Gure txokoa

2022ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Natura zaindu eginbehar da, natura zaintzea pertsonak zaintzea delako. Eta begirada hori, berdintasunarena bezalaxe, politika publikoetan transbertsalki txertatu behar da, edozer kudeatzen dela ere, izan azpiegiturak edo izan gizarte politikak. Horretan sinesten dugu Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuan, eta hartara, natura babestea, gure erabakien muinean ez ezik, gure begiradaren horizontean ere badago.

Gaur egun, badakigu ingurunean duen eragina kontuan hartzen ez duen politika publiko bat, asmo handikoa eta berritzailea bada ere, politika publiko txarra dela. Badakigu kontu ekonomikoetan oinarrituta ingurumen erantzukizunak saihesten dituzten argudioak guztiz okerrak direla. Hatzari begiratu eta ilargia ez ikustea bezala da.

Lurraldebusen bederatzi urte daramatzagu, adibidez, autobus hibridoen flotarako trantsizioan: gutxiago kutsatzen dute eta ingurumena gehiago errespetatzen dute. Badakigu garraioaren sektoreak sortzen dituela berotegi efektuko gasen atmosferarako isurien guztizkoaren %25, baina, halaber, badakigu salgaien garraioa beharrezkoa dela industriarako edo ekonomiarako, pertsonen garraioa bizitzarako beharrezkoa den bezalaxe.

Nolanahi ere, ezinbestekoa da garraio sistema eta flota bera hobetzen jarraitzea, herritarrek ahal denean ibilgailu pribatua erabil ez dezaten. Eta askotan izaten da horretarako aukera. Auto bakoitzaren batez besteko okupazioa 1,2 bidaiarikoa da ibilgailu bakoitzeko, bost plazako eskaintza baterako. Aldiz, autobus batek 65 plaza eskaintzen ditu ibilbide luzeko lineetan, eta 120 plaza autobus artikulatuetan.

Gipuzkoako garraio publikoko sarea erabiltzea, gainera, gure herri eta hirietan espazioa hobeto banatzen laguntzea da. Ondo dakigunez, autoak dena hartzeko joera du. Kalkuluen arabera, hiri espazioaren %70 errepideetara, aparkalekuetara, galtzadetara eta horien gisako beste azpiegituretara bideratzen da. Espazioa birplanteatzeak gure mugitzeko modua aldatzea dakar.

Lurraldebusen flota eguneratzeko apustuari eusten diogu, nahiz eta, logikoa denez, pixkanaka ari garen. 2013an hasi ginen, lehenengo lau autobus hibridoak erosita, eta 2040an amaituko da, orduan erosiko baitira flota osatuko duten azken unitateak, zenbait diesel unitaterekin konbinatuta. Gaur egun, gure 249 autobusetatik 64 dagoeneko hibridoak dira, eta urte amaierarako 74 izango dira. Izan ziren ikuspegi honen aurka azaldu zirenak bere garaian, baina orain etorkizun argia da.

Alabaina, mugikortasun jasangarriko politika sendo bat beste hainbat norabidetako ekintzetan oinarritzen da: mugikortasun ziklista sustatzea edo pertsonentzako pentsatutako garraio sisteman sakontzea, esaterako. Izan ere, pertsonak eta haien beharrak gure politiken erdigunean jartzen ditugunean bakarrik balio dute benetan politikek pertsonentzat.

Gipuzkoan urte asko daramatzagu garraio sistema lantzen, eta, 2013az geroztik izan dugun adostasunari eta egindako lan onari esker, kanpoko aintzatespena jasotzen hasi da; eta horrek poza ematen digu. Sistema horrek, Mugi sistemak, gure herritarren bizitza hobetu du, beti ekitatea izanik erabaki guztiak hartzeko oinarri.

Izan ere, loturak txartel bakarrarekin konektatzeari esker, munduko gure txokoa leku konektatua da, gaur egungo bizimoduak behar duen moduan, eta leku jasangarria, planetak behar duen moduan. Orain, norberari dagokio erabakitzea nola zaindu nahi duen bere txokoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.