Tasio Erkizia.
Euskaltzalea

Gu bagoaz. Bazatozte?

2026ko apirilaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskaltzaleok, pozik bukatu genuen aurtengo Korrika. Itxuraz, bai, bederen. Giro izugarria zegoen Bilboko bazter guztietan. Inoizko Korrika jendetsuena. Gazte asko bildu dituena. Koloretsua eta baikorra. Herri bat martxan irudikatu duena. Komunitate euskalduna egon badagoela adierazten diguna. Euskararen alde herri gogo bizi-bizia azaldu duen kolektibo zabala...

Dena den, ez dirudi guztiok aho zapore berarekin bukatu dugunik. Batzuek ozpinduta hasi zuten, lehen egunean modu ez egokian AEKri leporatuz CCOOk lekukoa ez eramatearen ardura; desegokia zen, ezen, sindikatuaren erabakia izan baitzen euskararen aurka duen jarrera aktiboa berrikusi ordez, Korrikarengandik baztertzea. Eta bukatu ondoren, instituzio eta pertsona berek kanpaina lotsagarria abiatu dute herri ekimen masiboa den Korrika alderdien estrategiaren baitan kokatzeko asmoz.  Eta ez, ez da zuzena hainbeste herritar motibatzeko eta ilusionatzeko gaitasuna duen herri mugimenduari leporatzea egon daitezkeen hutsune guztien ardura. Eta gutxiago, lekukoa nahi duten adina erabili duen alderdiak, biktima papera hartuaz, herri lanean ari diren militanteen esfortzua mespretxatzea.

Batzuk kexu dira beraien alderdiak ez duelako nahiko presentziarik izan azken kilometro zirraragarrian. Eta behin eta berriz azaldu arren gazteak ez direla aukeratuak izan pentsaera politikoaren arabera, euskararekiko erakutsi duten atxikimenduagatik baizik, beraien interes partidistekin jarraitu dute, euskarari fobia dioten komunikabide eta kolektiboei aitzakia emanez euskararen aurkako kanpainan jarrai dezaten. El Correo español oso eskerturik dago.

Kritika injustu hauen gakoa herri mugimenduaren autonomia eta funtzionamendua ongi ez ulertzean datza. Korrikaren jabetza ez da alderdi politikoena, herriak du ongi irabazitako jabetza. Herri mugimenduak, zehazki AEK-k sortu, hedatu, landu eta garatu duen herri proiektua da. Batzuetan, oraingo aldian adibidez, instituzioen laguntzaz, baina beste askotan inolako babesik gabe, eta urte gehiegitan EAJ alderdiaren boikot bidegabea jasoz. Hala ere, garai guztietan, Korrikaren zuzendaritzak jakin izan du eskuzabal jokatzen, kritika guztien gainetik, euskara eta herri ekimena babesten. Bejondeizuela. Zorionik beroenak!

Aitor Estebanek jakin beharko luke Korrika bat antolatzeak izugarrizko esfortzua eskatzen duela, eta lan gehien-gehiena militantziaren fruitua dela, musu truk egindako lana, alegia. Lekukoa eramatea polita da, noski, baina horretarako aurretik milaka lagunek era guztietako ekarpena egin behar dute. Herriz herri eta auzoz auzo Korrikalagunak egiten, babesleak aurkitzen, furgonetak prestatzen edo gidatzen, ibilbidea diseinatu eta prestatzen... Zenbat ordu? Zenbat ekarpen musu truk eginak? Zenbat ordu militante? Eta hori guztia, bestelako herri mugimenduetan bezala, auzolanean egiten da.

Hemen dator galdera, Aitor Esteban: auzolan horretan, lan isil eta ordaindu gabe horretan, zure alderdiko zenbat kide aritu dira? Zenbat zinegotzi ikusi ditugu, goizeko ordu txikietan, euripean edo elurretan, lan isil eta anonimoa egiten?

Eta hemen dator galdera, Aitor Esteban: auzolan horretan, lan isil eta ordaindu gabe horretan, zure alderdiko zenbat kide aritu dira? Zenbat zinegotzi ikusi ditugu, goizeko ordu txikietan, euripean edo elurretan, lan isila eta anonimoa egiten? Ongi da lekukoa eraman nahi izatea, baina Korrika hori baino asko gehiago da. Zer nahi duzue, Arzalluzek esan ohi zuen bezala: «Batzuek intxaurrondoak astindu ditzatela, guk fruituak bilduko ditugu-eta» jarrerarekin jarraitzea? Herri mugimenduak beste logika bat eskatzen digu.

Korrika, nahi dugun guztiona da eta, beraz, guztion ekarpenak behar ditu. Baina ez da zilegi alderdikeriaz erabiltzea. Herri ekimenak denon esfortzua eskatzen du, eta aldi berean, zor zaion errespetua merezi du. Kritikak bai, beharrezkoak dira, baina ez min emateko edo ekimena desitxuratzeko. Gobernu batek nola esan dezake Korrikan gertatu diren jarrera batzuek «herritarrak euskaratik urruntzen» dituztela? Horrelako baieztapenak iraingarriak bilakatzen dira eta agintari batzuen ahotan oso larriak. Nork egiten du Korrikak baino lan gehiago euskarara herritarrak modu ludiko-afektiboan hurbiltzeko? Ez dut uste hori ere ukatzeko argudio seriorik daukazuenik.

Euskarak egoera larria bizi du, eta ondorioz, guztion atxikimendua eta konpromisoa behar du. Inor ez da sobran. Ari gara susperraldi berri baten bidean urratsak egiten eta badatoz belaunaldi berriak. Besoak zabaldurik, denoi lekua eginez; tipi-tapa, mantso bezain seguru. Motelkeriek ez gaitzatela geldiarazi. Alderdien arteko xextrak ez gaitzala itsutu. Gu bagoaz, bazatozte?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA