Maindireak zertxobait mugiarazten zizkion haizagailu xume bat zuen bueltaka gelan, azken lore-hostoei haize egiten. Saindu baten koadroaren begiradapean, eguerdiko zarata motela.
Usain astuna eta eskularru sanitarioak balde baten ertzean.
Begi urdinak zertxobait ireki zituen gure ahotsa ezagutu zuelarik. 40 gradutik jaitsiak ziren tenperaturak, eta eman zigun horrek azken agur baten abagunea, baina, ordurako, munduaren zama gehiegizkoa zitzaion, baita maindire batena ere.
Egun hauetan bero latza egina zuela erran nion gelan bakarrik gelditu ginelarik, zerbait errateagatik, eta berak baietz. Eta hitz horiekin bueltaka gelditu zen ahoan, eskua kopetan, «sĂ, sss, demasiado calor… demasiado calor… demasiado calor», bero handiegia. Gero, bertze kiribil batean kateatu zen haren pentsamendu nahasia, hondartzaz zerbait, baina ez zitzaion ulertzen. Joan zen hondoratzen pixkanaka pertsianen argi-itzaletan, begiak apaltzen, haizagailuaren zaratan, 70eko hamarkadatik izan den ekainik beroenean. Jada ez du gure mundua ongi harrapatzen esaera zahar hark: «Ekaineko lur busti, gure aita negarti». Baina gure aita negarti.
Ez zuen autorik inoiz izan. Lurraldebusen joaten zen ahizparen bisitan. Ez zuen urrun bidaiatu sekula. Etxe azpiko pastelak maite zituen berak, hori bai, eta irri errazekoa zen. Teleberriko klima aldaketaren eta izotz pusken irudiak zertxobait urrunak gelditzen zitzaizkion, bihotz hura ilobentzat bazuen ere. Aerotermia ere ez zuen entzuna, baina, edonola ere, garestiegi litzaioke. Ez zuen izan hotzaren pribilegiorik. Segur naiz bere pisua pospolo kaxa bat zela udan, karrikak su direlarik. Batez ere gauetan, leihoetatik itxaropen boladarik sartzen ez delarik.
Hirian ere badira-eta haizagailuak, baina txikiegiak dira ikusteko. Arrosaren izena zuen. Ez zekien euskaraz. Bere semearen hiletan eman nion besarkada bat azkenekoz. Egiazko maitasunik bazen bertan, injustizia epistemiko txikien orbanekin: Leonard Cohenen kanta bat aukeratu zuen semearen errausketaren momenturako, nahi gabe. Berez bertze zerbait nahi zuen, baina ez zuen jakin bereizten Cohen eta Laboa tanatoriokoak galdetu ziolarik.
Berak ez daki zergatik joan den, itzaletako arrosak ere kiskali dituen ekain honetan. Ez zekien beroak bultzatu dezakeela kantauriar isurialdean ere, maindirezko amildegietan behera. Ez da joan. Guk denok bultzatu dugu. Eta, orain, nola banatzen da arduragabekeriagatiko homizidio baten kondena milaka pertsonaren artean? Klima atzerakeriak, gutxienez, kondenagarria behar luke.
Uste dut berak eta ingurukoek merezi zutela zerbait duinagoa, ez telebista ondoan izaten zituen maitasun eleberri horietakoa bezain gogoangarria, baina gelako haizagailu txiki bat baino zerbait gehiago. Guk denok gure zilborretik edo etxe ondoko lorategitik haratago begiak altxatzea behintzat merezi zuen, azaleko biktimismoa uztea, denok baitugu autoaren atzean zuloa.
Hirian ere badira arrosak. Bilbon, Donostian edo Arrosadiko kebab baten gaineko balkoietan.
Haientzat ere egin behar dira politikak eta azpiegiturak. Apalategian saiakerarik ez dutenentzat. Gure batzarretara etorri ez, baina «demasiado calor» erranez joaten direnentzat.