Gizarteratzea, berdintasuna eta garapena

Julen Ulang Ganuza
2019ko azaroaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hitz horiekin definituko nituzke Agisas Gipuzkoa (Gipuzkoako Gizarte Integrazio eta Animatzaile Soziokulturalen Elkartea), Haurralde (Garapen eta Lankidetzarako Fundazioa) eta Batera 2030 egitasmoak orain dela asteren bat antolatutako ekitaldia Loiolako kultur etxean.

Bertan, atzerriko gazte aktibistak, egoera kalteberan dauden taldeak eta komunitateko jende desberdina elkartu zen, helburu desberdinak lantzeko asmoz: garapen iraunkorra, berdintasuna eta gizarteratze prozesuak. Kide bakoitzaren ekarpena zein publiko bezala azaldu zirenena funtsezkoa izan zen, eginiko lana aberatsagoa izan zedin eta gizartearen eboluzioaren inguruko hausnarketa irudikatzeko errealitate anitzak hartuz.

Batetik, berdintasuna zein aukera berdintasunarekin loturiko esku-hartze dinamikak aurrera eraman ziren, eta, honen ostean, herrialde desberdinetatik etorritako gazteek hartu zuten hitza, bakoitzak garapen iraunkorreko helburuak zein talde kalteberen prozesuak nola bizitzen dituen esplikatzeko. Zalantza izpirik gabe, herrialde bakoitzean izaniko bizipen desberdinak komunean ezartzeak dinamizazio prozesua aberastu egin zuen.

Interesgarria eta beharrezkoa suertatu zen kideen arteko harremana zein datuen hausnarketa. Adibidez, gaur egun ere, genero desberdintasunaren inguruan azpimarratzekoak eta kezkatzekoak diren datuak aipatu ziren: estatu espainolean langabetuen %58 emakumeak dira, soldatari dagokionez gizonen eta emakumeen batez besteko desberdintasuna 5.941 eurokoa da, Espainian lan partziala daukaten %75 emakumeak dira, ikasketen inguruan ingeniaritzarekin loturiko unibertsitate ikasketak soilik %7k dauzkate, eta teknologiarekin loturikoak %28k. 2003. urtetik aurrera genero indarkeriarekin loturiko hilketak orotara 973ra iristen dira.

Aurrez aipatutako datu hauek ikusita, etorkizunari begira lan asko dagoela esan nahi du, eta horretarako hezkuntza prozesuak maila desberdinetan funtsezkoak dira. Hala nola, berdintasunaz haratago, administrazio desberdinak zein hirugarren sektoreko elkarteek egiten duten lana erraztea eta uztartzea erronka bat da hezkidetza normaltzat jotzeko.

Hezkuntza prozesuetan, adin txikiagoetatik erraztu beharko lirateke herrialdeen arteko topaketak eta esperientziak, honek garapen iraunkorreko helburuak betetzea erraztu dezake eta. Gutxienez, gai guztietako prebentzioa eta sentsibilizazioa erraztuko lukete, eta benetako praktikak aurrera eramateak garapen jasangarria lortzeko pausuak ezarriko lituzke.

Hedabideetan antzeman daiteke garapen iraunkorreko helburuak betetzea, gaur egun, utopia bat bezala ikus daitekeela eragile batzuengandik. Aldi berean ere, badaude azkenaldian gazteak kezkatzen eta mobilizatzen dituzten helburuak: berdintasuna, ekoizpen eta kontsumo arduratsuak, planetaren iraupena... Honen harira, pasa den irailean gazteek eginiko greba klimaren inguruan edota azken egun hauetan botere ezberdinek Greta Thunbergi eginiko kritikak eta mespretxuak (Aznarrenak adibidez) aipatzekoak dira, adibide batzuk ezartze arren. Bestelako kontua litzateke munduan benetan agintzen duten botere ekonomikoak 2030 agenda noraino nahiko luketen betetzea, honek inongo ardura kentzen ez badio ere gizabanako bakoitzaren ekintzari eta koherentziari.

Azkenik, aipatutako ekintza zein datuak landu genituen gazte aktibistekin, ezintasuna daukaten pertsonekin eta eragile sozial desberdinekin. Eskerrak eman nahi nizkieke Loiolako kultur etxeko Josu teknikariari eta Jon zuzendariari, lana erraztu ziguten eta. Bestalde, Loiolako kultur etxearen espazio guztiek irisgarri izan beharko lukete, eta Donostiako Udalak hitzetatik ekintzara pasa beharko luke. Inondik inora ezin daiteke ezintasuna daukaten pertsonen eskubideekin jolastu eta hauen duintasuna zalantza jarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.