Pedro Casas Alvarez.

Gobernu hau eraitsi eta sistema aldaraziko bagenu?

2012ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Sistemaren krisia ezin eutsizko mailara iristen ari da, ia kolapsoraino, hala ekonomia alorrean nola politika eta gizarte alorrean.

Osagai ugari pilatu dira, eta ezin askotarikoagoak.

Zenbaitzuek uste izan zuten PPren eskuin atzerakoiak aginte absolutua lorturik botere politikoaren ia esparru guztietan baretu egingo zirela, besteak beste, egoera orokorra, merkatuak eta Europako nahiz mundo osoko finantza botereak; hain zuzen ere, menderakuntza baliabide guztiak kontrolpean izanik, estatu kolpe benetako bat ematen ari da orain arte eskuragarri genituen eskubide politiko, sozial eta demokratiko apurren kontra.

Ekonomia kolapsoa, lasaitu beharrean, ezin eutsizko mailara iristen ari da, benetan, eta agerian uzten ari da munduko zortzigarren ekonomia potentzia deritzon horren benetako ahuleziak, zeina duela urte gutxi harro baitzebilen munduko banku sistemarik sendoena zeukalako; ironiaren zorigaiztoa, handik gutxira bide eman behar izan baitio bankuak erreskatatzeari.

Politikari dagokionez, PPk erakundeetan gehiengo absolutua lortu izanak, instituzioen arteko harremanak baretu beharrean, legebiltzarrerako hauteskundeetan 35 urte hauetan inoiz izandako legezkotasun kentzerik handiena ekarri du; izan ere, gaur egungo gobernuak hainbat neurri hartu ditu, oposizioan zegoelarik aldezten zituenez guztiz bestelakoak, bere hauteskunde egitarauan jaso ere egiten ez zituenak. Gobernuari legezkotasuna kentzeaz gainera, omena kendu die, orain arte inoiz ez bezainbat, ezin ukituzkoak ziruditen hainbat instituziori; esaterako, monarkiari, ordena sozial eta politiko eratuaren bermerik behinenari.

Gobernuak erabaki du egokitzapen oldarkor andana egitea herrialdeko bizitza ekonomiko, sozial eta politikoko ia arlo guztietan; ia ez du utzi sektore sozialik, erasan gabekorik, eta hori egonezina sortzen ari da, baita haserrea ere, haren boto-emaileen artean ere. Gainditu egin ditu hainbat marra gorri, sakratuak ziruditenak, behintzat, ongizate estatua deritzon horretan: esaterako, erretiratuei beren errezetak berrordainaraziz, talde negoziazioak eta itunak bertan behera utziz, eta enplegatu publikoei Gabonetako ordainsaria kenduz.

Raxoiren gobernuaren murrizketa berri horiek, bada, PSOEren gobernuak eta tokian tokiko eta hainbat erkidegotako administrazioek hasitako murrizketei gehitzen zaizkie, baina baita hogeita hamar urtean baino gehiagoan monarkia parlamentario horrek pilaturiko ondoezari ere, ez baita gauza izan aurrera egiteko gizarte eta zuzenbide estatuan, bere konstituzioan sakratutzat jotzen duen horretan, eta herentzia frankistaren loturekiko eta hark euskarri izan zituen ekonomia botereekiko gatibu agertu baita, eta gaur egungo sistemaren bidez izugarri handitu baititu ekonomia eta botere onuren tarteak.

2007tik aurrera hasi zen krisiak, munduan hainbat eragilek abiarazitakoak eta gure herrialdean etxegintzako burbuila lehertu izanak piztutakoak, larritu baino ez du egin ondoeza, zeina duela urte askotatik ezkutuan baitzegoen.

Iazko maiatzaren 15ean eta hurrengo hilabeteetan lehertu zen ondoeza areagotu baino ez dute egin Europako agintariek agindu berri dituzten murrizketa bidegabeek, banku eta enpresa talde handien interesen zerbitzura baino ez baitihardute. Zapalkuntza areagoturik eta legeak gogorturik ere ez dira gai izan herritarren atsekabea apaltzeko; aitzitik, mobilizazioetan sekula parte hartu gabekoen sektoreetan ere sumatzen hasia da. Badirudi, gero eta gehiago iruditu ere, gobernu horrek galdua duela bere ustezko legezkotasuna, A-20 zorigaiztoko hartan bozkalekuetan lortutakoa —gogoraraztea komeni da boto-emaileen herenek bakarrik egin zutela PPrenalde—; baina ez hori bakarrik, bai baitirudi galdua duela egoeraren kontrola ere. Hainbat administrazio publikotako enplegatuak ere kaosa ereiten hasiak dira hiri askotan, kale-errepideak ixteraino; sarri askotan, gainera, segurtasun indarrak konplize dituzte, zeintzuetako kideak ere murrizketa berberen erasanpean baitaude.

Ari da iristen benetako ordua; gai izan gaitezen, bada, aurrerapauso bat emateko, eta ez gaitezen saiatu bakarrik erresistentziako eta eskubide zanpatuen aldeko borroka batean. Iritsia da garaia oldarraldi bati ekiteko, murrizketei dagokien mailan erantzuteko, eta sistema kolapsatzeko, eta, gobernuari dimisioa emanarazteko ez ezik, politika eta ekonomia sistema aldarazteko. Oraintxe da garaia bat etor daitezen, estrategikoki, gaur-gaurkoz bat egin ezinik dabiltzan borroka joera biak. Batetik, erakunde beteranoez ari naiz; azkenean, ez baitira gai izan krisiaren bilakaerari buruzko beren azterketa egokiak eta adierazpen zuhurrak agindu jakin bihurtzeko, eta, hala, herritarren borrokan eta erresistentzian beste aurrerapauso bat emanik, orain, sistema eraldatzeko.

Eta, bestetik, azkenaldian sortu diren mugimenduez ari naiz, beren mobilizazio lotsagabe, urratzaile eta bat-bateko samarren bidez, gai izan behar baitute helburu bat lortzeko, eta berehalako protesta hutsez harago joateko, gizabanakoaren utopia urrunekoa eta mundu berriak baino zerbait zehatzagora jorik.

Jatorri eta tradizio askotariko mugimendu horien bat etortze estrategiko plurala baliaturik lortu ahal izango dugu, hain zuzen, gobernuak ere geldiarazi eta kontrolatu ezin duen mobilizazioen eman horrek guztiak eraldaketa sakon bat ekar dezan, eta ez dezan balio bakarrik eskubide zanpatuak berreskuratzeko, baizik eta bestelako politika eta gizarte antolamendu baten oinarriak bermatzeko, eta orain arte pilatutako eskabideei erantzun bat emateko, gaur egungo erregimenak ez baitie eman konponbiderik, eta, trantsizio amarrutsu batetik eratorria izaki, neke sintoma larriak ageri baititu, eta, horrexegatik, lehenbailehen gainditu beharra daukagu.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.