Erretiratua

Gizakia kosmosa da

2025eko ekainaren 19a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gizakia kosmosa da. Kosmosa, mundua, ez da gizakiarena, askotan hala dela ematen badu ere. Udako solstizioan, egunez Eguzkiak itsutu egiten gaitu duen argiaren indarrarekin, baina gauak ederrak dira, zeruan izar dirdiratsuak kabitu ezinka ikusten ditugunean. San Juan suaren aitzakian edo oskarbi dagoen udako edozein egunetan, hiriko edo herriko argietatik urrun, zerura begira egoteak mesede handia egiten digu, dudarik gabe. Unibertsoaren handitasunak apaldu egiten du gizakia. Zer gara ba gu, kosmosaren handitasun horretan?

Azken azterketen arabera, bi bilioi galaxia omen daude gaur egun kontatu daitezkeenak. Hortik atera kontuak zenbat izar-eguzki, planeta eta satelite egon daitezkeen, jakinik galaxia bakoitzak batez besteko 200.000 milioi izar dituela. Gure Eguzkia, izarra, Esne Bidea deitzen zaion galaxia batean kokatua dago, beste 200.000 edo 400.000 milioi izarrekin batera. Azkenik, Eguzkiaren inguruan bueltaka, gure Lurra eta beste zazpi planeta gabiltza, satelite batzuk inguruan ditugula. Ba omen dira Lurraren antzeko planeta gehiago ere gure galaxian bertan, baina oraindik ez dakigu euretan bizitzarik ba ote dagoen.

Gizakia hor dabil espazioan zerbaiten peskizan. Ez da oso urrutira heldu. Gizakia bera, Lurraren satelite naturala den Ilargiraino —satelite asko artifizialak baitira Lurrari bueltaka dabiltzanak— iritsi da, baina oraindik ez da Martera heldu. Hori bai, espazio-ontzi esploratzaileak urrutira bidali ditu: Merkuriora, Artizarrera, Jupiterrera, Saturnora, Uranora, Neptunora eta Plutonera esplorazioak egitera. Ahal izango balu, unibertso guztia miatuko luke. Halakoa da sapiens gizakiaren esploratzaile grina!

Baina gizakia ez da konturatzen berarekin daramala soinean kosmos guztia. Gizakiak uste du, Jainkoaren pare, bera dela erdigune, eta bere inguruan dagoen guztia berarentzat sortua dela. Sapiens honek, ez dakit ze garaitan, sortu zuen edo sortu zitzaion bere nia, egoa, eta ordutik inguruko guztia bereganatu nahi du; jabegoa ez ezik —eta nolako borrokak egin dituen historian zehar Lurraren lur-eremuak eta bertako aberastasunak bereganatzeko— Lurraren ustiaketa suntsitzaile basatia egin du, jakin gabe bere burua izorratzen ari dela.

Zer pentsatzen du gizakiak, beste mundu batetik etorritako jainkoa dela? 8.005 milioi jainko Lurra planetaren gainean? Ez, barkatu! Deskuidatu egin naiz.  Jainkoak, jabetza guztia dutenak, ezagutzen ditugun eta ez ditugun bakar batzuk dira. Den guztiaren gainetik gaudela sentitzeak eta den guztitik at bizi gintezkeela pentsatzeak pertsona inozoak eta zanpatzaileak egiten gaitu. Ekialde edo Ekialde Hurbileko erlijioek, behintzat, gizakiaren nagusitasuna aldarrikatu digute eta Lurra menperatzeko baimen guztiak eman. Gizakiak ondoen bete duen agindua izan da, zoritxarrez.

Gure partikularik txikiena ere kosmosarekin lotua dago. Gu garen guztia kosmosean dago eta, dugun ederrena bizia izanik, ez genuke izango bizi-arnas hori unibertsoarekin loturarik ez bagenuke. Unibertso bat gara geure txikitasunean.

Gizakia, antzina-antzinatik, Eguzkiaren eta Ilargiaren esanetara mugitu izan da bere zeregin guztietan. Ezagutzen zituzten zeruko bi astro horiek oso garrantzitsuak ziren euren bizitzarako. Izarrak edo izar-multzoak ere ezagutzen zituzten, baina ez dakit haien eraginik sumatzen zuten. Gaur egun, gutxi axola zaio gizakiari Eguzkia edo Ilargia. Udako solstizioa opor-garaia edo hondartza garaia da. Negukoa, berriz, Gabon ingurua: etxea, kalea eta erosketa da nagusi; kontsumoa. Natura guztiak sentitzen duen bezala, gizakiak ere bere gorputzean sentitu beharko luke Eguzkiaren indarra eta energia. Zailagoa bada ere, berdin sentitu beharko lituzke Ilargiaren gorabeherak. Gaurko gizakiak horrelakorik ezin du sentitu, naturatik eta unibertsotik asko urrundu baita. Hainbeste urrundu da jadanik, arestian esan bezala, autonomoa, independentea, autosufizientea eta, batez ere, harroa bihurtu zaigula.

Garai hauetan gizakiak unibertsoarekiko duen interesa, arrazoi batengatik dela esango nuke: aurki dezakeen guztia bereganatzeko asmoa, aurrerakuntzaren izenean materialki aberasteko.

Gizakiak bere burua, gorputza eta izatea esploratu behar ditu, eta ingurumen guztiarekin, kosmos izugarri honekin bat eginda bizitzen ikasi. Agian, beharbada, den guztia onartzera eta maitatzera iritsiko da, eta bere senideak errespetatzera. Ea gerra eta genozidio basatiak amaitzen ditugun eta gure Ama Lurrarekin eten dugun zilbor-hestea berriro ere lotzen dugun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.