Gripearekin alarma gorria

2017ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
La noche en jaque ETB2ko programan aritzeko gonbita egin zidaten, gripearekin gertatutakoari buruzko bost minutuko interbentzioa egiteko. Zoritxarrez, bi minutu besterik ez nuen izan, eta orduan azaldu ezin izan nituenak publiko egin nahi nituzke.

Urtarrilaren 9an eta 10ean ikusi genituen irudiak sakoneko arazo baten ondorio dira. Jasotakoa, zorionez, ez da egunero gertatzen, baina arazo larri baten seinale da. Egun horietan, gripea ez zen iritsi beste urte batzuetako gorengo egoerara. Osakidetzako datuen arabera, 100.000 biztanleko 341,6 kasu geneuzkan, eta iaz, 450era iritsi arren, ez genuen aurtengo egoerarik ikusi.

Aurten, ospitaleren batean 39 pertsona egon izan dira box-etatik kanpo artatuak izan direnak, itxarote gelak lepo egon dira, jendeak orduak itxaron behar izan ditu, momentu batzuetan triajea egiteko 14 pertsonako ilarak egon dira, lehen arretan txanda bakarrean 70 gaixo baino gehiago artatu dituzten medikuak izan dira, leku faltaren ondorioz gripea duten gaixoak defentsak oso baxu dauzkaten gaixo onkologiekoekin batera egon dira...

Zer gertatu da egoera honetara iristeko? Nik esango nuke bi faktore daudela. Lehendabizi, gure osasun sistemak pairatzen duen murrizketa estrukturala. Larrialdien kolapso egoerak errepikatu egiten dira. EAEn osasunera bideratutako aberastasuna ELGAko batezbestekoa baino 2,2 puntu txikiagoa da; hemen batezbesteko hori inbertituko bagenu, 1.457 milioi euro bideratu beharko genituzke, egungo Osakidetzako langile kopurua bikoizteko beste ia. Eta Europako Ospitaleetako batez besteko ohe kopurua izango bagenu, Osakidetzak 4.000 ohe gehiago izan beharko lituzke. Aurreko astekoarekin erabat lotuta dago hau, Osakidetzak 417 ohe ireki eta 230 langile kontratatu dituen momentuan kolapso irudiak desagertu egin dira eta.

Baina, aurrekoaz gain, aurten gripearen epidemiak Gabonekin bat egin du, urtarrilaren 9a izan da Gabonetatik bueltan lehen eguna. Aurtengo Gabonetan lehen arretan ez da aukerarik izan medikuak ordezkatzeko, ez zegoen kontratatu zitekeen medikurik. Ondorioa oso larria izan da. Hainbat osasun-zentrotan ez da lehen arreta zerbitzurik izan, larrialdi egoerak bakarrik artatu dituzte. Urtarrilaren 9an, berriro ere gaixo kronikoen jarraipena edo prebentzio lana egiten hasitakoan, ez zen gripearen ondoriozko gaixoak artatzerik izan, eta horiek Ospitaleetako larrialdi zerbitzuetara jo zuten.

Mediku falta hori, eta orokorrean osasun profesionalen falta, politikarien aurreikuspen faltaren ondorio izan da. Orain 15 urte, orduan egungo Osakidetzako Zuzendari Orokorra Giza Baliabideetako Zuzendari zela, gure sindikatuak osasun langileen erreleboari buruzko kezka helarazi zion Osakidetzari. Alarmistak ginela esan ziguten. Egun arazo izugarri bat daukagu, eta hurrengo urteetan egoera are gehiago okertuko da. Hainbat espezialitatetan ez dago profesionalik, eta datozen urteetan egungo langileen erdiek erretiroa hartuko dute. Datu bat: egun EHUn medikuntza ikasten ari diren ikasleekin urte batzuetan ezingo da erretiroa hartuko duten medikuen laurdena ere bete. Ziurrenik hau da gure osasun sistemak duen erronka handiena, eta oso berandu helduko gara, kontuan izanik mediku baten prestaketak 10 urte behar dituela. Eta horri aurre egiteko, langileak fidelizatzeko politika aurrera eraman beharrean, prekaritatea bultzatzen dute. Osakidetzan badira azken lau urteetan 141 kontratu izan dituzten langileak. Egoera honetan Gabonetan lehen arretan eta Gabonetatik bueltan sistema osoan gertatutakoa Osakidetzaren etorkizun hurbilaren lehen zertzelada izan daiteke. Zoritxarrez, politikariek lau urteko iraungipen data dute, eta langileei ezin zaie zinta bat jarri hauteskundeen aurretik inaugurazio bat egiteko, horregatik politikariek ez dute hemendik 10 urtera onurak izango dituen politikarik bultzatzen.

Etorriko zena ikusirik, abendu hasieran eta Gabonetan zehar sindikatuok protesta ekitaldiak egin genituen, Sailburuaren esanetan, alarma sortzea beste helbururik ez zuten mobilizazioak. Alarmismo hitzarekin erasotzen digutenean gure eskaeren atzean interes «zikinak» daudela adierazi nahi izaten dute. Lan-baldintzak erreibindikatzeko aitzakia omen da salaketak egitea. Gure ustez, zerbitzuaren kalitatea etalan-baldintzak zuzenean lotuta daude. Ez dago osasun zerbitzu duin bat ematerik Osakidetzak 3.000 langile kaleratu ondoren, behin-behinekotasuna %40koa denean eta Europako Auzitegiak beraiekbehin-behineko kontratazioarekin iruzur egiteagatik Osakidetza kondenatzen dutenean.

Guk ez dugu eztabaida Sailburuaren mailara jaitsi nahi. Hori egingo bagenu, gure osasun sistema prekaritate egoera honetan mantentzeko interesa pribatizazioek eragiten dutela esango genuke. Eta maila are gehiago jaitsiko bagenu, Sailburuaren jatorrizko osasun enpresa pribatuari laguntzeko egiten duela esango genuke. Baina ez dugu egingo.

Hori bai, iruditzen zait eztabaida honek gure komunikabide publikoetan tarte zabalagoa merezi duela, pozarren joango nintzateke Sailburuarekin eztabaida publikoa egitera La noche en jaque saiora berriz ere. Gure sindikatuak ez du alarmarik sortu nahi eta, baina erabat alarmaturik gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.