Testu honen izenburua nobela erromantiko baten izenburua izan liteke. Ez da, ordea. Kontua da, Mandasko dukeak Donostiari Egiako parkea herentzian utzi zion mendeurrenaren aitzakian, hura oroitzeko hainbat ekintza antolatu direla, eta hainbat artikulu argitaratu. Gehienetan ikuspegi historikoa izan da nagusi, eta, noski, protagonismo handia izan dute dukeak ezarri eta egungo begiradatik oso bitxiak iruditzen zaizkigun baldintzek. Gogora ditzagun horietako batzuk…
«Parkea paseatzeko bakarrik erabili behar da. Debekatzen dut, irmoki debekatu ere, parkean nahiz parkeko etxeetan jokatzea. Ez pilota, ez futbola… ez erruleta nazkagarria. Alegia, era guztietako jokoak debekatzen ditut. Dantza ere debekatzen dut. Musika, berriz, baimentzen dut, baina urtean hirutan bakarrik, betiere Udal Bandaren, Banda Militarraren edo Orfeoiaren eskutik. Ez da ametituko ez hamaiketakorik, ez bazkaririk, ez meriendarik. Parkean ezingo da ezer ere saldu, ezta ur freskorik ere».
Dukeak parkearen eta bertako eraikinen diseinua aldatzea debekatu zuen, noski, baita zuhaitzak eta zuhaixkak botatzea ere, baldin eta Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundietako mendi-ingeniarien oniritziarekin ez bazen.
Bestela esanda: «Ni hiltzen naizenean, Kristinaenea gaur bezalaxe kontserbatu behar da; jendeak paseatzera sartzeko aukera izango du, eta hori izango da aldaketa bakarra».
Bistan da ehun urte geroago baldintza horiek zaharkituta geratu direla. Udalak, behintzat, nahieran urratu ditu, salbuespen bakar batekin: izena. Izan ere, Gladys Enea ipintzeko planteatu den bakoitzean, ezer baino lehen ezinezkoa dela argudiatu du, horrek dukearen testamentua urratuko zuelakoan. Ja, horrek bakarrik urratzen du dukearen testamentua, ezta? Glad Is The Day-k, zuhaitz-igotzaileen txapelketak eta antzeko ekimenek, ez. Ez horixe. Portzierto, gogora dezagun nor izan zen Gladys del Estal, askotan gauza gehiegi jakintzat ematen ditugu eta: Gladys Egiako ekologista bat izan zen, 1979an Tuteran hil zutena; Jose Martinez Salas guardia zibilak tiro bat jo zion buruan, Gladys lurrean eserita zegoela, nuklearizazioaren eta Bardeako tiro poligonoaren aurkako mobilizazio baketsu baten errepresioaren testuinguruan.
Udal arduradunak ez dira ikusteko gauza gaur egun sustatzen duten zenbait ekimen parkearen karga gaitasunaren oso-oso gainetik dagoela
Baina itzul gaitezen mendeurrenera, eta, Glad Is The Day edo zuhaitz-igotzaileen txapelketa aipatu ditugunez, esan dezagun ondo dagoela eta logikoa ere badela efemeridearen aitzakian iraganaz hitz egitea, baina gaizki egingo genukeela baldin eta parkearen orainaz eta geroaz ere hitz egiteko aukera aprobetxatuko ez bagenu. Eta orainari dagokionez, argi eta garbi esan beharra dago parkearen kudeaketa oso eskasa dela. Ez da baso bat, parke bat baizik. Ados. Baina udal arduradunak ez badira ikusteko gauza gaur egun sustatzen duten zenbait ekimen parkearen karga gaitasunaren oso-oso gainetik dagoela, bietako bat: edo ez dute sentsibilitaterik edo ez dute ezagutza minimorik. Bata ala bestea izan, edo biak ala biak, ez lituzkete okupatu beharko okupatzen dituzten karguak.
Dena dela, ekimen handi horietatik harago, bada atentzio arazo bat ere egunerokoan. Adibidez, azkenaldion urtebetetze festa eta antzeko asko egiten dira parkean. Normala da, parke publikoa da eta. Ez da normala, ordea, dena hondakinez beteta uztea. Zibismo arazo bat? Dudarik gabe. Baina baita zaintza arazo bat ere. Parkean bizi diren hainbat animaliari egin zaizkien erasoetan ere agerian geratu da zaintza arazo hori. Beraz, arestian esan bezala, udalaren partetik parkearen gaineko atentzio arazo bat dago egunerokoan.
Laburbilduz: mendeurrenean, historia ondo, baina orainari ere heldu behar zaio, hemendik ehun urtera jarrai dezagun disfrutatzen bene-benetako herentzia: parke publiko bat, bere funtsezko ezaugarri naturalak kontserbatuko dituena.