Azken egunotan aho bete hortz nabil Mercosur osatzen duten herrialdeekin gure agintariek egingo dituzten akordioekin. Azken hamarkadetan sistematikoki hiltzen ari diren familia ustiategientzat azkenengo besarkada izango da. Gure ekonomiaren globalizazioaren ondorio garbia izan arren, ez al daukagu herritarrok zer esanik gai horren inguruan?
Egia da, gaur egungo egoera geopolitikoa kontuan hartuta, akordio hau sinatzea mugimendu estrategikoa dela Europarentzat. Txinarekiko dependentzia gutxituz eta Ameriketako Estatu Batuak ez diren beste merkatu batzuetan zabalkundea eraginez. Denbora luzez egon gaitezke akordioaren barrukiak aztertzen, eta argi dago industriak etekin garbiak aterako dituela, eta hori dela gure ongizate sistema mantentzeko ardatzetako bat.
Hala ere, epe ertainera begira gizarte lez geure buruari galdetu beharko genioke non eta nola ikusi nahi dugun gure gizartea. Ohartzen al gara hazkuntza amaigabera behartzen gaituen sistema ekonomiko honek Valentziako laranjak bota eta Hegoafrikakoak saltzen dizkigula?
Espainiako Estatuko iparraldean kokatuta dauden ustiategiak txikiak edo ertainak dira, orografiak horretarako laguntzen ez duelako, baina mendeetan zehar ingurura moldatutako animaliak zaintzen trebeak. Kalitatezko produktuak ekoitzi eta norbanakoaren osasuna ardatz dituztenak.
Nekazariak eta abeltzainak kalera atera dira, eurentzat azken arnasa ekar dezakeen neurri baten aurka egitera, baina protestak egiteko ahalmen mugatuarekin. Ordena kaltetzen badute, Poliziaren mehatxuak jasan behar dituzte. Arabako laborarien kasua aipa dezakegu, adibidez. Gure politikoen gehiengoa, salbuespen txiki batzuk gorabehera, isilik daude, espainiar estatuko presidentearen teatro politikoari men egiten. Hori bai, hauteskunde garaia gertu egongo balitz, inoiz edo gutxitan gauzatzen diren laguntza eta neurriekin beteko litzaieke ahoa.
Zergatik gu lelo lez tratatu? Industria babesteko zergatik gure elikadura kaltetu? Ezin al dira akordioak lortu guretzat estrategikoak izan beharko liratekeen sektoreak ukitu gabe? Gurera etorrita, orain dela gutxi gure lehendakaria oso pozik ikusi zen Galesko lurraldearekin sinatutako akordioarekin, pozik egongo al da gabonetan Eroskira joan eta Galesko arkumeak saltzen ditugunean? Ez al da errazagoa Euskal Herriko ustiategiak antolatzea gure bildots guztiak bertan kontsumitu daitezen?
Bitartean, gaur goizean lanera etorri baino lehen, lau bildots hiltegira eramateko egindako bide guztia buruan eduki dut. Atzo garraioa egiteko papera atera behar izan nuen. Lehen telefonoz egiten zidaten eta atzo ezagutzen ez nuen posta elektroniko batera idatzi behar izan nuen. Orain dela urte batzuk garraiorako ikastaroa egin behar zen, bestela ATES delako hori gabe ezin direlako animaliak garraiatu. Belarritakoak Abadiñon egiten ziren lehen, enpresa hori itxi eta Kataluniako enpresa bati eginarazi behar izan dizkiot. Benetan gauzak ondo egiteko beharrezkoa dela lau bildots jan ahal izateko zoro moduan ibiltzea? Animaliak kortan sartzen nengoela, Tolosako gizon batekin hizketan ibili naiz, bera ere ahari bat ekarria zen, eta normala den bezala kexu zen bere herriko hiltegia itxi zutelako. Eta baserri txikiak hiltzera kondenatuak gaudela aipatu dugu. Gogora ekarri dit duela urte batzuk Laudioko hiltegia hil zutenean nola mobilizatu ginen; ezertarako ere ez. Non geratu zen Zorrotzako hiltegian galdu zen diru guztia?
Milaka buelta eman ostean lanera joan naiz burumakur eta triste, baserri txikietan bizi dugun egoeraz hausnartuz. Hala ere, niretzat ohorea da nire bizimoduarekin jarraitu ahal izatea, eta bizirik egon artean gure inguruan eragiten jarraituko dugu. Dena ez delako dirua eta neoliberalismo inperialista honen aurrean betiko baserritarrak aurrean izango gaituztelako, euskalduntasunaren zati txiki bat babestuz eta diruaren truke ez salduz.
Albo batera utz ditzagun ideologiak eta denok bat eginda defenda ditzagun gure estatuko eta Europako nekazaritza eta abeltzaintza tradizionala!