Guggenheim Urdaibai Stop plataformako kidea

Guggenheim Urdaibairen eztabaida arlo teknikora murriztea erantzukizun politikoa saihestea da

Eider Gotxi Aurtenetxea
2025eko urriaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak duela gutxi Guggenheim Urdaibai proiektuaren inguruan egindako adierazpenek hausnarketa sakonagoa merezi dute. Adierazpen horietan zalantzan jartzen du Guggenheim Urdaibairen bideragarritasuna epe labur eta ertainean, proiektuak dituen arazo judizial eta administratiboengatik eta deskutsatzeen konplexutasunagatik. Hausnarketa beharrezkoa da: ez esaten duenagatik, ezkutatzen duenagatik baizik.

Horrelako arazo bat oztopo tekniko batzuetara murriztea, funtsean, ihes politikorako modu bat da. Epeei, baimenei edo deskontaminazio konplexuei buruz bakarrik hitz egiteak ingurumenean, gizartean eta demokrazian garrantzi handia duen eztabaida bat kudeaketa burokratikoaren arazo huts bihurtzen du. Horrela, sakoneko galderari heltzea saihesten da: benetan eraiki behar da museo bat Biosferaren Erreserba batean?

Adierazpenetan, aipamenik ere ez zaio egiten 31 herrialdetako 370 zientzialarik baino gehiagok sinatutako manifestuari, eta hori bereziki deigarria da. Dokumentu horrek duen autoritateagatik eta irismenagatik, argudio nahikoa izan beharko luke proiektuaren egokitasuna zalantzan jartzeko. Hala ere, erakundeek nahiago dute oztopo teknikoetan zentratu eta arazoaren benetako funtsa saihestu: Guggenheim Urdaibai proiektua bateraezina da Urdaibaiko Erreserbaren kontserbazioarekin eta haren babes figurak errespetatzearekin. Erabaki publikoak ebidentzia zientifikoan oinarritzen ez badira, zertan oinarritzen dira orduan?

Bestalde, erakundeek sustatutako entzute prozesua aipatzean ere, irmo esaten da erakundeek ez dutela prozesu hori abian jartzeko derrigortasunik. Borondate onez egindako ekintza bat ei da... Prozesuaren lehenengo txostenak argi erakutsi du proiektuarekiko gehiengoaren gaitzespena eta erakundeek izandako gardentasun faltarekiko kritika. Horri guztiari garrantzia kentzea edo prozesua bera formaltasun huts gisa tratatzea keinu guztiz antidemokratikoa da. Are gehiago loteslea ez dela izango berrestea eta azken erabakiak hartzerakoan kontuan izango ez dela argi uztea. Aarhusko Hitzarmenak herritarren benetako parte hartzea bermatzera behartzen ditu instituzioak, ez itxurakeria jokoetara. Herriari «entzuten» zaiola esatea, gero ez entzunarena egiteko, propaganda instituzionala baino ez da.

Proiektuaren bideragarritasunaz hitz egitea, zentzuaz hitz egin beharrean, eztabaida manipulatzea da. Guggenheim museoa Urdaibain eraikitzea egokia, beharrezkoa edo jasangarria den eztabaidatzea saihesten den bitartean, agintariek politikaren eta errealitate sozialaren, desio pribatu eta premia publikoen arteko deskonexio arriskutsua erakusten dute. Arazo teknikoak ez dira ustekabekoak, ez eta saihetsezinak ere: zona babestu batean proiektu bat inposatu nahi izatearen ondorio zuzena dira; izan ere, hasieratik ezagutzen ziren muga legal eta ekologikoak.

Benetako eztabaida ez da ea Guggenheim Urdaibai eraiki daitekeen, baizik eta eraikitzeak zentzurik duen. Eta erakundeek hausnarketa hori saihesten jarraitzen duten bitartean, arlo teknikoa aipatzea erabaki politiko oker bat ezkutatzeko aitzakia besterik ez dela erakusten jarraituko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.