertu dituen iritziak Butler, Fausto-Sterling, Haraway eta Goikoetxearekin eta, jartzen ditu elkarrizketan eta eztabaidan. Ez da eztabaida zakarra bultzatu nahi duen testua; pausatuki irakurtzea galdegiten du, eta orekatua da. Ni hemen, bigarren ataleko polemiketara mugatuko naiz.

Azurmendik izan du bilakaera gizon-emakumea bereizketaz. Gizona abere hutsa da-n ondoriozta daiteke biologizismotik soziologizismorako trantsizioan kokatzen duela feminismoa. Azurmendiren beraren hitzetan: «Sexuen arteko diferentzia naturala gehien-gehienbat diferentzia kultural hutsa dela pentsatzen da». Ildo horretan, dena ez dela kulturala baieztatzen zuen 1975ean: «Emakumearen emantzipazioaz zentzuz hitz egiteko, adibidez, andrearen sexualitatearen endokrinologia ezagutu beharra dago. Beste guztia fantasmakeria hutsa da».

Fausto-Sterling biologoaren iritzian, banaketa sexuala berrezartzea xede izanik, marko heterozuzenaren arabera egin zuten sexualizazioa AEBetan 1905ean: batetik, hormona maskulinoak (testosterona) eta bestetik hormona femeninoak (estrogenoa), bata besteari kontrajarrita. Hori zalantzan jartzen du:

«Biokimikariek frogatu zuten testosteronak estrogeno bilakatu ostean soilik eragiten duela garuneko garapenean. Bigarrenik, ezin dira sexuari lotutako jardunei soilik atxiki. Funtsean gorputz orotako organo orori eragiten dien hazkunderako hormonak dira, eta ezinbestekoak dira garun, birika, hezur, giltzurrun, bihotz eta beste hamaika organoentzako ere. Hirugarrenik, ez direnez unibokoak, bere horretan ezin zaizkio sexu jakin bati ere atxiki. Horren lekuko, estrogenoak ezinbestekoak dira gizonen kasuan ere (tartean beraien ugalkortasunerako), eta testosterona emakumeen zenbait jokaerarekin lotuta dago». (208)

Autore feminista erreferentzialen iritzian, marko binarioa (gizona eta emakumea) zalantzan jarri behar da:

«Ez dago zertan ‘Ni emakumea/gizona naiz’ aurresuposatu, ezta ondorioztatu ere. Gainera, hala eginez, bazter uzten dira hainbat subjektu: intersexualak, ez-binarioak... Zentzu horretan, gizon eta emakumeen deskribapen jakinak ez ezik, Wittigek eta Butlerrek gizon eta emakumeen bereizketa binarioa bera ere jarri dute zalantzan: [...] Muga bera problematikoa izanik, ez dago gizon/emakume kategoriak abiapuntu naturalizatu gisa hartzerik, nahiz eta dinamikotzat jo. Azurmendik abiapuntu bezala jotzen duena bera ere zalantzan jarri beharrean dago». (213)

Azurmendik lehen juzguetatik berrogei urtera, Gizabere kooperatiboaz lanean, honela zioen: 

«Kontua da, instintuaren, mitoaren, filosofiaren, teologiaren mila hari suerterekin nahas-mahas dualismoen sare zabal bat ehundu dugula mendez mende, orain gure pentsaera guztia eta bizi osoa estekaturik daukaguna: gizona/emakumea, instintua/morala, Jainkoa/mundua, zerua/infernua... eta ez dugula askatasun intelektual eta moralik bestela pentsatzeko. Eta kontua da, abiapuntu egokia izan zitekeela, baina errealitatea poxi bat bere konplexutasunean ulertu gura dugun orduko, dikotomia horiek ezin baliatuzko eta justifikatu ezinezko bilakatu zaizkigula». (214)

Bilakaera horrekin, baina, Azurmendi ez da feminista erreferentzialengana nahikoa hurbildu, Urdangarinentzat. Hemen ez naiz spoilerrago izango!

«Euskaldun egiten gaituena ez da euskaraz aritze hutsa, elitetik eta botere hegemonikotik at egoteak bilakatzen du emakumea ema-kume, euskalduna euskaldun, eta, beraz, emakumearen eta euskaldunaren identitatea eta subalternitatea boteretik at egotetik eratortzen da». (270)

Azurmendiren ikuspegira etorrita, euskalduna ezin da izan euskaraz egiten duena soilik —Azurmendik ondo dakizki gaztelania eta alemana baina ez da espainola edo alemana—, baizik eta euskara-komunitatea berreraikitzeko proiektuan engaiatzen dena, egun euskaraduna edo euskaragabe(tu)a izan:

«Euskararen komunitate deseginduan, euskalduna izatea proiektu bat da, izan nahi izatea. Beraz, ikusmolde historiko dinamikoan, hau da, identifikazioak gaur egiten diren moduan, esango dugu, sozial-politikoki, bizitza euskaraz egin nahi lukeena ere euskalduna dela. Urrunagotik, nolabait euskalduna da, berak agian ez, baina bere haurrek bizitza euskaraz egitea nahi lukeena. Komunitate honek noizbait bere bizitza euskaraz egin ahal dezan ahalegina egiten duena, etab». (275)

Liburuaren egile Urdangarinek honelatsu edo honelatsu ere adiskidetzen ditu Azurmendi eta Goikoetxea polemika horri dagokionez:

«Horrenbestez, Azurmendiren kasuan, ‘Euskarak egiten gaitu euskaldun’ baieztapenak ez du esan nahi euskara edukitzeak edo euskaraz hitz egite hutsak egiten gaituenik euskaldun. Kontrara, izan-eginean, euskararen komunitatea egitean egiten gara euskaldun. [...] Ondorioz, zergatik egiten dute talka Azurmendik eta Goikoetxeak? [...] Edozein kasutan, baieztapen horren bidez edo baieztapen horren kontra argudiatu, mamian ez daude hain urrun: batak zein besteak ez dute onartzen euskalduna euskara duenera murriztea, ezta euskaldunaren definizio tekniko, etimologiko edo itxi bat egitea ere. Euskalduna, jaio-eduki baino, izan-egin egin behar da, komunitatearekiko erlazio jarraitu, aldakor eta gatazkatsuan». (276-277)

Hor ez da amaitzen polemika, baina artikulu hau bai. Liburua irakurtzea gomendaturik, noski!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.