Irakasle ohia

Gure klasikoen ilunaz

2025eko uztailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ederto dago gure klasikoen ederra goraipatzea, baina gure klasikoen ilunaz ere jabetu egin behar dugu. Gurean bere sasoian dotrina bat idatzi zuenari beste inori barkatzen ez zaizkionak barkatzen zaizkio, edukian zein forman. Idaztankerari dagokionez esaterako, askotan erdararen kopiak diren egiturak irakurri behar ditugu, inoiz idatzi ez diren eta ahoz erabiltzen ditugun jatorrizko egiturak, inork aintzat hartu barik, baztertuta geratu eta desagertzen ari diren bitartean.

Nik arantza ez eze ezpata ere sartuta daukat, euskaltzainak zauria osatu-ian eduki edo arazoa konpondu-ian egon lako egiturak zalantzan jarri eta, berak aipatu arte neure buruan existitzen izan ez den -tzeko puntuan, horren ordezko egituratzat bota zidanetik. Mila bider esan nion moduan, seguru nago erdararen eraginekoa den egitura hori (a punto de) guk ez dugula inoiz erabili, esanahi horretarako aditz partizipioa+ian egitura gure artean bizi-bizirik eduki dugulako. Hil-ian eta biziminez artikuluan azaldu nuen ia aditzondo graduatzailetik datorren ian aditz atzizki honekin, guk idxen ahoskatzen dugunarekin sortutako hainbat hitz: loak hartu-ian egon, itzartu-ian egon, hagina jausi-ian eduki edo urten-ian, gaixotu-ian egon edo osatu-ian… Euskaltzainak ez du inoiz entzun eta klasikoek ez dute inoiz idatzi. Hortxe, egitura hori hiztegian ez agertzeko arrazoia. Eta beste asko daude batu barik. Zelan esaten da euskaraz bat despistatuta dagoeneko estar en la luna? Ilargian egon? Ez horixe! Gure euskaran ez, behintzat. Txorraburuko astoaren pentsamenduetan egon, entzun eta esan izan dugu beti gurean. Aipatutako artikuluan adierazi nuenez, Gernikako plazara bendeja saltzen joaten ziren baserritarrek astoari Txorraburuko iturrian ematen zioten edaten, eta esamoldea astoa ura edaten ari deneko atseden uneak iradokitakoa izan daiteke. Erdarazko Babia-renakzein Valentziako ilargia-renakbere historia daukan moduan, gure Txorraburuko astoarenak ere bai. Ilargiaren irudia beste esangura guztiz ezberdinerako erabiltzen dugu gure euskaran. Batek iretargia (ilargia) laba ganean dauka, umore aldaketa izan, eta bat-batean guztiz pozik dagoenean. Jakina da, hizkuntza bakoitzak errealitatea adierazteko bere irudiak dauzka. Euskarak bereak dauzka. Baina sarri askotan euskaraz gabiltzalakoan erdaraz gabiltza, gure hizkuntza gure lehenengo klasikoetatik hasita guztiz menperatuta egon delako eta dagoelako. Eta egon aditza bera, zenbat esanahi ezberdinetarako erabiltzen dugu guk? Ha dau (dago) egotekoa!esaten dugu erdarazko vaya pieza está hecho! esateko. Neu egon naz, ba! esaten dugu susmatzen izan dugun zerbait baieztatzen denean, erdaraz ya decía yo! Hitzari zentzu bat edo beste, esaldian jartzeko moduak eta hitz horri laguntzen dioten beste hitzek ematen diote. Eta zelan esaten da euskaraz comer hasta reventar? Lehertu arte jan? Ez horixe! Gurean jaten itoak egin esan dugu beti, eta barreka itoak egin (morirse de risa). Nik ez ditut gure klasikoak behar gure arbasoetatik datozen adierazpide horiek eta gehiago euskara direla eta gure hiztegietan agertu beharrekoak direla jakiteko. Gure klasikoek erdararen menpean idatzi dute beti, eta gaitegi aldetik ere guztiz murritza da idatzi dutena. Euskal Filologian irakasle izan genuen Gotzon Garaterekin gure klasikoak irakurtzen genituen, baina euskara bizirik dagoen baserrietako euskaran arreta jartzeko esaten zigun beti, eta bera baserririk baserri ibili zen esaera zaharrak, hitz eta esamolde asko batzeko. Jesuita zen, munduan ibilia, eta hainbeste hizkuntza zekizkiena, baina euskararekiko sentiberatasun eta maitasun itzela zeukan (Kepa Altonagak, bere gustukoak izan ez eta, purismoaren aurkako bere azken lanean aipatu dituen beste euskal jesuita bikainen moduan). Zer egin behar dugu? Gure arbasoen euskara oraindino bizirik dagoela ezabatu? Desagerrarazi? Ez, ez eta ez.

Eta edukiari buruz, zer esan? Itxaro Bordak ederto esan zuen Miranderi buruz egunkari honetan (X) izenburuaz maiatzaren 10ean. Eta hain urrun joan barik, guztiz goraipatua den gaur eguneko gizonezko idazle batekin gertatu zitzaidan, bere hasierako literatura jarraitzen nuela, bere geroagoko literatura ezin jarraitu, emakume helduak agertzeko zuen modua ezin nuelako jasan.

Eta beti hain goraipatua izan den Axularri buruz, zer? Gure lehenengo prosalaria eta guztiz trebea izateak itsutu egiten gaitu? Askotan entzun dut halakoak barkatzen, justifikatzen zein zuritzen, lehenagoko denboretakoak direla eta, baina hori ezin daiteke izan emakumearen aurka horrela egiteko justifikazioa. Etxeparek mende bat lehenago idatzi zuen, baina ez zuen halakorik egin, emakumearen alde idatzi baino.

Axularren Gero era penitentean irakurtzen nuen bitartean, neure buruari galdetzen nion: Zer egiten dut emakumearentzat iraina baino ez daukan idazlearen liburua irakurtzen? Emakumea ez irakurletzat ez gizakitzat hartzen ez duen idazlearen liburua irakurtzen? Emakumea gizonaren gaitz guztien iturri izendatzen duen idazlearen liburua irakurtzen? Axularrek emakumeari buruz dioena larria da, barkaezina, onartezina, abadeak daukan jostatzeko modua, lujuria eta gorrotoa dariola, bost zentzumenetatik sartzen den emakume deabruaren kontra. Jakina, inoiz ez dut entzun ez irakurri horri buruzko kritikarik. Hori normala da? Ez, ez da normala, baina bai bizi garen munduaren adierazgarri. Eta zenbat emakume izan dira historian abadearen neskame, hari ezetz esatea Jainkoari ezetz esatea zelakoan? Zenbat gehiago sufritu behar du emakumeak emakumea izateagatik?

Eta ankerkeriak betiko dirau. Munduan lehen eta orain ar alfa baten azpian jarraitzen dugu: Axular, Netanyahu, Trump, Putin, bizitza pribatuan, komunitateko batzarrean, lanean, literaturan (sarritan emakumeak idatzitakoan ere bai), kulturan…

Eskerrak gurean emakume batzuk ilunpetik agertzen hasi zitzaizkigula. Eskerrak Aiora Renteriaren Elektrizitatea lako argi izpi eder indartsuak agertzen hasi zitzaizkigula. Nik kantuaren jatorrizko bertsioa, bakarkako hasierakoa dut askoz gustukoagoa, Aiora Renteriak, musika izar baten indar hilezinaz, harmoniaz eta pasioz beteko zeru-lurrak sortzen dituenekoa. Bai, ea behingoz ilunpetik irten eta esan dezakegun: «Eguzkidxek urten dau!»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.