Joseba Azkarraga Etxagibel.
EHUko irakaslea

Habermasen osteko aroa

2026ko martxoaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi eguneko aldearekin hil ziren Jürgen Habermas filosofo-soziologo alemaniarra eta Mercedes, gure ondoko bizilaguna. Habermasek 96 urte zituen, Mercedesek 93. Biak izan ziren haur gerrak eta faxismoak kolpatutako munduan. Europak bere miseria propioei begiratzen ikasi behar izan zuen garaian.

Mercedesen hiletan, bere senar Juanitok halaxe esan zigun, hunkituta eta malkoei biderik mozteko asmorik gabe: «Elkarrekin egon gara ia beti, hirurogeita hamar urtetik gora. Bera ama barik geratu zen eta ni aita barik. Halaxe elkartu ginen». Juanitok esana zidan alkate errepublikanoa zuela aita, Zamorako herri batean, eta faxistek fusilatu zutela. Ama bakarrik geratu zen bost seme-alabarekin, Juanito zen anaiarik zaharrena. Gutako gehienok nekez imajina dezakegu zer izan zen hura: pobreziak janda, komunitate-sareak hautsita, gerrako galtzaileentzat umiliazioa instituzionalizatuta. Alde egin behar izan zuten herritik. Behin aitortu zidan, berezkoa duen goxotasunaz, ez dela inoiz bere jaioterrira bueltatu.

Zauri goiztiar sakon horietatik eraiki zuten ibilbide partekatua Mercedesek eta Juanitok, Euskal Herrian egin ere: lana, isiltasuna, elkarrekiko zaintza, seme-alabentzat onena… Oro har, bizitzan gora egiteko ahalegin saiatua. Familia umiletan inbokatzen dira sarri bizi-gidoirik exijenteenak seme-alabentzat: ikasi karrera bat, ekin, igo gorantz, konkistatu guk inoiz bisitatu gabeko estatus lurraldeak. Bizitzatik erauzi nahi baita zauria. Hauskortasuna da aldendu beharreko demonioa.

Habermasek, funtsean, bere obra guztian zehar belaunaldi berberaren sakoneko galderari erantzun nahi izan zion: zelan berriro elkarrekin bizi basakeriaren ostean. Erantzuna hitzetan topatu zuen. Europa suntsitu zuen indarkeriaren aurrean, gizandreok elkar uler dezakegu hitzaren bidez, arrazoia erabiliz, argudioak eraikiz, indartuz prozesu dialogiko eta deliberatiboak. Pertsonok solaskide berdintzat hartzen dugunean elkar, eztabaidatu dezakegu, ados jarri, konbentzitu eta konbentzitzen utzi. Argudio bidezko trukean —ez indarrean— oinarritu beharko litzateke jendarte demokratikoa.

Alegia, modernook ez dugu zertan izan tximino bera, arma gehiago eskuetan. Habermasen ustean politikak ez zuen zertan izan gerraren jarraipena beste bide batzuetatik. Hitzek indarkeriari pixkanaka kendutako espazio horixe izan zitekeen politika. Deliberazio publikoan zuen konfiantza erraldoiak bihurtu zuen gerraosteko europar sozialdemokraziaren intelektual handia. Europak ere etorkizun horretan aurkitu zuen bere itsasargi moral-politikoa: demokrazia parlamentarioa, kapitalismo arautua, eskubide sozialak, aurrerapen partekatua. Bazirudien kapitalismo izeneko piztitzarra otzandu zitekeela.

Digitalizazio azeleratuak esfera publikoa zatikatu eta desitxuratu du, eta patriotismo konstituzional habermasiarra sarri erabili da Estatuen marko konstituzionalak blindatzeko, estaturik gabeko nazioen sakontze demokratikoaren kaltetan

Baina arrazoi modernoa susmopean egon zen baita egitasmo horren unerik gorenean ere. Max Weberrek aurreratu zuen modernitateari anbiguotasuna zeriola: arrazionaltasunak bazekarren norbanakoak menderatze zaharretatik askatzeko aukera, baina aldi berean handiagoa zen burdinazko kaiola batean gatibu geratzeko arriskua. Ondoren, Frankfurteko Eskolakoek ez zuten ezkortasuna batere disimulatu: Auschwitz-en ostean, Adorno-k eta Horkheimer-ek argudiatu zuten arrazoi modernoak ondoegi ikasi zuela dominazioaren alde egiten. Diagnostiko ilun horren aurrean, Habermas etorri zen, modernitatearen promes emantzipatzailea berreskuratzeko.

Ikasle nintzela ezagutu nuenetik, itzela egin zait Habermasen sofistikazio intelektuala. Ordea, gaur ez du askorik kotizatzen bere unibertsalismo ilustratuak. Munduak elkarrizketa suntsitzen dihardu, eta kapitalismoak gero eta gutxiago du otzandu daitekeen piztiaren traza. Korporazio globalek demokraziaren oinarriak higatu dituzte, arrakalak aberatsenen alde gordinki zabaltzen diren bitartean. Eta ezin ahaztu Europako lorategi demokratikoak eraiki zirela sakeo globala lagun. Digitalizazio azeleratuak esfera publikoa zatikatu eta desitxuratu du, eta patriotismo konstituzional habermasiarra sarri erabili da Estatuen marko konstituzionalak blindatzeko, estaturik gabeko nazioen sakontze demokratikoaren kaltetan. Eta bere teoria normatiboak ez zuen bere baitan hartu feminismoak agerian jarritako botere-asimetriak.

Are, piztitzarrak gaur bizitza bera du mehatxupean. Klimaren hondamendia, baliabideen agortzea eta ekosistemen suntsitzea ez dira ondo dabilen sistemaren albo-kalteak, logika espantsibo mugagabearen emaitza baizik. Eta, arma nuklearrez gainezka, mundua berriz ere gerra hotsez bete da. Tximinoarena egiteko irrikaz gaude, antza.

Panorama latzaren aurrean, zilegi da pentsatzea, noski, gatazkak konpon daitezkeela argudio onenaren bidez, baina ia fede modu bat dirudi, tamalez. Bere azken urteetan, Habermasek berak ere ez zuen ezkutatu malenkonia. Philipp Felsch historiagileari aitortu zion: «Gaur egun, bizitza osoa eskaini diodan hori guztia desegiten ari da urratsez urrats». Ez da soilik intelektual baten dezepzioa. Aldi berean da historia otzandu zitekeela sinesten zuen belaunaldi baten nekea.

Juanitok ez zigun hitz egin teoriez edo sistema politikoez, bere andrearekin partekaturiko bizitzaz baizik. Galera, lana, zaintza eta biziera soil bezain duina ardatz izan zituen elkarbizitzaz. Beharbada emantzipazioa gertuago dago mikro-politika horretatik, arkitektura intelektual handietatik baino, pentsatu nuen. Ez da arrazoimenaren behin betiko garaipena. Ez da erabat berdinak diren herritarren arteko adostasun unibertsala. Askoz hauskorragoa den zerbait da: munduak nahitaez indarkeriara edo etsipenera garamatzala dirudienean ere, elkarrekin bizi eta elkar zaintzearen aldeko erabakia. Gizakiok, desesperantzak desesperantza, erabat amore ez emateko dugun temakeria. Beharbada, mikro-hautu horietatik eraiki daitezke historiaren norabidea aldatuko duten makro-egitasmoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!